GARA > Idatzia > Zirikazan

Josebe EGIA

Estereotipo pare bati buruz

Gaurko honetan estereotipoen erorialdia zuekin konpartitzera nator. Mitikoak, herrikoiak, kutsu matxista dutenak edo emakumea kanpoan uzten dutenak.

Alde batetik, «Maritxu berritsu» esakuneak laburbiltzen duena daukagu, hau da, emakumeok gizonezkoek baino joera handiagoa daukagula hitz egiteko. Amaierarik ez duen hitz-jarioa omen da gure ezaugarrietariko bat, bi hitzetan esan daitekeena beste bostehun ele gehiagoz hornitzea, alegia. Gizonezkoek, ordea, di-da batean komunikatzeko ahalmen miresgarria omen daukate, hitz gutxitan dena konpontzekoa.

Bada, Ameriketako Estatu Batuetan egindako ikerketa luze eta serio baten ondorioz, «Maritxu berritsu» ondo baino hobeto izan liteke «Andoni, Peru edo Josu berritsu». Izan ere, egunaren bukaeran botatzen dugun hitz kopurua oso antzekoa da, 16.215 bat, hain zuzen. Beraz, ez da egia emakumeok hirukoiztu egiten dugunik hitz kopurua emakume izategatik eta etengabe gure ahotsa entzutea gustatzeagatik. Pertsona bat hiztuna den ala ez da gakoa, bere sexua edozein dela ere. Hona ikerketa horren ondorioetariko bat, esandakoaren adibide garbia: gehien hitz egiten zuten hiru pertsonak gizonezkoak ziren -45.000 hitz-, baina baita gutxien hitz egiten zuena ere -500-.

Beste gauza bat da, hori bai, hitz egiten dugunaren edukia. Antza denez, oraindik ere gizonek uki edo ikus daitezkeen gauzei buruz hitz egiten dute gehienbat, eta emakumeak pertsonon arteko harremanei eta sentimentuei buruz aritzen gara, neurri askoz handiago batean. Hala ere, jendartean bultzatzen ditugun baloreekin batera egitate hau aldatzen ari dela iruditzen zait, baita aldatu egiten dela ere gizona gizonekin ari denean edo emakume batekin ari denean. Pertzepzioa begi-bistako zerbait bihurtuko delakoan nago, itxaropenez, ados egongo baitzarete gauza bat kantitatea dela eta beste bat kalitatea, ezta?

Beste alde batetik, eta kantitatea alde batera utzi barik, beste ikerketa batek argi utzi du emakumeok ere amets erotikoak barra-barra edukitzen ditugula, gizonezkoen kopurua berdinduta. Amets mota ezberdinak, baina apeta sexualak denok ditugula adierazten dutenak, finean.

Betidanik, arlo hau gizonezkoen urrezko eremua izan da, sexuak euren pentsamenduen eta ametsen ehuneko altu bat betetzen duela, alegia. Beti izan da horrela eta espeziearen ezaugarritzat onartu da inongo arazorik gabe. Emakumeok, berriz, sexualitatearekin arazo gehiago izan ditugu, era askean eta osoki bizitzeko: birjintasuna, garbitasuna, amatasuna eta halako idealen mende egon gara luzaroan. Ondorioz, badirudi sexuak ez duela gure buruan lekurik, ez duela garrantzirik guretzat, ez dela plazer iturri bat.

Baina estereotipo zaharkitu bat besterik ez da. Egun, emakumeok amets erotikoak edukitzeaz gain, gizonek bezalaxe gaiari buruz hitz egiten dugu -horra hor gure hitzen edukietariko bat-. Batzuek gehiago, beste batzuek gutxiago. Hemen ere, izaera kontua da gakoa, eta pertsonaren sexuak zerikusi gutxi dauka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo