GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

SEGI-ren udako gazte eskolak

Kapitalismoari pitzadurak sortu, estatua eraiki

Auzitegi Goren espainolak Segi terroristatzat jo arren, gazte erakundeak ez du bere jardunean amore eman. Are gehiago, azken egunetan haren bizitasunaren ispilu bilakatu diren Udako Gazte Eskolak egin ditu. Lau egunez ehunka gaztek Euskal Herriko errealitatea aztertu eta etorkizuneko lan ildoak zehaztu dituzte.

p008_f01.jpg

Urtero bezala, aurten ere ehunka gaztek ez dute hutsik egin Segi gazte erakundeak antolatutako Udako Gazte Eskoletan (UGE). Asteazkenean hasi ziren, eta atzo amaitutzat eman zituzten 300 lagun inguru bildu dituzten eskolak.

Bertaratutako batzuen lehenengo gazte eskola izango zen aurtengoa; urduri joango ziren hitzordura, eta ziur asko, lau egunak apur bat lotsatuta eta lan-taldeetan isil-isilik igaro dituztela. Beste batzuk ordea, hamaika bizipen bizitakoak, euren herri eta auzoetako esperientziak trukatzeko irrikaz joan dira UGEra, lan talde horietako dinamizatzaileen salbaziorako. Baina denek ala denek eduki dute zer ikasi: helduenen esperientzia, gazteenen ilusioa... Atzo, autobusean sartu, eta gazte eskola atzean utzi zuten. Baina euren herrira beste esperientzi eta pertsonengandik ikasitakoa eraman zituzten.

Urtero egiten duten ekimen hau Segiren osasunaren isla bilakatzen da. Ezin ahaztu, joan den urtarrilean, Auzitegi Goren espainolak Segi gazte erakundea terrorista izendatu zuela eta Ertzaintzak 22 kide bahitu zituela. Baina, hala eta guztiz ere, horrek guztiak ez dirudi eragin handirik duenik gazte erakundean; antolatzaileen esanetan, aurtengo edizioa besteak bezain «oparo eta ugaria» izan baita.

Segiren osasunaren islaz harago, Euskal Herriaren aldeko borrokaren isla ere badela deritzote antolatzaileek; eta haien aburuz, «borrokaren zilbor-hesteek» ez dute etenik. Urtero ugariak dira gazte erakundean txertazen diren belaunaldi berriak, eta hori gure herrian ezaguna den abesti baten hitzak berretsi besterik ez du egiten: «Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak...».

Lau egunez, Euskal Herriko txoko orotatik etorritako gazteak egungo errealitatea aztertzen, gertutik bizi dituzten gazteen arazoak arakatu eta etorkizun oparoago bat marrazten aritu dira. Hori bai, eztabaida eta hausnarketez harago, jolasen bidez, giro alaian, gazteek elkar ezagutzeko eta harremanak sendotzeko beta ere hartu dute.

Antolatzaileek «oso emankortzat» jo dute aurtengo edizioa. Datorren ikasturteari begira, gainera, aurretiaz eta lau egunez eztabaidatzeak dakarren patxadarekin, aurrera begirako lan eta erronkak finkatu eta hitzartu dituztela adierazi dute.

Gazte erakundeak ez du inolako asmorik zerura begira eta eskuak gurutzatuta Estatu espainolari eta frantsesari begira gelditzeko. Alta, orain arte egin bezala, euren herria, Euskal Estatu deitzen dutena eraikitzeari ekingo diotela berretsi dute. Gainera, independetzia eskuratzea Segiren xedea bada ere, «independentzia edukiz bete» nahi dutela adierazi dute. Gazte erakundeko kideen ametsa kritikotasunean, parekidetasunean, kolektibotasunean... oinarritutako herria da. Eta amets hori egunez egun betetzeko asmoz, eraldaketa soziala jo dute borrokarako lehentasuntzat.

Eraldaketa soziala lehentasun

Eraldaketa sozialaz ari direla, Segik zehazki zer eraldatu nahi duen itaundu dugu, eta aho batez eraldatu beharrekoa sistema kapitalista dela erantzun du. Gazte erakundearen ustez, «gutxi batzun interes ekonomikoetan» oinarrituta dago egungo sistema. Gainera, gizartearen funtsezko eskubideak «negozio bihurtu» direla eta eskubide horien urraketa «aberastasun iturria» dela salatu du. Horri guztiari aurre egin nahi dio Segik, eta horretarako «sistema kapitalista mantentzen duen makineria osoa» eraldatu behar dela deritzo.

Eliza, hezkuntza sistema, emakumea zapaltzen duten modak, etxebitzaren alorrean gertatzen den espekulazioa edota gure herrian eraiki nahi duten AHT eta 2x2 proiektuak, besteren artean, «makineria» horren parte direla uste du Segik.

Lau eguneko eztabaida beroen ostean, akordio bat hartu dute gazteek, eta etxebizitza hautatu dute lehentasunezko arlo gisa. Segiren ustez, gazteriak «era gordinean» bizi du etxebizitzaren arazoa, eta, horregatik, etxebizitza eskubidearen aldeko borroka «sistema kapitalistari eman dakiokeen aizkorakada zorrotzena» dela uste du.

Hala eta guztiz ere, Segiko kideek ez dute inolako asmorik bestelako arloak alboratzeko. Horiek hala, AHT, 2x2 edo OGM gisako proiektu txikitzaileak eta unibertsitate munduan ezarri nahi duten Bologna Prozesua geldiaraziko dituzten fronteak abian jarriko dituzte.

Azken urteetan gazte erakundeak landu duen balio askatzaileen borroka eraldaketa sozialean sartu du Segik. Haren ustez, balio iraulketa gabe ezin baita gizarte aske bat eraiki.

Segiren aburuz, sistema kapitalista mantentzeak ezinbestekoak ditu indibidualtasuna, lehiakortasuna edota matxismoa gisako balioak. Era horretako balioetan hezitako pertsonei eskubideak zapaltzen ahal baitizkiete, haren ustez. Segik balio horiek «zapaltzailetzat» jotzen ditu, eta horien ordezkoak diren «balio askatzaileen alde» lan egiten jarraituko duela ondorioztatu du aurtengo UGEn. Ikasturtean, parte-hartzea bultzatzen duten herri jaiak, sexualitatea edota kultura landuko dituztela adierazi dute erakundeko kideek.

Mugimendua helburu

Helburuetatik harago, xede horiek erdiesteko moduak ere zehaztu dituzte lau egun hauetan. Gazte mugimendu osoa bilduko duen «olatu indartsu eta handi bat» sortzeko hautua egin du Segik, eta, gainera, euren indarrak bertan inbertituko dituztela hitzartu dute.

Gazte erakundearen ustez, bakoitzak bere eremuan jardun behar du. Ikastetxeak eta gaztetxeak borrokarako esparru bilakatu, eta sistema kapitalistari «pitzadurak» sortuko dizkion gazte mugimendua eratu nahi dute. «Zabala eta askotariakoa», halakoxea nahi dute.

Harresiak bota eta independentzia irabazi. Horixe da gazte erakundeak erabili duen leloetako bat, eta horixe da bere xedea. Egungo sistema, erakundearen ustez, «gazteen eskubideak ukatu eta zapaltzen dituzten harresiez beteta» dago. Orain, banaka-banaka, harresi horien atzean dauden «erantzuleak ikusaraziko» dituzte. Horretarako, egungo esparruak gazteei eragiten dien gatazkak kaleratuko dituztela esan dute.

Baina, esan bezala, ez dute Estatu espainolari eta frantseari begira minutu erdia ere galdu nahi, eta, hortaz, Euskal Herria eraikitzeari ekingo diote, arloz arlo eta atalez atal.

Lau egunen ostean, Segiko militanteek atzean utzi dute aurtengo gazte eskola. Orain, euren txanda heldu da, ikasitakoa partekatu eta euren herriaren edo auzoaren araberako planteamenduak gauzatzeko garaia da. Herriz herri, auzoz auzo, Euskal Estatua eraikitzeko garaia, hain zuzen ere.

Oihana LLORENTE

independentzia eta sozialismoa iparrorratza izan arren, orain Bildu eta erabaki

Segiren azken xedea independentzia eta sozialismoa eskuratzea den arren, egungo errealitatetik abiatuta lan egin behar dela argi du. Alde horretatik, egungo esparruak gazteen eskubideak ukatzen dituela salatzeaz gain, proposamen zehatz batekin lan egingo du datozen hilabeteetan. Batasunak aurkezturiko autonomia politikoen proposamenarekin, hain zuzen ere.

Batetik, Nafarroa Garaia, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa eta, bestetik, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea biltzen dituzten eta erabakitzeko eskubidearen jabe diren bi autonomia politiko proposatzen dira. Alde horretatik, proiektu politiko guztiak defendagarriak izango diren esparru demokratiko bat erdiestea aurrez ikusten dute.

Gazte erakundearen iritziz, independentzia da gazteriaren arazoak konponduko dituen proiektua, baina hori lortzeko, erabakitzeko eskubidea jasotzen duten autonomia politikoak beharrezkoak jotzen ditu Segik. O.L

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo