Bainujantziaren bilakaera
Ehun deseroso ilunetik oihal deigarri ttipira
Gehienek dugu baten bat etxean. Erakusteko baina aldi berean estaltzeko dira. Laranjak, hori elektrikoak, gorri biziak, beltzak edo bertze edozein koloretakoak daude; estanpatuak dira anitz, eta bertze anitzek harriak, harribitxiak, kristalak edo kateak dituzte zintzilik. Aspaldi honetan atzenduta egon dira armairuan, baina badirudi ailegatu dela eguzkitara ateratzeko ordua.
Maider IANTZI
Irungo Colon pasealekuan dagoen Calzedonia bainujantzi dendan sartu ginen, gorputza erakusteko eta tapatzeko diren arropen azken moda ezagutzeko asmoz. Udakoak baino gehiago udazkenekoak ematen zuten egun horietako batean izan zen. Bizpahiru aterki zeuden ate ondoan utzita, eta barrenean bertze hainbertze pertsona esekitako arropa koloretsuei begira. Neska bati bikiniaren goiko aldea hondatu zitzaion eta azpikoarekin ibiltzeko moduko oihal berria bilatzen zuen, goiko edo beheko aldea bakarrik erosteko aukera ematen baitu Italiako bainujantziak saltzen dituen kate horrek. Hala, bezeroak nahi duen bezala konbinatzen ahal ditu neurriak, koloreak eta modeloak; bularrean neurri bat eta aldakan bertze bat duten emakumeek ez dute zapuzteko arrazoirik. Betegarriak bereiz saltzen dira, eta silikonazkoak ere badaude, uretarako egokiagoak. Aurtengo berezitasunez galdetuta, oihal deigarriak eta ttipiak gailentzen direla azaldu zuen Cristina saltzaileak. Ez kuleroak eta ez tangak, tartekoak ikusten dira sarri erakusleiho eta katalogoetan, brasildar estilokoak. Nahiz eta erostera ausartzen direnetako anitz kanpokoak izan, bertakoak ere animatzen hasiak direla adierazi zigun langile gazteak.
Ehun estanpatu ugari dago uda honetan, eta ez dira gutiago harriak, harribitxiak, kristalak, kateak eta bertzelako apaingarriak. Jantzi beltz klasikoak ere badira, baina kolore distiratsu eta deigarriak dira nagusi: laranja, hori elektrikoa, gorri bizia, pistatxo berdea, urrea, metala... Estatu frantseseko bezero pila bat izaten dute Irungo dendan, eta kolore deigarri horiek eta estanpatuak maite dituztela baieztatu zigun Cristinak. Gizonezkoek slip estuak erabili ohi dituzte.
Neska gazteek gogokoen duten jantzia bikinia da, nahiz eta aurten jende ugarik hautatu duen bainujantzia. Trikinia bi horien nahasketa harrigarria da; 70eko hamarkadan arrakasta itzela izan zuen eta denboraldi honetan ere indartsu dago. Bizkarra eta gerrialdea agerian uzten ditu, irekidura handi asimetriko eta biribilekin, eta hondarrezko erlojuen silueta ekartzen du gogora. Liraindu egiten du, bainujantziaren dotorezia eta formen perfekzioa eta bikiniaren sentsualitatea elkartuta. Gainera, orbainak estaltzeko baliagarria izan daiteke. Alde txarrik ere badu: eguzkia hartu ondotik arrastoak gelditzen dira gorputzean. Horregatik, Cristinak azaldu zigunez, jendeak bikiniarekin beltzarandu eta gero erosten du trikinia, gutizia modura. Modako jantzi berrietako bat skirtinia da, azpialdean parpailak dituen bikinia, gona itxurakoa. Tanga jende gutik aukeratzen du.
Gizonei dagokienez, gazteek hagitz gustuko dituzte belaunetarainoko galtza luzeak, eta ongi saltzen ari dira; helduagoak direnek, berriz, nahiago dituzte motzagoak. Haurren modeloak helduenen antzekoak dira: «Neska ttipiak amarekin etortzen dira normalean eta bikinia erosten dute, goiko aldearekin eta guzti. Zenbat eta parpaila gehiago izan, orduan eta gustukoago dituzte», kontatu zigun Irungo saltzaileak. Adineko emakumeek kulero altuak erabiltzen dituztela erran zigun, eta gortinak dituzten ehunak bularrean, eguzkia hartzerakoan nahi bezala estutu edo lasatzeko.
Osagarri pila bat ikusi genuen Calzedonian, kolore eta mota guztietakoak: ohiko pareoak, baita galtzak, gonak eta pontxoak ere, bikiniaren edo bainujantziaren gainean paratzen diren short motzak eta minigonak, soinekoak, petoak, zapiak... Haurdun dauden emakumeentzat, kuleroarekin heldu diren gonak eta kamisetak hagitz erabilgarriak izan daitezkeela ohartarazi zigun Cristinak. Materialari buruz, likra hobetu dutela azaldu zigun, baita ehuna ez ugertzeko eta alergiarik ez sortarazteko babesa handiagoa dela jakinarazi ere.
Argalak, konformatzen zailagoak
Iazko urrian ireki zuten denda, eta hilabete geroago hasi zen Cristina gaztea lanean, galtzerdiak saltzen. Bainujantzien lehenbiziko denboraldia du hau, beraz. «Askoz ere zailagoa da bikiniak eta bainujantziak saltzea beste edozein arropa baino, gorputza gehiago erakusten delako eta akatsak gorde nahi izaten direlako. Argalak konformatzen zailagoak direla esango nuke, gehiago kostatzen zaie gustura sentitzea. Bestalde, uda honetan hain eguzki gutxi izan dugunez, oso zuri ikusten dugu geure burua», azaldu zuen. Bi egunetik behin aldatzen dute erakusleihoa eta, horri esker, herritarren arreta bereganatu eta gehiago saltzen dute.
Noizkoak dira dendetan hain ugari diren bainujantzi koloretsuak? Noiz hasi zen gizakia bainatzen? Nola egiten zuen? Liburu eta artxiboek baieztatzen dutenez, gizakiarekin batera doa bainua. Hala ere, lehenbiziko «bainu instituzionalizatuak» antzinako grekoekin lotzen dituzte historialariek. IV. mendean erromatarrak bi piezako jantziarekin uretan plisti-plasta ibiltzen zirela badakigu, galtza motzekin eta bularra tapatzeko oihalarekin, orduko mosaikoak aurkitu baitzituzten. Erdi Aroan, Maguelonne Toussaint-Samatek "Historia técnica y moral del vestido" lanean kontatzen duenez, herritarrak bainu publikoetan bainatzen ziren biluzik, sifili epidemiak zirela-eta leku horiek itxi zituzten arte. Bainu terapeutikoak egiten zituzten termetan, eta bertan, emakumeak kamiseta laburrekin eta eskotedunekin ibiltzen ziren. Gizonak, berriz, galtzontzilotan edo gurutzatutako soinekoarekin. Itsasoan edo erreketan biluzik sartzen ahal zen arazo handirik gabe, baina hori egiten zuten gehienak gizonezkoak ziren. Elizaren Erreforma etorri zen gero. Garai hartan, protesta ugari egiten zuten gorputza erakusteagatik, eta zigor gogorrak ezartzen zituen Poliziak.
Uretan disfrutatzeko moda, 1780an
Bainua hartzeko moda 1780koa da; noble britainiar batzuek hasi zuten eta ingurukoak zur eta lur utzi zituzten. Arraroa izatetik ohitura izatera pasatu zen, ordea, eta orduan sortu zen uretan sartzeko jantzi egokiaren beharra. Orain, bainatzeko baino gehiago eguzkia hartzeko erabiltzen da bainujantzia, baina orduan ez zen horrela gertatzen, zuritasuna aberastasunaren eta ongizatearen erakusgarri zelako. Uretan disfrutatzeko ohitura ez zen gizarte osora zabaldu: jantziak, modeloak eta modak aberatsek sortzen zituzten, ez langile klaseek. Horiek ez zuten ez astirik ez dirurik horretarako. Gaur egun bezala, XIX. mendean ere barruko arropak zituzten eredu diseinatzaileek, baina anitzez ere bainujantzi deserosoagoak egiten zituzten. Emakumeen jantziek ez zuten inongo konnotazio erotikorik izan behar, eta hori lortzea hagitz zaila zen, bustitzean atxiki eta gorputza markatzen baitute oihalek. Horregatik, bata bertzearen gainean jartzen zituzten ehunak, eta kolore ilunak erabiltzen zituzten ahalik eta gutien edertzeko; marroiak, grisak eta beltza, adibidez. Materialei dagokienez, haria eta flanela erabiltzen zituzten anitz, eta tunikei beruna paratzen zieten. Gizonezkoek galtzontzilo luze eta ilunak izaten zituzten soinean.
1860an hasi ziren kolore biziagoak erabiltzen: gorria, berdea, urdina marra zuriekin eta xingolekin apainduta... Marinelek ere marradun arropa izaten zuten itsasora eroriz gero errazago aurkitzeko. Kortseak ezinbertzekoak ziren, eta kautxozko egitura bat asmatu zuten, hagitz deserosoa, ia-ia igeri egiten ere uzten ez zuena. Operan dantzatzeko erabiltzen ziren jantziek aukera berria eman zieten bainuzaleei, bigarren azala izanen balira bezala egokitzen baitziren gorputzera. Maillot izena zuen asmatzaileak; Parisko Operako hornitzailea zen eta puntuzko produktuak saltzen zituen. Emakumeak gizonak baino dezente geroago hasi ahal izan ziren bigarren azal horretaz baliatzen. 1900. urtean Anette Kellerman australiarrak jantzi zuen; gizonezkoen jantziarekin aurkeztu zen lehen emakume igerilari txapelduna izan zen. Zalaparta handia sortu zen, Poliziaren atxiloketa eta guzti izan zen; argazkiak munduari buelta eman zion, ordea, eta bainujantzia berdina izaten hasi zen gizon eta emakumeentzat.
Urte zoriontsuak edo eroak
Eskoteak pixkanaka-pixkanaka zabaltzen joan ziren, zangoak gero eta gehiago agertzen... Ezinbertzean gertatu zen aldaketa, eguzkia hartzeko ohitura hartu baitzuen jendeak, eta horretarako azala erakutsi behar baita. Gainera, 20ko hamarkadako urte zoriontsuak edo eroak etorri ziren jarraian, zinema izarrak moda markatzen hasi ziren, gero eta gehiago ziren kostaldera udako oporrak pasatzera joaten zirenak... Testuinguru horretan, irudiak berebiziko garrantzia hartu zuen eta diseinatzaileen helburua gizon-emakumeen itxura hobetzea bilakatu zen. Aldi berean, materialak ere hobetzen joan ziren; ehunak aztertu zituzten gatzaren eta eguzkiaren eragina jasan zezaten.
Diseinuak ikaragarri ugaritu ziren garai hartan, eta aberatsena bakarrik izatetik mundu osoan milioiak mugitzen dituen industria izatera pasatu zen bainujantzia. 1946an oraingo jantzi izarra sortu zuen Louis Reard ingeniariak: bikinia. Amerikarrak bonba atomikoekin saioak egiten ari ziren Las Marianas uharteetan (Ozeano Barean, Filipinen ekialdean eta Japoniaren hegoaldean), bikini izeneko atoloian zehazki. Michele Bernardini dantzariak jantzi zuen urte berean egin zen edertasun lehiaketa batean, bertze modeloak gorputza bi piezako jantzi horrekin erakustera ausartzen ez zirenean.
Italian, Estatu espainolean eta Portugalen, eliza katolikoak debekatu egin zuen. Orain bikiniaren hiriburu den Rio de Janeiron jantzi horren kontrako elkartea sortu zuten, eta Estatu frantsesean ere kosta zitzaien «tela puska ziztrin» hori erabiltzen hastea. Asmakizunak Hollywood liluratu zuen, eta aktore gazteek jantzi zuten; Brigitte Bardot, Marilyn Monroe, Rita Hayworth eta Jayne Mansfield ezagunek, adibidez. «Life» aldizkarikoek Mansfieldi argazkia egin ziotenean, jantzia onartzen hasi ziren Estatu Batuetan.
Alemanez solastatzen den herrietan geroago etorri zen onarpena. 1957an, zera idatzi zuten "Das Mädchen"en ale batean: «Ez dugu hitzik xahutu nahi bikini deitutakoarekin. Azken finean, pentsaezina da gustu pixka bat duten neskek horrelako jantziak erabiltzea». 1960ko hamarkadaren hasieran onartu zuten bikinia Alemanian, Ursula Andressek James Bonden "Dr. No" filmean egin zuen eszenari esker.
Txilen, «Santiago, bikiniarentzako gune librea», «Polemika bi piezatan» eta antzeko izenburuak idazten zituzten egunkarietan. Izan ere, Valparaisoko apezpikuak, Emilio Tagle Covarrubias izena zuenak, infernura kondenatu zituen bere eskumenean zegoen kostan bekatuzko jantzia erabiltzera ausartu ziren eliztarrak. «Janzten dutenek ezingo dute sakramenturik hartu, ezta adingabeko alabei janzten uzten dieten gurasoek ere», egin zuen mehatxu prelatuak 1967an. Hala ere, neurri horrek ez zuen eraginik bertze apezpiku-barrutietako sinestunengan, eta txiletar katoliko ugarik muga zeharkatu zuen «hondartza askatuetan» gorputza erakusteko.
1960an likra asmatu zuten, tinkatuz gero luzera sei aldiz ere handitzen duen zuntza, eta material horri esker egin ahal izan zituzten lehenbiziko bainujantzi elastikoak. Lau urte geroago, toplessa edo monokinia sortu zuten. Bi tirantek eusten zuten bainujantzi beltza zen, emakumearen bularra agerian uzten zuena. 1974an tanga jaio zen Brasilen; Carlo Riccardi genoarrak asmatu zuen.
Eguzki plakak dituen bainujantzia aurkeztu du Triumph etxeak. Plakek energia biltzen dute eguzkitan daudelarik, eta energia hori mugikorra kargatzeko erabil daiteke. Gemma Mengual igerilariak plazaratu du.
Burkinia asmatu dute burkarekin ibili behar duten andre musulmanentzat. Arrakasta handia izaten ari da, lehenbiziko hilabetean 9.000 baino gehiago saldu baitzituzten Australian bakarrik. Aurpegia, eskuak eta oinak uzten ditu agerian.
Erreduren aurkako bikiniak Smartswin izena du eta eguzkiaren eragin kaltegarria saihesten du izpi ultramoreen intentsitatea neurtuz. LCD hartzaile bat du, 1 eta 20 arteko balioekin. 10etik pasatzean, itzalera joateko ordua da. 180 euro balio du.
61 urte
ditu bikiniak. Louis Reard ingeniariak sortu zuen, amerikarrak bikini izeneko atoloian bonba atomikoekin saioak egiten ari ziren garaian.
Munduko bikinirik garestiena «Sports Illustrated» aldizkarian aurkeztu zuten, eta 30 milioi dolar balio du. Ñimiñoa da, baina kalitate oneneko 150 diamanterekin egina. Susan Sonsen eta Steinmetz Diamons amerikarrek diseinatu zuten.
Zinema izarrak moda markatzen hasi ziren 20ko hamarkadan, gero eta gehiago ziren kostaldera oporretara joaten zirenak... Testuinguru horretan gizon-emakumeak edertzea bilakatu zen diseinatzaileen helburua. Materialak ere hobetu ziren.
Liburu eta artxiboek baieztatzen dutenez, gizakiarekin batera doa bainua. Hala ere, lehenbiziko «bainu instituzionalizatuak» antzinako grekoekin lotzen dituzte historialariek. IV. mendean uretan plisti-plasta ibiltzen ziren erromatarrak.
XIX. mendean emakumeen bainujantziek ez zuten inongo konnotazio erotikorik izan behar, eta hori lortzea hagitz zaila zen, bustitzean atxiki eta gorputza markatzen baitute oihalek. Horregatik, bata bertzearen gainean jartzen zituzten ehunak.
Antzeko izenburuak idazten zituzten 1960ko hamarkadan Txileko egunkariek. Izan ere, Valparaisoko apezpikuak infernura kondenatu zituen bere eskumenean zegoen kostan bekatuzko jantzia erabiltzera ausartu ziren eliztarrak.