Julen MURGOITIO
Porra berriaren oldea
Ur oldeak Ingalaterran eta bero oldeak Europaren erdian. Merkurio gi- zajoa, batean uretan ito larrian eta bestean izerditan ito larrian. Meteorologian behintzat bete egiten da aukera-berdintasunaren legea. Udan ere dena da posible. Azoreetako antizikloia burujabe ari dela eta hori ipini dute adituek han-horko gertaera meteorologikoen abiapuntu. Baina Klimari klimarena eta Lurrari lurrarena. Ingalaterran urak uko egin dio lurraren kudeatzaileek dekretuz ezarritako ubide estutik isuri behar izateari, eta oldartuta milaka urtetan ur-goretan ohikoa izan duen bide zabala nahiago izan du, mugak zeinek jarri behar dituen berriro ere gogoratuz bulegoko dekretu-egileei. Europaren erdian, ordea, beroak euriari aurre hartu eta uko egin dio uda partean kudeatzaileek dekretuz termometroan ezarri nahi dioten neurriari, oldartuta neurria gaindituz; elkartasunez edo haizeak ere utzi dio han ibiltzeari. Airea freskatzeko elektrotresnez erantzungo bide dute lurtarrek bulegoetan zein saltoki handietan, airea girotzeko asmoz, honek eguzkia gehiago oldarraraziko duela ulertzera iritsi gabe. Aurrerako ihesbide honetan segituz gero uholdeak izango dira nagusi munduko lurralde guztietan, batzuetan euriak ekarriak, izerdiak ekarriak besteetan.
Baina udak beti dakar positiborik ere. Tourren, batez ere. Lasterketa horretakoak ikusita GARAk aldatu beharko luke porraren filosofia, porrazaleen adrenalinari ur gehiago atereaz, galtzeko arriskua hurbilen sentitu dezaten. Hortaz, Tourrean zeinek irabaziko baino Euskal Herriko herrialdeetan zeinek gobernatuko izan beharko luke porraren izana. Hortxe gura nituzke ikusi Tourreko porra hain arin betetzen duten horiek, benetan arriskatuz apustuetan. Hori bai, gaurko porraren kategoria batzuk mantenduz: makila horiarena, trepalari onenarena, diskurtsoetan erregularrenarena, tarteko helmuga behin betiko helburu duenarena, eta alderdika. Porraren irabazlearentzat urte oso bateko pleno guztietarako bi sarrera. Proposamena baino ez da, eraikitzailea edo. Tira abuztuaren atarian jarri gaitu egutegiak. Opor ofizialen garai ofiziala. Hainbat proiektu informazio publikora ateratzeko garai egokia. Oinetako atzaparrak moztekoa. Ondarroa, Mendexa eta Lizartzako elizako bataiarria gertutik ezagutzekoa. Hau kolpea! urarekin hasi eta harriarekin amaitu. Ama, ama!