Kepa Ugalde «Euskal Herria Sozialista» aldizkariko kidea
Zapalkuntza nazionala eta langileen batasuna
Burgesia eta inperialismoa ekialde hurbileko langileak, gazteria, zapalduak... zatitzen saiatuko dira eta iraultzaileek zapalduen batasunaren alde egin behar dute borroka
Ekonomiaren etorkizunak planteatzen duen egoera ezegonkorrak eta une honetan gertatzen ari den gizartearen polarizazioak testuinguru asaldatu bat aurkezten digu hurrengo urteei begira, eta beldur honek eraginda inperialismoaren eta burgesiaren estrategia euren merkatuak mantentzea eta merkatu berrietara zabaltzea izan da; honela uler genitzake Afganistanen edota Iraken inbasioa, Jugoslaviaren zatiketa, edota arazo nazionalaren jarraipena Irlandan, Saharan, Palestinan, eta nola ez, Euskal Herrian.
Martxoaren 8an Al-Fatah-k eta Hamasek batasun nazionaleko gobernu bat osatu zuten Palestinan. Orduan azaldu genuen gure aldizkarian batasun nazionaleko gobernu hark ez zuela herri palestinarraren oinarrizko arazorik konponduko. Aliantza honetan interesik handiena ipini zuena inperialismoa izan zen, eta herriak aukeraturiko Hamasen gobernua Al-Fatah-rekin elkar zedin enbargu ekonomikoa bezalako instrumentuak erabili zituzten, langile klasea miseriara zuzenduz. Al-Fatah-ren zuzendaritza eta Abu Mazen gertakariek erakutsi duten bezala inperialismo estatubatuarraren eta burgesia palestinarraren zakurrak dira eta eskualde horretan jarririk dituzten interes ekonomikoengatik bertan ipiniak.
Palestinako prozesuak konplexuago bilakatu ziren ekainean. Al-Fata eta Hamasen arteko borroken aurrean Abu Mazenek batasun nazionaleko gobernua disolbatu zuen behin-behineko berri bat sortuz eta Hamas buru zuen exekutiboa amaituz. Zer gertatu zen? Zergatik borroka horiek? Inperialismoa zegoen atzean. Ikusi besterik ez dago nor izan ziren Abu Mazenen ekintza babestu zutenak, honek ordezkatzen duen burgesia palestinarraren interesak zein diren jakiteko: Estatu Batuak, Europar Batasuna, Nazio Batuen Erakundea, Errusia eta Israel bera. Aste batzuk lehenago Jordanian argitaratu zen artikulu batek Estatu Batuek antolaturiko «Palestinako Presidentziarako Ekintza Planari» buruzko zehaztasunak ematen zituen: «Abu Mazen indartzeko pausoak eman, Palestinako segurtasun indarrak bere agintepean kontzentratu, Parlamentuaren disoluzioa eta Mazenentzako nazioarteko babesa bilatu prozesu hau estaliko duten hauteskundeetara deitzeko». Hori lortzeko, Inperialismoak diru kantitate handiekin eta armekin lagundu zuen Al-Fatah Palestina kontrolpean hartzeko Hamas paretik kendu nahirik.
Al-Fatah eta Hamasen arteko Batasun Gobernua osatu zen garaian atera zen programak zera zioen, askapen nazionala lortzeko estrategia gisa: «Gobernuak nazioarteko komunitatearekin lan egingo du okupazioari amaiera emateko eta herri honen legezko eskubideak berreskuratzeko». Argi geratu da nazioarteko komunitateak eta bertako burgesiek zein lan burutu duten. Irtenbidea ez da etorriko bide hauetatik. Ba al dago alternatibarik? Burgesia eta inperialismoa ekialde hurbileko langileak, gazteria, zapalduak... zatitzen saiatuko dira eta iraultzaileek zapalduen batasunaren alde egin behar dute borroka. Nazionalitate ezberdineko langileak elkartu izan dira eta Historiak adibide zoragarriak utzi dizkigu (Errusiako Iraultzan, Jugoslavian Bigarren Mundu Gerra osteko sarraski etnikoen ondoren, Irlandan Conolly marxistaren garaian...). Marxismoak nazio guztien autodeterminazio eskubidea defendatzen du, eta bide horretatik langileok badugu alternatiba: zapalkuntza nazionalaren aurrean langile internazionalismoa, globalizazio kapitalistaren aurrean nazioarteko ekonomia planifikatua. Honela lortuko da, bai, nazioen benetako integrazioa, elkar joka ibiltzeko arrazoi ekonomikorik ez denean, eta borroka hau aurrera eramateko langileek antolatu egin behar dute nazioarte mailan programa iraultzaile batekin, euren sexu, arraza, erlijio edota nazionalitatea edozein dela ere.