Liher Goienetxea Fradua, Astillas Bermeo
«Spain is different»
Ez dakit goiko esaldiaren asmatzailea nor den/zen, baina nano buruhandi hiltzailearen sasoikoa dela badakit; ziur esango nuke gainera, asmatzailea frankistaren bat izango zela, nano buruhandi hiltzaile haren nagusikeriak estaltzeko asmoz. Eta, XXI. mendean berdin jarraitzen du Espainia hark, Hego Euskal Herria zapaltzen jarraitzen duen txikituriko inperio hark ezberdina izaten.
36ko errepublikarren seme-alabak erregezale egin dira PSOEren ikurraren menpe, Santoñan Euzkadi saldu zutenen seme-alaba batzuek Espainia hartan eroso bizi gura dute PNVren ikurraren menpe, frankisten seme-alabak nazi bihurtu dira PPren ikurraren menpe eta, Sartaguda gizon barik utzi zuten antzera, espainiar herria intelektual ezkertiar barik utzi dute, alde bat militarrez beteriko 36/39ko gerra zibila deitzen dioten sasoietara eraman dute Espainia eta eraman gura gaituzte eurekin batera: ezin da monarkia ukitu, ezin da gobernua (PP ez baldin bada, horri guztia baimentzen diote, PSOEren sableenganako beldurra izan daiteke?) kritikatu eta, nano buruhandi hiltzailearen sasoietako erara, Una, Grande eta Libre izaten jarraitzen du: Una, beste bat balego Herri xumea bertara joango litzatekeelako, Grande, espainiar guztietatik at yanki militar eta turista guztiak ere sartzen direlako, baita orain frantziar polizia ere, eta Libre, kinielan 1, x edo 2 jar dezaketelako.
Espainia hartako boteretsuek, elizak eta militarrek eta, hemengo mitxelinek horrela izaten jarraitu gura badute, jarrai dezatela, baina utz gaitzala baketan eta utz dezatela Ondarroa, Mendexa, Sartaguda eta Euskal Herri osoa ere baketan.