Hego Lapurdin kolektibo bat sortu dute etxebizitza duina eskatzeko
Etxebizitzaren arazoa bereziki larria da Hego Lapurdi eskualdean. Metro koadroaren prezioak 7.000 eurora iritsi dira, eta hautetsiek ez dute arazoa konpontzeko neurririk hartu nahi. Arazoa konpon dezatela eskatzeko, kolektibo bat osatu berri dute hainbat herritarrek.
Eneritz ZABALETA
Hego Lapurdi eskualdea paradoxa erraldoia da. Ekainetik irailera, hotzak beroari lekua utzi ahala, beteak hutsari hartzen dio lekukoa. Bideak, etxeak, hondartzak hutsetik kolapsora pasatzen dira. Donibane Lohizune, Ziburu, Urruña eta Zokoa bigarren egoitza gisa hautatu dituzten turistaz lepo betetzen dira. Hutsa eta betea, eskaintza eta eskaera. Horrelakoetan gertatu ohi den bezala, etxebizitzaren prezioak garestitu egin dira eskualde osoan. Etxebizitzaren merkatu librean, eskaeraren eta eskaintzaren legeak nagusitu dira Hego Lapurdin. Donibane Lohizunen, metro koadroa 7.000 euroan negoziatzen dute. Eskualde osoan, 4.000 euroan. Prezio horietan, bertako biztanleriak ezin du lehen egoitzarik atzeman, bigarren egoitza erosi dutenek prezioak igoarazi baitituzte. Bertakoentzat ia ezinezkoa da etxe duin batean bizitzea, azken urteetako prezioen gorakada dela-eta. Izan ere, azken sei urteetan etxebizitzaren prezioa %100 garestitu da Lapurdi osoan. Egoerari aurre egiteko, Urruñako, Ziburuko eta Donibane Lohizuneko hainbat gaztek bultzatuta, kolektibo bat sortu da. Iragan astean, lehenengo bilkura publikoa egin zuten, eta adin orotako jendea bildu zen.
4.500 etxe huts Donibane lohizunen
Kolektiboaren lehendabiziko helburua biztanleria etxebizitzaren egoerari buruz informatzea izanen da. INSEE Estatu frantseseko estatistika erakundearen erroldetan oinarrituta, Donibane Lohizunen 4.500 etxebizitza huts daude; hau da, etxebizitzen %42. 4.500 etxe horiek, edo urtearen buruan bigarren etxebizitza gisa erabiltzen dituzte edo urte osoan okupatu gabe gelditzen dira. Ziburun, esate baterako, horrelako 1.800 etxe daude. Horrez gain, merkatuaren eraginak prezioak bertakoentzat garestiegi utzi ditu. Estatu frantsesean, etxebizitza sozialetan sartzeko, eraikuntzen kostuaren eta errentaren arteko baremo bat finkatzen dute. Donibane Lohizunen, etxebizitzaren prezioak garestitu direnez, biztanleriaren %75ek etxebizitza soziala eskatzeko irizpideak betetzen dituzte.
Hautetsien borondate eza
Egoerari aurre egiteko sortu berri duten kolektiboak bakoitzaren ardurak zehaztu, eta egoera konpontzeko, erabakitzaileen eta biztanleriaren arteko bitartekaria izan nahi du.
Hirigintza aferetan, eskumen zabalak dituzte lekuko hautetsiek: udalek eta herri elkargoek. Sortu berri duten kolektiboak argi utzi nahi du eskualdeko etxebizitza krisiaren ardura lekuko hautetsiena dela. Izan ere, Estatu frantsesean legeak aukera ugari ematen die botere publikoei etxebizitzaren merkatuan eragiteko. Kolektiboak antolatutako eztabaida publikoan argi gelditu zen hori. Alde horretatik, esku-sartze eskubideak, lur edo etxebizitza salmenta guztietan, erosteko aukera bat ematen dio Herriko Etxeari, lur horiek erosi ahal izateko. Eskubide horrek salmenta anitz merkatu pribatutik kendu, eta etxebizitza sozialera bideratzeko aukera emanen luke. Bada, Hego Lapurdi eskualdean eskubide hori ez dute ia inoiz erabili merkatuan eragiteko.
Kolektiboaren arabera, baina, udalen erantzukizuna pasibokeria baino harago doa. Gaur egun, Estatu frantsesean, hurrengo hamarkadako hirigintza joerak finkatuko dituzten PLU planak eratzen ari dira. Bilera publikoan bertaratutakoei jakinarazi dietenez, Donibanen, Ziburun edo Urruñan PLU horiek auzapezaren bulegoan finkatzen dira, ezkutuan. Oposizioaren eta gizartearen ekarpenak legeak inposatzen dituen konzertazio minimoetara mugatzen dituzte. Gainera, azken urteetan Olheta auzoko edo Saupiquet enpresako etxebizitza proiektuen kudeaketek etxebizitza soziala ez zaiela axola argi utzi dute. Hautetsiek politika alda dezaten, kolektiboak udaletan gertatzen denaren berri eman nahi dio biztanleriari, eta etxebizitza sozialaren aldeko presioa gizarte osora hedatu nahi du.
Udalerri bateko bizitzen %20 etxebizitza sozial izatera behartzen du legeak. Kolektiboak salatu duenez, Hego Lapurdiko udalerrietan etxebizitza sozialak %7 besterik ez dira.