GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Datuen atzean dagoena

Gaizka LASA

(Karpin-Galicia)

Atzo erlojuaren denborak, datuak, erreferentziak, batuketak eta kalkuluak ikusi genituen dantzan gora eta behera. Baina ez dakit benetan zenbaki horien atzean dagoena jendeak ondo ulertzen duen. Esate baterako, etxean norbaitek oraindik lehengo mobilete horietako bat badu, pentsa dezala atzo Leipheimerek eraman zuen abiadura baino askoz gehiago ez duela hartuko. Edo norbaitek etxe ondoan aldapa handi samarra badu, proba dezala bizikleta batekin goitik behera zenbateko abiadura hartzen duen. Ezetz 53 km/h-ko baino gehiago? Eta hori ordu pasatxoko lanean lortutako batez bestekoa izan zen. Kirolari sentitzen den edonor has dadila orain bere gorputza topera jartzen, korrika, bizikletan, arraunean... nahi duen modalitatean. Ea zenbat denbora irauten duen intentsitate altu horretan: minutu bat, sei, hamabost? Ez, atzoko protagonistak ia 63 minutu iraun zuen. Datu ikaragarriak dira, ezta? Bada, pentsa hori lortzeko aurretik egin behar diren lanak bezain ikaragarriak direla. Ez baitago bidea egin gabe harrapatzen den gailurrik.

Baina, azkenean, harrapatu genituen. Helikopteroa irten eta esatariak tropela lasai dihoala esaten du. Eta egia da, baina aurretik ni hiru edo lau orduz sufritzen egon naiz. Faboritoak martxan jarri zirenean, gu lasaitu ginen. Egia da azken kilometroak erabakigarrienak direla baina, bitxikeria bezala, benetako karrera lehen 100 kilometroetan bizi izan genuen batzuek atzo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo