GARA > Idatzia > Kirolak

«Beste hiruzpalau urtetan gazteei egurra emateko gogoz nago»

Santi ARTETXE
Pilotua

Hogeita hamar urte baino gehiago ibili da errepideetan, eta Euskal Herrian daukagun piloturik beteranoena da Santi Artetxe. Bere Peugeot 307 WRCrekin eta Sandra Fernandez kopilotu bilbotarraren laguntzarekin, euskal rallysprint, rally eta federazio arteko txapelketetako liderra da. Aurrera begira planak egiten jarraitzen du mañariarrak, eta baliteke datorren urtean autoa estreinatzea.

Mikel ARREGI |

Santi Artetxek 52 urte bete zituen egun berberean izan genuen berarekin hitzordua Iurretan daukan garabi enpresan.

Nondik datorkizu abiadurarako zaletasuna?

Gaztetatik dator zaletasun hori. Hamazazpi urterekin tailerra montatu nuen nire herrian, Mañarian, eta han hasi nintzen kotxeekin gora eta behera ibiltzen. Gainera, betidanik gustatzen zitzaizkidan lasterketak, eta gazte-gaztetatik jada hasi nintzen kotxeekin azkar ibiltzen.

Orduan tailerra jarri zenuenetik datorkizu rallyetarako zaletasuna?

Bai, horrela da. Tailerrera kotxeak ekartzen zizkidaten, eta nik probatu egiten nituen hasiera batean.

Noiztik zabiltza lasterketetan?

1974tik. Azken urteetan hemen ibili naiz, Euskal Herrian, baina lehenago Espainiako Txapelketan eta Frantziako zenbait probatan ere aritu izan naiz. Hogeita hamar urte baino gehiagotan lasterketa asko irabazi ditut, eta kotxe askorekin ibili naiz. Denbora honetan guztian ez dut inoren laguntzarik izan, eta hori dela-eta askotan ezin izan dut txapelketak bukatzerik izan.

Denbora honetan guztian irabazitako gairakurrak gordetzen lanak izango dituzu, ezta?

Gehienak oparitu egiten ditut. Ezagun askori ilusioa egiten die nik beraiei garaikurra oparitzeak. Dena den, lasterketa bereziren bateko garaikurra baldin bada, niretzat gordetzen dut.

Zein izan da azkenengo 30 urte hauetan bizi izan duzun momenturik gozoena?

Nire gogokoena orain dela 28 urte Porschearekin ibili nintzen garaia da. Garai horretan orain baino lasterketa gehiago egiten nituen kanpoaldean. Asturiasen, Santanderrren, Leonen eta Frantzian lehiatzen nintzen.

Zein kotxe izan dituzu zure ibilbide luzean?

Karneta oraindik ez neukan garaian, Renault Alpine bat ekarri nuen Frantziatik. Hain zuzen ere, kolpe bat zuen eta nik kanpondu egin nuen gero rallyetan ibiltzeko. Horren ostean Ingalaterran prestatutako Mini batekin ibili nintzen. Ondoren, Zaninirena zen Simca bat izan nuen, eta igoeretarako formula bat. Seatekin ere ibili izan naiz, orain dela sei urte, Cordoba WRC batekin. Horiez gainera, R-5 Turbo bat, Porsche bat, Mitsubishi bat eta Ford bat ere izan ditut inoiz.

Zein duzu haien artean gustukoen?

Nire ustean, momentuan izaten den kotxea da guztietan onena. Ezin dezakegu gaur egungo kotxe bat orain dela 30 urtekoekin konparatu. Hemen egunean egon behar da, kotxe berrienean pentsatzen.

Jende askok esaten du lasterketak kotxe onena daukazulako irabazten dituzula. Zer deritzozu?

Kotxe onena daukat bai, baina gaur bertan 52 urte bete ditut. Orain, nire kotxea bezain onak diren autoekin dabiltzan gazteak daude. Lehen, beharbada, nire autoaren eta besteenen artean desberdintasun handiagoak zeuden. Orain, desberdintasun horiek ez daude eta, hala ere, irabazten jarraitzen dut.

Sentsazio gogorrak eragiten dituen kirola da rallyena. Nolako sentsazioak izaten dituzu abiada bizian mendian gora zoazenean?

Azken finean, niretzat rallyena bigarren lan bat bezalakoa da. Ohitu egiten da. Horrenbeste urte eramaten ditut honetan, sentsazioak galdu egin ditut. Orain, beharbada, denbora kontuek-eta gehiago kezkatzen naute sentsazioek baino. Gaztetan rallyetan sentitzen nuena ez dut jada sentitzen.

Nondik ateratzen duzu denbora zure enpresako lana, rallyak eta familia bat eramateko?

Egia esan, beste gauza batzuk alde batera utzi eta denbora guztia haietan ematen dut. Urtean astebeteko oporrak bakarrik izaten ditut. Bizi osoa eramaten dut lanean eta rallyetan batera. Ohitu egin naiz gauza biak batera eramaten.

Eta tartean entrenatzeko denbora izaten duzu?

Niri gustatuko litzaidakeena baino gutxiago. Lasterketetako kotxearekin entenatzeko denbora handia behar da. Lasterketa larunbatean bada, ostegun edo ostiralean bertara joaten gara kaleko kotxearekin ibiltzera.

Lasterketetarako fisikoki prestatzen ahal zara?

Lehen gehiago egiten nuen arren, oraindik zerbait egiten dut. Etxean bizikletan eta zintan ibiltzen naiz.

Zer garrantzi dauka rallyan pilotuaren prestakuntza fisikoak?

Zati luzeetarako pretakuntza ona izan behar da. Hemen zatiak hamar bat kilometrokoak izaten dira, eta horietan pretakuntza fisikoak ez du garrantzi handirik. Tarte askoko rally batean, aldiz, gazteek abantaila daukate ni bezalako pilotu nagusiak lehenago nekatzen direlako. Hori dela-eta, rallysprintetan rallyetan baino hobeto ibiltzen naiz.

Beti Euskal Herriko lasterketetan aritu zara. Pentsatu ahal duzu sekula beste egutegi bat egitea edo munduko edota Espainiako txapelketetara joatea?

Euskal Herrian lasterketa asko daude eta bertan aritu nahi dut. Denboraldi amaieran Espainia aldera joango naiz ea lasterketaren bat irabazten dudan. Euskal Herriko rallyetako txapelduna naizela kanpoan erakustea asko gustatzen zait.

Rallyak ez diren beste modalitateren bat probatu al duzu?

Zirkuituetan Alcañizen probatu nuen behin, eta ez zitzaidan batere gustatu. Oso monotonoa da denbora guztian zirkuitu baten buelta bat bestaren atzetik ematea. Mendiko igoerak ere probatu nituen formula izan nuenean, eta hura ere ez zitzaidan gustatu. Proba laburrak dira eta bertara joateko bidean ordu asko galtzen dira. Rally baten ordu asko egiten dira gidatzen, eta askoz ere dibertigarriagoa da.

Interneten esaten dutenez, gidabaimeneko puntuak kendu zizkizuten kotxearekin 200 kilometro ordura joateagatik. Egia al da hori?

Ez, gezurra da. Orain dela hogei urte ez zaidala trafikoko isunik heltzen etxera. Nire bizitzan lau isun bakarrik ordaindu ditut. Esan dizudan bezala, inolako isunik ez dut izan azken bi hamarkadetan, ez gaizki aparkatzeagatik ezta abiadura handian joateagatik ere.

Alboan kopilotu moduan emakume bat eramaten duzun pilotu bakarrenetarikoa zara. Nola joan zaizkizu gauzak azken lau urteetan Sandra Fernandezekin?

Hau da Sandrarekin egiten dudan laugarren urtea. Pertsona arduratsua da eta gauzak ongi egiten ditu. Oso pozik nago berarekin.

Ezberdintasun handia dago ondoan emakume bat edo gizon bat eramatearen artean?

Lehenago izan nituen kopilotu guztiak gizonak ziren. Azkena Txema Mintegi izan zen; hark istripua izan zuen eta, ondorioz, lasterketak utzi behar izan zituen. Orduan hasi nintzen Sandrarekin. Berak lana goizetik egiten du eta horregatik arratsaldeetan denbora librea izaten du nirekin rallyak prestatzeko. Emakumeek, hala ere, gizonek baino serioago hartzen dute kopilotu lana.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko automobilismoa?

Hemen pilotu nahiko onak daude, baina askotan ez dira kanpora ateratzen. Andres Vilariño, esaterako, lau aldiz izan da Europako txapeldun mendi igoeretan, eta semea ere aurrean ibili izan da zirkuituetan. Jendea kanpora ateratzeko zerbait falta zaigu hemen.

Euskal rallyek nolako etorkizuna dutela uste duzu?

Denon laguntzarekin etorkizuna duen kirola da rallyena. Pilotu onak daude eta momentu honetan Euskal Herrian dagoen maila ez dago beste leku batzuetan. Espainiako Txapelketak, esaterako, askoz ere maila apalagoa du. Hemen, zazpi WRC daude eta horrelako maila ez dago edozein lekutan. Euskal Herriko rally txapelketak punta-puntako maila daukala uste dut.

Ez al zara nagusiegia 52 urterekin rallyetan gazteei egurra ematen jarraitzeko?

Norbera nahi duenean zahartzen dela pentsatzen dutenen artean nago ni. Laguntza eta gogoak izanez gero, aurrera! Zaharragoa egin ahala gazteek gauzak zailago jartzen dituzte baina gazteei beste hiruzpalau urtetan egurra emateko gogoz ikusten dut neure burua.

Orduan, aurrera begira planak egiten ari zara?

Bai, horrela da. Aurtengo denboraldia eta hurrengoa orain daukadan Peugeot 307 WRCrekin egingo ditut, eta gero 2009rako seguruenik Citroen C4 WRC bat ekarriko dut.

«Suerteak lagunduz gero, parte hartzen ari naizen hiru txapelketak irabaztea espero dut»

Hiru txapelketa izaten dira Euskal Herriko rallyen egutegian. Rallysprint eta rally lehiaketak daude, alde batetik; eta federazio arteko kopa, bestetik. Santi Artetxe liderra da hiru txapelketetan. Aurten parte hartu duen bederatzi lasterketetatik bostetan lehena izan da, hiruretan podiumean bukatu du, eta behin erretiratu beharrean izan da. Orain arte erakutsitako nagusitasun hori denboraldi amaiera arte mantentzea espero du bizkaitarrak.

Aurtengo denboraldian bost rally irabazi dituzu. Zein ondorio ateratzen duzu garaipen horietatik?

Hasierako lasterketetan nahiko txarto ibili nintzen. Kotxeak arazo ugari izan zuen enbrage eta tenperatura aldetik. Peugeotek iaz utzi zion Munduko Txapelketa korritzeari, eta horregatik ez zaizkigu kotxearen berrikuntzarik heltzen. Hala ere, denboraldi erdialdera aldaketa batzuk egin nituen autoan, eta ordutik ona gauzak hobeto joan zaizkit. Bestelako arazo batzuk ere izan ditut. Munitibarko lasteketan, esate baterako, euria hasi zen proba erdian, eta lasterketa utzi behar izan nuen euritarako gurpil egokirik ez neukalako. Baina, hala eta guztiz ere, bost rallytan garaipena eskuratu dut, eta oso pozik nago horregatik. Suerteak lagunduz gero, parte hartzen ari naizen hiru txapelketetan irabazteko esperantzekin nago.

Euskal Herriko txapelketetan jaun eta jabe izan zara orain arte. Hala ere, azkenaldian asko gerturatu zaizkizu Xabier Lujua eta Joseba Zapirain aurkariak. Nola ikusten dituzu kontrario horiek?

Momentuz ni izan naiz onena, nahiz eta orain aurkariak gertuago ditudan. Lujuak eta Zapirainek gertutik jarraitu naute, baina oraindik haiek baino pixka bat azkarragoa izaten jarraitzen dut.

Zein helbururekin abiatuko zara hurrengo lasterketetan?

Irailean Aramaio eta Hondarribia dauzkagu eta gero Gernika eta Durango. Iraileko bi lasterketetako bat irabaziz gero, rallysprintetako txapelketa nirea izango da. Gero, Gernikako edo Durangoko probetako baten bigarren eginez gero, rallyetako txapeldun izatea ere lortuko dut. Horregatik, lasterketa hauetan lasaiago arituko naiz garrantzitsuena denboraldi amaieran txapela janztea baita. M.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo