GARA > Idatzia > Euskal Herria

Parte hartzeko ekimenez bustiko dute Piratek Donostia aurten ere

Bost urte beteko dituzte aurten Donostiako Piratek. Urtemuga pozgarria izango dela jakinarazi dute; izan ere, urteotan herri jaiak sustatzeko ekimenak izan duen garapena ikaragarria da. Hala ere, ez dira horretan geldituko, eta aurrerapauso gehiago emango dituztela adierazi dute. Egitarau oparoa eskaini diete berriro ere donostiar guztiei.

p025_f02.jpg

G.M. |

Pozik agertu ziren Donostiako Piratak atzo, aurtengo Aste Nagusirako prestatu duten herri egitaraua aurkeztean. Pozarren, datorren abuztuan bost urte beteko dituelako urtez urte areagotzen doan ehunka lagun biltzen dituen mugimendua. Hiriburuko Udalak ezartzen duen jai eredu «burges espainolari eta diruzaleari» muzin egin, errebelatu eta bost urtez Donostia abordatzen aritu dira. Parte- hartzea eta herri jaiak sustatzearren, ekimenez lepo iritsiko dira Piratak abuztuaren 11n Kontxako Badiara, beren bandera itsasontziko mastan eskegirik, udaletxea abordatzeko prest.

Doka Donostiako kafe antzokian aurkeztu zuten Piratek datorren abuztuaren 11n hiriburuan hasiko diren jaietarako antolatu duten egitaraua. Urtero legez, ohitura saihestezin bilakatu diren ekimenak izango dira; hala nola Abordatze Eguna, pirata jolasak edota kontzertu piratak. Bestelako hainbat ekimen, gainera, indartu egin dituzte. Eta hori gutxi balitz bezala, Piraten mugimendua errotu eta indartuko duen albiste baten berri eman zuten: Aste Nagusian bertan herri jaiak sustatuko dituen herri esparru bat sortzeko emango dituzten lehen pauso praktikoak azaldu zituzten. Donostiako hainbat auzok zeresan handia izango dute esparru horretan.

«Parte hartzerutz abant egin!» leloa hautatu dute Donostiako Piratek aurtengo ediziorako. «Parte-hartzea da ardatza, jaiaren eta edozein herri kulturaren adierazpenaren ardatz!», esan zuten.

Bost urteotako balantzea egitean, irribarre ezkutaezina dutela aitortu zuten Piratek. Eta ez da gutxiagorako. Edizioz edizio handiagotzen eta etengabe zabaltzen doan herri mugimendu indartsua bilakatu baita. Baina pozik egoteko arrazoiak izan arren, ohartarazpen bat ere egin zuten Piratek: «Gu gara piratak, XXI. mendeko piratak. Eta errebelatu ginen aspaldi jai eta hiri eredu honen aurka, eta gure errebeldia ez da akituko baldin eta donostiar orok jaia nahi duen gisara bizitzeko aukera ez duen!».

Herri bazkaria, aurten, kaian

Hala, kasik Aste Nagusiko egun guztietan izango dira ekitaldiak bosgarren edizio honetan.

Abuztuaren 11n hasiko dituzte Piratek jaiak, larunbatean. Hala, kontzertu piratak izango dira Alde Zaharreko Trinitate plazan. Aldez aurretik erosiz gero, 11 euro balioko dute Berri Txarrak, Etsaiak eta Instep taldeen musika emanaldiez gozatzeko txartelek.

Astelehean, hilak 13, Abordatze Eguna izango da. Goizean baltsak egin ostean, 13.30ean herri bazkaria izango da lehenbiziko aldiz kaian bertan. Gero, 17.00etan, abordatzea egingo dute kaitik Kontxako hondartzaraino, eta aurten irrati esatari eta guzti arituko dira Piratak.

Asteartean, altxorraren bila arituko dira Alde Zaharretik barna, eta ostegunean, 17.00etan, Pirata Jolasak egingo dituzte Alde Zaharrean. Azken egunean, hilaren 19an, Irrikitaldia egingo dute 17.00etan, Donostiako udaletxe parean, umorea eta ironia erabiliz, agintariez barre egiteko eta haiei kritikatzeko.

Bost urte beteko ditu hazten segitzen duen herri ekimenak

Itzela izan da, ikaragarria, Donostia hiriburuan Piratek izan duten garapena. Eta ez dira hasi besterik egin. Hala diote, bederen. Izan ere, Donostiak ere parte hartzeko herri jaiak izan ditzan aurrerapauso gehiago datozela jakinarazi baitute.

Piraten egitasmoak Udalak ezartzen duen jai eredua ezbaian jartzen du, eta azken egunean -hilak 19- egingo duten Irrikitaldiak agintarien jukutriak agerian uzten ditu umorea ironiarekin uztartuta. Baina jaien azken egunera itxaron baino lehen, ohartarazpen bat egin zioten alkateari: «Zuzenean herritarrena izan behar duen protagonismoa ez dezala bere handinahikeriarekin estali». G.M.

Herri esparrua

Aste Nagusian bertan, Piratek atzo esandakoaren arabera, Donostian herri jaiak sustatu eta indartuko dituen herri esparru bat sortzeko emango dituzten lehen pauso praktikoen berri emango dute.

Donostiako Udalak ere Aste Nagusiko egitaraua aurkeztu du

Ostiralean aurkeztu zituen Donostiako Udalak hemendik bi asteren buruan hasiko den Aste Nagusirako antolatu dituen ekitaldiak. Azken batean, urteroko ekimen bertsuak eskainiko ditu.

Kontzertuak izango dira aurten ere sona handien izango duten ekitaldiak. Osterantzean, su- festak, umeentzako makina bat ekimen, fanfarreak kaleak girotzen, pop-rock musika lehiaketa, txistularien alardea, saskibaloi lehiaketa, hareazko gazteluen lehiaketa eta antzeko hamarka egitasmo izango dira.

Kontzertuak, gainera, hainbat gunetan emango dituzte: Zuloaga eta Trinitate plazetan, Saguesen eta Kursaalen atzeko aldean. Besteren artean, Barricada, Macaco, Fundacion Tony Manero eta Fermin Muguruza arituko dira Aste Nagusian. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo