KRITIKA Jazz
Sly Stone-n familiak funk berbena eman zigun atzo Cherry Boppers-ek berotutako plazan
Anartz BILBAO
Asteburua heltzearekin batera groove eta funk doinuen suak berotu zuen Trinitateko plaza, Sly & The Family Stone mitoarekin eta doinu beltzen miresle Cherry Boppers bilbotarrekin.
Jazzaldiko kontzerturik dantzagarriena izan behar zuenez, erdiguneko aulkiak kendu zituzten, ohi baino gazte gehiagorekin lepo zegoen plazan. Bilboko Santutxu auzoko taldeak zuen gunea berotzeko lana, baita lortu ere. Aurten Trinitate plazako oholtza zapaltzekoa zen talde euskaldun bakarrak groove kantu bikainak eman zizkigun eta nabarmentzekoa dugu agertoki gainean erakutsitako grina eta kalipua. Txefo K-Billy baterian tinko eta Ignatius Johnny hammond organoak babestua, Xixo Yantani gitarristak, Mihail Goldfingers saxo eta zeharkako txirula jotzaile berriak eta Lando S.Tonek osatutako hirukoteak ikuskizun bikaina eman zigun, saltoka, lurrean botata joz edo hirurek batera dantza eginez. Aparteko aipamena merezi du baxu-jotzaile lotsagabeak kantak aurkezterakoan speaker gisa egindako lan paregabeak.
Iaz Noizpop bizkaitar zigilu interesgarrian egin zuen debuta taldeak, «Dressin´ The Puppet» lanarekin. Bertan, mirestutako maisu handiak omentzen dituzte, tartean Reuben Wilson, Grant Green eta James Browen bertsioak eginez. Egun gainditua dute lan hori, eta bertako «Potato Jumpy» eta Lonnie Smithen «Layin´ In The Cut» baino ez zituzten jo. «Black Lolita» single biniloa da taldearen azken lana, zuzenean aurkeztu zutena. Lana ondo bete zuten Bilboko gereziek, bai horixe!
Slyk gidatzen duen Stone familia ugariak hartu zuen ondoren lekukoa. Sylvester Stewartek 60ko hamarkada bukaeran sortu zuen funk psikodelikoan ezinbestekoa dugun banda, San Frantziskon, Kalifornian flower-power garaian. Beste askok legez, droga-mendekotasunak sortutako arazoak zituela-eta taldea 1983an desegin zen, eta iaz berragertu.
Egun 63 urte dituen artistaren ikuskizuna tamalgarri samarra zela zioten aurrekariak konfirmatu, eta Slyk hamabost minutu baino ez zuen iraun agertokian, zuzenekoaren erantzukizun osoa bandaren gain utziz. Dozena bat musikariz osatutako banda ez bereziki trebean Cynthia Robinson ¯tronpeta-jotzailea Sly Stonen bikotekide izan zen bere garaian eta alaba bat dute elkarrekin, Sylvette Robinson¯ eta Jerry Martin jatorrizko saxo-jotzailea 1972an ordezkatu zuen Peter Rizzo ziren jatorrizko partaide bakarrak.
Emanaldia 1969ko «Stand!» disko bikainean oinarritu bazuten ere, «Everyday People», «Somebody´s Watching You», «Sing A Simple Song» eta «Stand!» bera joaz, 1968ko «Dance To The Music» laneko izen bereko kantu arrakastatsuak ireki zuen jarduna, disko bereko «Higher» hitak itxi zuena. Tartean, 1969ko «Hot Fun In The Summertime» singlea eta «I´m The One You´re The One» eta «There´s A Riot Goin´On» (1971) laneko «Family Affair».
Sly zoroa ohiko irribarrearekin, kapela buruan eta betaurreko beltzekin agertu zen, paparrean dolarraren ikur disdiratsu bat zuela. Bost kantutan baino ez zuen parte hartu, batean jende artera salto egin bazuen ere. Bukaeran familia osoa aurkeztu zigun, alabak barne ¯rap doinuak kantatzen jarri zuen bata, pianoan bestea, penagarri!¯. Funk berbena bukatuta, publikora betaurrekoak bota eta bisik ere jo gabe txalo artean alde egin zuen gizagaixoak.