GARA > Idatzia > Kirolak

ŤAzken finean, nirekin dauden beste piraguistak nire familia dirať

p040_f01-148x136.jpg

Iñigo PEÑA, PIRAGUISTA

Zumaiar gazte hau Txekiatik etorri berria da Munduko Txapelketan parte hartu ondoren. Etxera itzuli eta berehala alde egin behar du berriro ere Europako Txapelketa prestatzeko. Urtean zehar Madrilen bizi da, etxetik kanpo, baina bere 16 urteekin gauzak oso argi dauzka.

Nahiz eta etxetik kanpo denbora dezente pasa, gurasoak eta arreba ondoan eduki ditu beti zumaiar honek. Txapelketa baten eta bestearen artean, kirolariak tartetxo bat egin du bere bizitzari buruz hitz egiteko.

Zer sentsazio utzi dizkizu Txekian izan den Munduko Txapelketak?

Aurreneko aldia zen Munduko Txapelketa batera joaten nintzena. Madrilen errendimendu handiko zentro batean egon ginen urte osoan, prestatzen. 1.000 metrokoan zortzigarren izan ginen. Ez ginen oso gustura gelditu bagenekielako ez genuela batere ondo egin. 500 metrokoan, ordea, laugarren gelditu ginen, dominatik hiru hamarrenetara. Baina beno, txapelketako gazteenak ginela uste dut.

Asturiasen egon zara Munduko Txapelketa prestatzen. Zaila al da 16 urterekin etxetik kanpo egotea?

Hasiera gogorra da. Zaila da betiko herria eta lagunak uztea, baina gurasoek asko animatu ninduten hara joateko. Lehen hilabetea arraro egiten zaigu, baina bertan egonda, erritmoa hartuta eta entrenatzen, gustura eta distraituta sentitzen naiz.

Nola hasi zinen piraguismo munduan?

Zumaia ez da oso herri handia. Beti ikusten nituen etxetik ibaian piraguistak entrenatzen. Txikitan piraguismo ikastaro batzuetan izena eman nuen, baita hortxe hasi ere. Bederatzi urterekin hasi nintzen lehiatzen eta ondo joan zitzaidan. Gainera, Zumaian piraguismoa gora doa, jendeak gero eta gehiago entrenatzen du.

Nolakoa da Iñigo Peña piraguismotik kanpo?

Oso herrikoa naiz. Ahal dudan guztietan bueltatzen naiz. Gehienbat asteburuetan etortzen naiz Zumaiara, lagunekin egotera. Afizio aldetik, musika, zinema eta udaran, ahal dudan guztietan, hondartzara joatea gustatzen zait.

Nola bereizten dituzu piraguismoa eta zure bizitza?

Madrilen nagoenean ez dut denbora handirik. Han goizean goiz jaikitzen naiz eskolara joateko. Hauxe izaten da nire plana: goizeko zortzietatik hamaiketara eskola. Ondoren, piraguismoko entrenamendua. Hori amaitzean, bazkaldu egiten dut. Arratsaldean, ordea, hiruretatik bostak eta laurden arte berriro eskola eta handik ateratzerakoan, entrenatzera. Eguna amaitzeko afaldu, eta azterketetan bagaude, ikasi egiten dut.

5.000 metroko distantzian Espainiako Txapelduna zara, eta 16 urterekin. Zer sentitzen da?

Izugarrizko poza sentitzen da. Entrenatzen aritu naizen momentu gogor horietaz oroitzen naiz. Bakarrik, etxetik urruti... Momentu horietan konturatzen naiz merezi duela sakrifizio honek guztiak.

Mimo bereziak jasotzen al dituzu hain gaztea izanda?

Ez dugu mimo berezirik jasotzen. Ni bezala beste bi piraguista gehiago daude, eta beste guztiak zaharragoak dira. Hiruren artean ibiltzen gara gora eta behera, baina ez digute arreta desberdina ematen.

Gauza asko utzi behar izan al dituzu piraguismoarengatik?

Egia esan, ez dut gauza askorik utzi. Ikasketetan oso ondo nabil, oraingoz. Okerrena familia, Zumaia, lagunak eta horrelakoak uztea da. Gutxi ikusten ditut eta hori da utzi behar izan dudana. Baina emaitzak eta garaipenak ateratzen diren bitartean, merezi duela uste dut. Saiatzen garen bitartean, denak merezi du zeren eta saria jasotzen baitugu. Ni ondo noa alderdi guztietan eta gustura nago.

Lehiatzen ari zarenean nolakoa zara? Zein ezaugarri dituzula esango zenuke?

Oso lasaia naiz. Urduritasuna asko kontrolatzen dut, asko kontzentratzen naiz. Konpetizioa dudan egun berean oso gutxi hitz egiten dut. Nire gauzetan aritzen naiz eta lasterketa mentalki prestatzen dut: nola atera, erritmoa, amaiera eta horrelako gauzak.

Zer sentitzen da momentu txarretan, izan badituzu?

Momentu txarrak baino, arraroak pasa ditut. Adibidez, Madrilera iritsi nintzenean lehen aldiz, lehenengo hamabost egunak oso arraroak egin zitzaizkidan. Goizero esnatzen nintzen nire logelan eta ez nekien non nengoen. Momentu horiek gogorrak dira, baina gurasoen laguntzarekin eta bertako beste kirolariekin aurrera egiten dugu. Azken finean, beste piraguistak nire familia dira. Horiek ere nire egoera berean daude.

Zein da zure hurrengo helburua?

Asturiasera noa berriz ere. Irailaren 1ean eta 2an Serbian, Belgradon, izango diren Europako Txapelketak prestatuko ditut. 500 eta 1.000 metrokoetan aterako naiz berriro, baina batez ere 500 metrokoan urrearen bila joango gara ahal dugun guztia emanda.

Hain gaztea izanda, nola ikusten duzu zure etorkizuna?

Europako Txapelketak amaitzean, hilabete emango dut Zumaian. Ondoren, Madrilera joango naiz berriz. Batxilergoa eta selektibitatea ateratzeko prest nago. Beste alde batetik, karrera bat egitea pribilejio gisa ikusten dut, baina ez dut baztertzen aukera hori, beti ere denbora tartekatzen badut, nahiz eta Madrilen edo selekzioarekin egon.

Imanol CARRILLO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo