Foruen plaza
Mujikak aizkolari onenengana heltzeko lehen urratsa egin du
J.L. | GASTEIZ
Mujikak, Ugarteburuk, Etxebestek, Kañamaresek, Belarrak eta Senosiain II.ak lortu zuten Euskal Herriko Bigarren Mailako finala jokatzeko txartela atzo Gasteizen jokatu zuten kanporaketan. Azken saioa Arabako hiriburuan bertan jokatuko dute datorren ostegunean, 12.00etan, Foruen plazan.
Hamahiru aizkolari daude maila horretan, baina Bihurri, Erdozia eta X. Mindegia ez ziren aritu, hirurak ere min hartuta zeudelako. Berez, sailkapeneko azkeneko biek galtzen dute maila, baina ikusgai dago zer gertatuko den.
Jende asko batu zen saio hori ikustera, eta Gasteizko Foruen enparantza erabat bete zuten kanporaketa hori zuzenean ikusteko asmoarekin joan ziren ikusleek. Aizkolari bakoitzak hiru kana-erdiko, 60 ontzako bat eta oinbiko bat moztu behar izan zituen.
Amaierako sailkapenean ez zen ezusteko handiegirik izan. Mujika izan zen garaile. Ibarrako aizkolariak sekulako gorakada eman du azkeneko bi edo hiru urte hauetan. Orain dela bi Hirugarren Mailako txapela irabazi zuen, eta iaz Bigarren Mailako finalean sartu zen. Aurten kanporaketa irabazi du, eta heldu den urtean maila nagusian izateko lehen urratsa egin du. Ugarteburu izan zuen gertuen. Ezkiokoa oso indartsu itzuli zen iaz lehiaketa ofizialera, eta berriz ere onenen artean izan nahi du.
Finala, ostegunean jokatuko dute Gasteizen, eta han aizkolariek, bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko dituzte.
Harri-jasotzea
Bihar, berriz, Euskal Herriko harri txikien finala jokatuko dute Gasteizko Foruen enparantzan, 12.00etan. Bertan, honako hauek hartuko dute parte: Irigoien, Ostolatza, Uriarte, Agirre, Izeta III.a, Izeta IV.a eta Eizmendi.
Kirolari bakoitzak 125eko errektangularra edo zilindroa, 113ko kubikoa eta 100eko bola erabili beharko ditu. Bakoitzarekin lanean aritzeko hiru minutuko txandak izango dituzte.
Faboritoak aipatzerakoan, bi izen nabarmentzen dira beste guztien gainetik. Aimar Irigoien eta Joseba Ostolatza. Hala ere, eta azkenaldian biek egin dituzten lanak kontuan hartuta, Aimar Irigoien izango da txapela lortzeko faborito nagusia. Errezildar gaztea sasoi betean dago eta jokatzen ari den lehiaketa ofizial edo torneo guztiak bereganatzen ari da eta Gasteizen ere nagusi izan nahi du. Hala ere, zestoarra ere kontuan hartu behar da.