GARA > Idatzia > Irrati-telebista

«Udaon» saioak hartuko ditu Txolarre irratiko goizak

Udari begira, ohiko programazioari atseden eman eta saio-zerrendan aldaketak egin ditu Tolosaldeako Txolarre irratiak. Iraila bitartean, goizetan «Udaon» saioak ordezkatuko du ohiko magazina eta, arratsaldeetan, eskualdeko eragileen boza izango da nagusi.

p050_f02_92x77.jpg

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Abuztuan sartuta, «Tolosaldeko Ahotsa» magazineko kideek atseden hartu eta «Udaon» saioa eskainiko du Txolarre irratiak. Eguneroko maiztasunez eta ordubeteko tartez -12.00etatik 13.00etara- ikasturtean zehar hedabideak eman dituen saio onenen hautaketa emango dute, eskualdean izango diren jaien errepasoa egiteaz eta agenda aurkezteaz gainera.

Urtean zehar elkarrizketa ugari egin dituzte irratiko kideek eta, horrela, astelehenetan literaturari egingo diote tartea, besteak beste Laura Mintegi, Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igarabide edota Arantxa Iturberekin izandako solasaldien errepikapena eskainita.

Astearte eta igandeetarako ere elkarrizketa sorta prestatu dute -Pello Zabala, Joxe Mari Garmendia, Xabier Lasa, Joxe Landa...- eta larunbatetan eskualdeko bidaiariak eramango dituzte euren uhinetara, Saharan, Irlandan edota Suedian izandako esperientziak konta ditzaten. Horiez gainera, egun pil-pilean dauden gaiez ere arituko da Txolarre ostegunetan, besteren artean, errausketa, nekazaritza biologikoa edota alderdi horietan Tolosaldeko herri txikietan egiten den lana izango baitute mintzagai.

Arratsaldeak, ohi bezala, eskualdeko eragileen kontu geratuko dira, baina horiek ere formatua aldatu dute udari begira. Adibidez, Creacciona taldeko kide Unai Mendiluzek zuzentzen duen «Barkamenik ez» zinema saioak musika eta bidaia proposamenak ere hartuko ditu aintzat.

«Berotan urtu ez zaitezen»

Berrikuntzen artean, «38º, berotan urtu ez zaitezen» saio sortu berria -uztaila amaieran jarri zuten abian- emango du Txolarrek. Gorka Otaegi eta Virginia Etxarriren zuzendaritzapean, uda izango da hizpide nagusi. Erreportajeak, musika, udarako proposamenak eta elkarrizketak tartean, entzuleen zuzeneko parte-hartzea bilatzen du saioak eta, hartara, «Esaiezu» eta «Disko eskainiak» tarteak jarri dituzte entzulearen esku.

Gainerako programazioa estilo anitzeko musikaz osatuko dute eta, behin abuztua pasatuta, irailean ohiko programaziora itzuliko da Tolosaldeko irratia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo