Mikel Aramendi Kazetaria
Kontuak ateratzeko eguna
Gogoeta eguna izan ohi da, duela 62 urtez geroztik, gaurkoa. Hain zuzen, horixe da Hiroshiman goizeko zortziak eta laurden direnean jotzen dituzten hil kanpaien xedea. Eta hamaika era ezberdinetakoak adi daitezke, alafede, lehen onddo nuklear haren gerizpe zorigaiztokoan: gogoeta itxaropentsuak, ilunak, salatzaileak, poetikoak... Gaur bezalakoetan, luze eta zabal tematu ohi da, adibidez, ea izugarrikeria haiek beharrezkoak ote ziren II. Mundu Gerra amaitzeko eta erantzun ezberdinak topatuko ditu jakingura duenak.
Deigarria da, haatik, zein gutxitan topa daitekeen, gure ingurumari hauetan behintzat, niri oinarri-oinarrizkoa iruditzen zaidan hausnarketa-ildo bat. Gogoeta kontablea dei geniezaioke.
Ezezaguna da Hiroshiman eta Nagasakin eztanda egin zuten bi bonba nuklearrek eragindako biktimen kopuru zehatza. Are ezezagunagoa, noski, haien banaketa kualitatiboagoa. Ulergarria ere bada hori. Nolanahi ere, adituak saiatu dira biktima kopurua serioski kalkulatzen, eta bada nola edo halako kontsentsua zifra batzuen inguruan: 140.000 Hiroshiman eta 75.000 Nagasakin. Guztira, 215.000 pertsona. Ia den-denak zibilak (ezbairik gabekoa baita bi hirietan, baina batez ere Hiroshimako kasuan, ez zegoela inolako jo-puntu militar aipagarririk, ez eta bestelako interesgune militar argirik ere).
Geroztik leherkari nuklearrez hitz egiterakoan aipatu ohi diren balizko biktima kopuru ikaragarrien aldean apala dirudien zifra horrek badu, ordea, berezko tasun deigarri bat: gerra osoan Japoniak nozitu zituen 580.000 hildako zibilen ia erdia dira horiek. Hau da, 1945eko abuztuko 72 ordu haietan, Estatu Batuek ia bikoiztu egin zuten japoniar biktima zibilen kopurua. Truman jainkojalearen epaiketa moral nahiz politikoak egiterakoan ahantzi ezinezko ñabardura dela esango nuke, gutxienez.
Bada beste zenbaketa argigarri bat. Gerra hartan hil ziren 418.500 estatubatuarren ehuneko 97,3 indar armatuetako kideak izan ziren, eta haietako zazpi hamarren guduan hil ziren. Asiako eta Itsaso Bareko gudu lekuetan eroritako estatubatuarren kopurua 106.207 lagunekoa izan zen guztira. Hiroshimako bonbak soilik eragindako biktima zibilen kopurua baino aski baxuagoa, bistan denez.
Gogoeta sakonagoak egiteko lehen urratsa izan daiteke kontuak ahalik zehatzen aterata hastea.