GARA > Idatzia > Kultura

Emakumeek sexuarekin duten erlazioa ikusgai Antzoki Zaharrean

«Emakumeak izarapean» antzezlana Donostian izango da bihartik aurrera. Hainbat adin zein gizarte mailatako bost emakumeren amets, desira eta bizipen sexualen gainean mintzatzen dira antzezlanean.

p049_f01_148x88.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

Tanttakaren «Emakumeak izarapean» antzezlana bihartik aurrera izango da Donostiako Antzoki Zaharrean.

Lanak emakumeen eta sexuaren arteko harremanaren gaineko hausnarketa egiten du eta jada Euskal Herriko hainbat herritan eman badute ere, izandako arrakastak berriz ere Donostiara etortzeko aukera eman die. «Ni benetan hunkituta nago ikusleeen erantzunarekin. Nik uste jende asko halako zerbaiten zain zegoela, baina gehien harritu nauena gizonezkoen jarrera izan da, asko harritu egin dira-eta kontatzen ditugun zenbait gauzarekin, eta jende gazteaz ari naiz hitz egiten», azaldu zuen zentzu horretan aktoreetako batek, Teresa Calok.

«Emakumeak izarapean» lanak bost emakume desberdinek sexuarekin dituzten harremanak erakusten ditu, hain zuzen, aipatu Teresa Caloz gain, Sara Cozarrek, Aitziber Garmendiak, Beatriz Martinez de Antoñanak eta Pilar Rodriguezek ere egiten dituzte emakume horien guztien paperak.

Gizonarena, berriz, Asier Hernandezek egiten du, hainbat paper egiten ditu, gainera: aingeru guardakoarena, konpainia goxoa ematen duenarena, terapeutarena, lagunarena, iritsi berria den pertsonarena, oroitzapen batena, aitarena, suhiltzaileen buruarena...

Orain lau urte sortu zen ideia Mireia Gabilondo eta Lourdes Bañuelos emakumeen eta sexuaren gainean zerbait egin behar zutela konturatu zirenean.

«Adin eta gizarte maila desberdinetako bost emakumek sexuarekin duten erlazioa agertu nahi genuen eta horretarako bi galdera egin genizkien inguruko hainbat emakumeri; batetik, sexu munduan ahaztu nahi zuten zein gertaera bizi izan zuten eta, bestetik, zer den oraindik gertatu ez, baina gertatzea nahi dutena. Ondoren, informazio guztia hartu, dena ahaztu eta bost emakume desberdin margotu genituen», azaldu zuen zentzu horretan Mireia Gabilondo zuzendariak.

Emakumeek ohean dituzten irrikak, fantasiak, frustrazioak, sekretuak eta desirak ditu mintzagai lanak, «askotan hitzez esaten ez ditugun hainbat sentimenduren gainean hitz egiten dugu», esan zuen zuzendariak.

Komedia

Lana komedia bada ere, Gabilondok «une serio eta tristeak» ere badaudela argitu zuen. «Emozioen zaldiko-maldiko bat bezalakoa da lana, nahita egindakoa, gainera», gaineratu zuen.

Protagonista guztiak jasotako erantzun ona nabarmendu zuten eta Aitziber Garmendiak gainera lana «goxoki bat» izan dela ere esan zuen. «Oso dibertigarria da, barre asko egiten dugu eta oso gustura ari gara guztiak lanean», azaldu zuen aktore gazteak.

Emanaldiak bihartik abuztuaren hamabia bitarte izango dira 20.00etan, Antzoki Zaharrean. Emanaldi gehienak gazteleraz izango dira, bi izan ezik; abuztuaren 9an eta 11n. Azken egun horretan, gainera, emanaldia 22.30ean izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo