GARA > Idatzia > Kultura

Gasteizek azkenengoz dastatu du Potato tropikala

Punkaren eztandak salaketa eta aldarrikapenak gordin oihukatu zituen gurean, 80ko hamarkadan. Testuinguru horretan jaio zen Potato punk reggae party banda Gasteizen, Euskal Herri tropikala helburu.

p046_f01_148x104.jpg

Anartz BILBAO

1984an gaude eta Potato taldea sortu berria da, Juan Barikoren (Johnny Brusco, iaz minbiziz zendutako ginear-gasteiztarra), Pedro Espinosaren (Aianai) eta Pako PKOren eskutik. Ordutik, oroimenaren poltsa ondo betea du taldeak. Hastapenetako Gasteizko kale mugimendua eta Jamaikara egindako bidaia, emandako ehunka zuzeneko, bederatzi disko eta berrogeita hamar bat musikari, edo bitxikeri gisa Peruko zerrendatan lortutako lehen postua.

Hogeita hiru urte luze ez dira alferrik pasa eta inguruko bazter guztiak dantzan jarri dituen taldeak agur esaten digu, abian den «Gracias y agur» birarekin.

Iragan larunbatean izan zuen bira horrek momentu hunkigarriena bizitzeko parada, kide eta lagunen aurrean Gasteizen emandako zuzenekoarekin. Horrela, merezitako omenaldia gozatu zuen Potato taldeak, sarritan kantuetan deskribatu digun hirian jaiak hasiberri zirenean.

Hamabiak jota ziren zortzi musikariak eta bi abeslariak Foruen plazako oholtza gainean agertu zirenean. Eduardo Chillidak plaza gisa egindako eskulturako zuloak jendez mukuru ziren, bertara jaisteko harmailak eta pasabideak legez. Haur, gazte eta nagusi, hiru belaunaldi elkartu ziren bertan, urduri, dantza gogoz edo nostalgiak jota.

Astiro hasi zen festa, «Buen Tiro» eta «La Paloma» kantuekin. Pako PKO gidariak ¯zuriz eta dotore jantzita, tirante eta guzti¯ azaldu zuen taldeak ehundik gora kantu zituela eta ezinbestean bizpahiru popurritan elkartu zituztela kantu asko. «Sube, sube» eta «Rula» kulunkariak entzun genituen gero. Pakok, hasieratik taldean den partaide bakarrak, Aianai aurkeztu zuen, agur birarako berriro elkartu zaion abeslaria. Gabriel Zelaia hernaniar olerkariaren «La poesia es un arma cargada de futuro» abestuta egin zuen sarrera horrek, kapela buruan. Bien artean beste bi popurri, «Blue Ska» eta «Robotik» kantatu zituzten eta gero Aianaik hartu zuen jaialdiaren ardura, Pakok atseden hartzen zuen bitartean. Tarte horretan taldekide izandako Frank Rodriguezek bere lagina utzi zuen gitarran.

Pako PKO, akituta dagoen eta agur esatea erabaki duen bizardun irribarretsuak bere gaua zuen, zalantzarik gabe. Atsegin eta umoretsu azaldu zen bere hiriko jaietan, gau polita eskaini eta plaza dantzan jarri nahian. Potato ez da inoiz oihartzun handiegia lortu edo harrokeriarik agertu duen banda, eta azken zuzenekoa ere modu atsegin eta xumean prestatu zuten, gehiegikeriarik gabea.

Egun, Xabier Velle (gitarra) eta Joseba Negro (teklatuak) gazteak, Pity Blazquez (baxua), Roberto Gurt (bateria) eta Nando eta Iñigo Arrieta anaiek Ruben Salvadorrekin batera osatu metal hirukotea dugu Potato banda. Aianaik, gainera, taldeari aurrera egiten lagundu dion jendea oroitu nahi izan zuen, eta herri apainduaren bihotza aipatu.

Taldeak hiru kantu berri biltzen zituen single bat plazaratu zuen orain gutxi, jendeak Gasteizko zuzenekoan kanta zitzan. «Atonito y disperso» da bat eta «Educad» bestea, Aianaik kantatu zuena. Arabako taldeak beti izan du inguruko edo kezkatzen dituen gaiak kantatzeko joera, eta horrela darrai. «Do it yourself» filosofiarekin bat jaiotako taldekideak guraso dira egun (Aianaik 26 urteko alaba bat du) eta hezitzaileei eskaini zieten kantua. Willy Granadas taldekide ohia ere gitarran fin jo ditu kantuok, aspaldiko sentsazioak berreskuratu nahian.

Plazako zuloa etengabeko dantzan sartuta, «Working Class» eta «Kuiti» kantuekin hurrengo atala itxi aurretik, abiadura eta berotasuna hartu du inguruak hiritartutako baserritar eta herritarrei eskainitako «Miguelin» kantu mitikoarekin. Byron Lee jamaikarraren kantu batean du jatorria Potatok beren kanturik arrakastatsuentzat onartzen duten abestiak. Plaza zoro-zoro eginda dagoela, Miguelin bera ere agertu da oholtza gainean blusa jantzita, entzuleei barazkiak eta «porruak» botatzeko.

Bitxikeriaz betetako gauean, ondoan jarrita genuen aitona, jendea kantari ikusteaz harrituta, guregana hurbildu eta «ez dakizkit hitzak baina nire semeak dira!» esan digu harro. Iñigo tronpeta jotzailearen eta Nando tronboi jotzailearen aita da. Atzeko harmailan dantzari dabil ama, semeei begira hunkituta.

Azken txanpa «Parnaso»rekin hasi da eta kantu berri batek eman dio segida. Oraingoan beltzez jantzita eta paparrean izar gorria daraman PKOk Mendiolako herrikideei eskaini die «Pepe Solo»: «Bakartiak asko direla eta bakarrik egotea ere altxorra dela dioen arren, benetako maitasuna aurkitzea aholkatzen digu, adar jotzaile». Bukaera gertu dago eta gauaren giroa eta tenperatura ikusita taldearen lehen helburua lortua dela dio harrotasunez kantari dantzazaleak, Euskadi tropikala.

Izerdi patsetan jarri du «Jamaika Ska» kantuak plaza eta arnasestuka «Pegamento», tutulua nola egin azaltzen duen abestiak. Teorian geldi ez dadin, bateren bat ikusi dugu belarra maneiatzen eta isiotzen ere. Atseden hartzeko aprobetxatuko du jendeak bukaera, «Kiki» jostalariarekin. Azken kantuak abesteko, Begoña Bang Matu kantariaren ahots sendoa eta metalen lan bikaina izan dute lagun Aianaik eta PKOk. Ohartu gabe heldu gara helmugara eta dagoeneko hogei minutu baino ez dira falta ikuskizunak bi ordu bete ditzan. Bandak plaza agurtu eta jendea umezurtz gelditu da, dantza egarriz.

Oraindik bada taldea zuzenean ikusteko aukera, Ondarroan, Bilbon eta beste hainbat lekutan jotzekoak baitira, baina Gasteizko gaua hunkigarria da, bertan baitira urteotan bandak lagun izan dituenak. Sekulako txistu eta txalo zaparradapean berriro oholtzan da taldea. Bisak Rafael Hernandezek sortutako «Cumbanchero» klasikoarekin hasi dira, PKOren hitzetan, lotuta ere dantza daitekeena. «Monkey Man» klasikoarekin jarraitu dute gero, tximino bihurtuta. Taldeak sortu zuen lehen kantu edo bertsioa, The Specialsen kantuan oinarritzen da, jatorrizkoa Toots & Mytalsena den arren, gero jakin zuten bezala. Bukatzeko, oraingoan bai, «Derroche» zoragarria, taldearen egungo egoera labur dezakeena.

Gustura eta behin eta berriro eskerrak emanez, dozena bat taldekidek hunkituta agurtzen du plaza hustu nahi ez duen jende andana. Bukatu da ikuskizun xume bezain goxoa.

Abenduan, Durangoko azokan argitaratzekoa den liburu diskoan aurkituko dugu Gasteizko jaiei hasiera eman dien eta Potato lagunen aurrean agurtuko duen zuzenekoa. Eskerrikasko, Potato!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo