Aste Nagusiak musika bozgorailuak piztuta dauzka oraindik Donostian
Igandetik igandera ospatzen den Donostiako Aste Nagusiak bere erdiak emanak dituen arren, azken asteburua dugu oraindik gozatzeko, Haizearen Orrazia, Sagues, Konstituzio eta Trinitate plazetako agertokietan.
Anartz BILBAO | BILBO
Joan den larunbatean piratek okupatu zuten hiriak aurrera darrai su festak ikusgarri nagusi dituen ospakizunekin. Igandea heldu bitartean bada zer ikusi eta zer entzun, eta guk lau agertoki nagusietako zuzenekoak aipatu nahi ditugu.
Haizearen Orrazia da gunerik goiztiarrena. Bertan, gaur Tele-phunken. Ernesto Sanchez zaragozarraren elektrofunk egitasmoak «Antibalas» (Actua Recordings, 2005) du azken lana eta egun disko berria prestatzen ari dira. Bihar, berriz, Makala. Musika beltzaren miresle, disko jartzaile oparoa dugu zarauztarra. 2006ko «Makala selects Boom Shaka Laka» du azken lana, euskal artista ezberdinen doinu beroekin sortutako bilduma. Etzi, bukatzeko, Tote King sevillarra. Gaztelaniaz emandako hip hopak duen izarrik disdiratsuenaren «Un Tipo Cualquiera» aurtengo lan onenen zerrenda guztietan ageri da. Donostian, bertako Kode Q.U.O. talde berriaren errimek lagunduko dute.
Gehiago badiren arren, Konstituzio plazako bi zuzeneko baino ez ditugu aipatuko, bereziak baititugu biak. Batetik, gaur, Oskorri banda ezaguna. Lan berezia eman du aurten folk taldeak Bilboko Bandarekin batera, betiko kantuak bandarekin jotzeko moldatu ondoren. Donostian, Irun Hiria Bandak joko du Oskorrirekin batera. Bestetik, etzi, Tirri Tarra fanfarre bitxia. 1973an sortua, pasaitarrek Sergio Zurutuzak ondutako sinfonia eman zuten argitara iaz «Luz Negra/Argi Beltz» izeneko lanean, eta bihar aurkeztuko dute zuzenean. Trinitate plazan, gaur, Javier Sunek gidatzen duen Mod Time laukotea. Scooters taldeko kide izan genuen Egiako musikaria eta bakarlari gisa ere plazaratu ditu lan batzuk. Mod Time taldean Ainhoa Zinkunegik (baterian), Juan Zulaikak (teklatuetan) eta Iñigo Munduatek (baxuan) laguntzen dute. Bost kantu bildu dituen «Lunaticos» ep-a dute estreinako lana, Rock On disko etxean biniloan argitaratua. Biharkoak ere gipuzkoarrak, Losdelgas. Errenteriako seikote zirikatzaileak uda osoa darama saltoka, Euskal Herriko bazter guztietan butanoa eta hedonismoa banatzen. Etzi, jaien bukaeran, Pull. Marcelo Segarrak zuzentzen duen hirukotea 2000. urtean sortu zen. Zuzenean Yun Martinez piano-jotzaileak, Cristian Velasquez bateria-jotzaileak eta David Enciso baxu-jotzaileak osatzen dute iaz «Take Your Time» bigarren lana plazaratu zuen taldea.
Leloak bere leloa
Agertokiekin bukatzeko, Sagueskoa. Bertan jotzekoa da Fermin Muguruza, jatorri ezberdineko musikariz osatutako taldea lagun. Kantari irundarrak mehatxu eta jazarpenak jasan behar izan ditu Estatu espainolean eta baita etxean bertan ere, gaurko zuzenekoa bertan behera uzteko eskatu baitu eskuineko talde batek. Arazo gutxiago dute, antza, David Civeraren emanaldiarekin. Gaztetan Bertin Osbornek aurkeztutako «Lluvia de Estrellas» saioan parte hartu zuen terueldarrak seigarren lana ekarriko du, «No Bastará» izenekoa. Etzi, Los Ronaldos laukoteak itxiko du aurtengo Aste Nagusia. Coque Mallak zuzentzen duen taldea errepidean da berriro pop fresko eta dibertigarria eskaintzeko.
Gaur:
20.30ean Telephunken. Haizearen Orrazia.
23.30ean Mod Time. Trinitate plaza. 23.30ean Oskorri Band + Irun Hiria Musika Banda. Konstituzio plaza.
23.45ean Fermin Muguruza. Sagues.
Bihar:
20.30ean Makala Dj. Haizearen Orrazia.
23.30ean Losdelgas. Trinitate plaza. 23.45ean David Civera. Sagues.
Etzi:
20.30ean Tote King + Kode Q.U.O. Haizearen Orrazia.
23.30ean Pull. Trinitate plaza.
23.30ean Tirri Tarra. Konstituzio plaza.
23.45ean Los Ronaldos. Sagues.