KRONIKA | Artzain eguna Araian
Idiazabal lehiaketak eta umore antzerkiak giro onez bete zuten Araia
Artzain Egunaz gain, Andra Mari auzoko jaiak eta Umore Antzerkiko azken eguna ziren atzo Araian. Hortaz, mota askotako ekitaldiez gozatzeko aukera izan zuten Asparrengo biztanleek. Eta ez zen gutxiagorako ere. Idiazabal gazta lehiaketa bitartean, Vernisseurs taldearen ikuskizuna zebilen Herriko Plazan, artisauen feria Andra Mari kalean eta herri kirolak Gaztetxearen aurreko plazan. jaiegun osoa atzokoa Araiako herrian.
Itziar AMESTOY
Artisauen feriak hurbildu zituen bitxikeriak ikusteko jakin-minez, Andra Mariko kalea bete zuten araiakoek. Bitartean, Idiazabal Gaztaren 5. lehiaketako epaimahaia lanean ari zen helburu horretarako moldatu zen eszenatoki batean. Gazta gora, gazta behera bi orduz luzatu zuten aurkeztu ziren 27 etxetatik onena aukeratzeko erabakia. Parte hartzeko baldintza Arabako Lautadatik eta Mendietatik, Goierritik, Debagoienatik edo Sakanatik etortzea zen. Horrez gain, ardi latxako esne gordinarekin egindako gaztek izan behar zuten.
Azkenean, Gipuzkoatik etorritako Aizpea gazta-etxekoek lortu zuten lehen saria, 300 euroz, txapelaz eta garaikurraz hornituta zegoena. Bigarren, San Vicente de Aranako gazta suertatu zen. Hauek, 200 euroz gain beste trofeo bat lortu zuten. Hala ere, txalo gehien lortu zituen saria ez zen lehenengokoa izan, baizik eta Asparrengo gaztarentzat gordetakoa. Bizilagunen arteko ezagutza dela-eta, Julia Arrietak saria jasotzera igo zenean txalo eta oihu mordoa entzun ziren bildutakoen artean. «Parte hartzen dudan lehenengo lehiaketa da; baina arrakasta ikusita hemendik aurrera ere parte hartzen jarraituko dut», zion emozioz beteta Juliak.
Baina gaztak ez du soilik adituen arreta pizten. Horregatik, kale amaieran antolatutako daskatzean jende asko bildu zen. Sagardo tragoa eta gazta probatzeko, hilera luzeak izan ziren etxolaren inguruan. Trikitilariak ari ziren, bitartean, kalean gora eta behera. Jotzen zuen bero gogorragatik, nekea antzematen zen haien aurpegietan. «Ez dizkigute sagardorik eskaini, gu joan behar izan gara haien bila», bota zuen Haizeak, barre artean antolakuntzakoei kexua bidaltzeko. Horietaz gain, lau neska txiki ibili ziren trikitiekin eta albokoen txaloak lortu zituzten.
Artisauen ferian, bitxikeri asko ikusi ahal izan ziren. Jateko produktuez gain, harrian eta egurrean landutako hainbat eskulan zeuden erosteko. Herriko emakume batzuek lantzen zituzten oihalak ere zeuden feriatik. Baina Artzain Eguna zelako-edo, gazta izan zen gehien saldu zen produktua.
Herri kirolentzat ere lekua izan zen Araian. Goenatxo aita-semeek harriak jaso ondoren, aizkolarien arteko lehia hasi zen. Arkaitz Jauregi David Amellanoren aurka aritu zen bitartean, Nazabal eta Floresek Arropide eta Lopezen kontra jo zuten. Fardoan, ordea, emakume bat ibili zen; Ana Berasategi, alegia. Andra Mari kaleko giroa osatzeko hiru bertsolariren arteko jolasaldia ere egon zen.
Araiako auzoko jaiak eta Artzain Eguna ez dira izan, ordea, aste honetan Araia alaitu duten ekintza bakarrak. Umore Antzerkiaren XIV. Jaialdiak hilaren 11n abiatu zenetik, hainbat ikuskizun hurbildu ditu Arabako herriraino.
Les Vernisseurs
Atzoko eguerdian, hain zuzen ere, Les Vernisseurs taldearen txanda izan zen. Jantzi harrigarriekin, Herriko Plazan aritu ziren haien antzerki ibiltaria erakusten. Sentzu gabeko jarrerak eta ekintzak, ulergaitzak ziren esaldiekin, publikoa zer esan jakin gabe utzi zuten taldekoek. Arratsaldean Avanti Display eta Yllana ikuskizunak egon ziren; jaialdiaren azken eguna zen horretan.
Elizalde plazan, bestalde, txoko magikoa zebilen. Umore Antzerki Jaialdian berria den leku horretan, Asier Kidam magia emanaldia eskaintzen izan zen eguerdi aldera. Gauean, ordea, Jesus Lavirgenen txanda izan zen, txokoari amaiera jarri zion ikuskizuna, hain zuzen ere.
Joseba Olalderen oroigarri
Bai antzerkian, bai magian, bai eta artisauen feriaren inguruan ere kamera asko izan ziren atzoko egunean. Eta ez zen soilik izan Araiako jendeak eguna gogorazteko intentzioa zeukatela. Gauza da, Joseba Olalderen oroigarri bezala argazki lehiaketa antolatu dela herrian. Parte hartzeko bi gai jorratu behar ziren; alde batetik, umore jaialdia eta, bestetik, atzoko eguna aitzakiatzat hartuta artzaina eta baserri mundua.
Bestaldetik, orain dela bi urte hil zen argazkilariari omenaldia egiteko hain zuzen ere, bere lanen erakusketa bat ere antolatu zuten herrian uztailaren 25etik atzoko eguna arte.