Ofiziotik artera bidean, 25 urte bete ditu Debako Arte Eskolak
Debako Arte Eskolak mende laurdena bete du lanean. Jorge Oteizaren Euskadiko Arte Zentro Esperimentalaren ideia hartuta sortu zuten, baina jardunbide akademikoagoa jarraitzeko asmoz. Oteizaren ideiaren errautsa hartu eta orduan sortu zuten eskola. Orain, urtebetetzea ospatzeko ikasle ohiek egindako artelan ugari bildu dituzte erakusketa batean.
Rebeka CALVO | DONOSTIA
Jose Migel Barandiaranek esana da kulturan azken ehun urteetan aurreko bi mila urtetan baino gehiago galdu dugula. Baieztapen horrekin ados egonik, Debako Arte Eskolako zuzendariak, Mikel Campok, argi du zein den eskolaren helburua, are gehiago filosofia: «Gure helburu nagusia euskal sustraia eta kultura mantentzea da, baita hori berpiztea ere. Gure kultura mantendu nahi dugu, baina noski XXI. mendera egokituta eta modernizatuta».
Irailaren 9a arte Donositako Kutxako Boulevard aretoetan dagoen erakusketa aipatu filosofiaren adierazle garbia da. Bertan, hainbat ikasle ohik eginiko 130 bat pieza bildu dituzte; arte gaur egungo korronteak ekartzen dituzte gogora batzuek, Warhol edo Cezanne besteren artean, baina badira ere egunerokoan ohikoagoak diren hainbat elementu egin dituztenak, teontziak edota bestelako ontziak kasu, baita brontzearen galdaketa artistikoa erabilita eginiko lan abstraktoak ere. Diziplina ugari landu dituzte hortaz: zurlanketa, brontze galdaketa, pintura, harlanketa, grabaketa, collagea, zeramika...
Boulevard aretoetako hiru solairutan barna bisitariak eskolako ikasle ohien «sentimendu, lan eta ilusioak» dastatu ahal dira Campok argitutakoaren arabera. Lehen solairuan lan ikusgarrienak bildu dituzte; horien artean Lourdes Umerezen «Zaku lasterketa», brontze galdaketa erabilita eginiko eskultura, Iker Potesen «Burezur Haurra» egurrezko eskultura inpaktantea edo Maria Jose Guemberen «Babesmena» lan koloretsua.
Bigarren solairua, berriz, tailerrentzat egin dute tokia. Lan tresna eta lana egiteko mahaien artean zeramika pieza ugari eta zenbait eskultura ere ikus daitezke. Azken solairua, azpiko gela dena hain zuzen, galdaketa lanetara zuzendu dute eta galdaketa prozesua ere nola egiten den ikus daiteke bertan Karmel Aranguenaren «Sagarra» edo Iñaki Llanoren «Frontoia» lanekin batera.
Ikasle ohien lanak
Lan guztiak ikasle ohienak dira; erakusketarako euren lanen bat behar zutela eta eskatzerakoan inork ez omen zuen arazorik izan. «Oso kontent daude guztiak parte hartzeagatik», esan du zuzendariak.
Erakusketa irekitzat jo du Campok eta oso gauza desberdinak daudela ikusgai nabarmendu du: «Obra bakoitzaren atzean ikasle bat dago, irakasle bat, euren mundu partikularra... Bakoitzaren atzean nahi eta transmititzeko mezu oso bestelakoak daude».
Debako Arte Eskolaren ibilbide eta jarduna definitzeko garaian zuzendariak «berezia» hitza darabil behin eta berriz. Izan ere, ikasketak bereziak dira bere hitzetan; bertara iritsi, «harri handi bat hartu eta forma emateko aukera baitute ikasleek».
«Eskolara iristerakoan ikasleak oso motibatuta egoten dira. Hona etorri eta bere eskuekin hainbat gauza lantzen dituzte; harri handi batean euren gogo, ilusio eta motibazioak islatzen dituzte eta horrexegatik dira ikasketa hauek horren bereziak», gaineratu du.
Campok azaldutakoaren arabera, eskolak «ofizioa ikasteko aukera» ematen du, ondoren bakoitzak ikasitakoaren bizimodua atera ahal izateko.
«Harria landu nahi duenak hemen ikasiko du eta gero berak erabakiko du harri horrekin eskultore lanak egin edota beste batzuk egiten duten moduan eskultoreei laguntzea, Koldobika Jauregiri bezala kasu, edota lapidak egitea... Hori bakoitzak ikusi behar du. Guk tresnak erakusten dizkiegu, eta gero bakoitzak aukeratzen du zein bide jarraitu nahi duen. Asko eskolatik pasatu eta gero Arte Ederrak egiten dute, hori ere egia da. Badaude ere artisau bezala geratu eta euren tailerra irekitzen dutenak. Guk ogibidea bilatzeko tresnak ematen dizkiegu, baina modernizatuta eta tresna berriak erabilita», azaldu du.
Ikasketak oso-osorik hiru urtetakoak dira eta oraintxe 40 bat ikaslek du izena emanda. Baina orain arte zuzendariak nabarmendutako izaera ireki eta bereziarekin jarraituta zenbait aukera ematen dituzte, «guztien beharretara egokitzeko». Hala, «matrikula egiteko aukera asko daude: urte osorako eman daiteke izena edota bi edo hiru hilabeteetarako. Normalena hiru urtekoa egitea da, gure ustez hiru urteetan ofizio zehatz batean buru belarri egon eta gero, eskarmentu handia lortzen baitute ikasleek. Baina ez dago ezer itxita. Ez dugu titulu ofizialik ematen ere justu horrexegatik, oso bereziak baikara. Baditugu ikasleak egunero Gasteiztik edo Iruñetik etortzen direnak Debara... Oso motibatuta daude ikasle guztiak», argitu du.
«Oteizaren errautsa»
Debako Arte Eskolak 25 urte bete ditu jada, Jorge Oteizak utzitako asmoaren errautsari heldu nahi izan zioten horrela. Orioko artistaren nahia, hala ere, bestelakoa zen. Bere nahia Euskadiko Arte Zentro Esperimentala egitea zen, nahiz eta oinarrian nahia ere antzekoa zen: euskal artea berpiztea. «Berak utzitako errautsari heldu genion, baina beste bide bat hartzeko. Eskolaren egitura eman nahi genion guk zentroari eta oso argi genituen hasieratik beste egitura bat izango genuela; klaseak, irakasleak, lan metodologia...», argitu du Mikel Campok. Aipatzekoa da ere, eskolako lehen patronatuan Julio Caro Baroja antropologo eta historialariak, Nestor Basterretxea eskultoreak eta Pedro Manterola pintore eta, gaur egun, Altzuzako Oteiza Museoaren zuzendariak hartu zutela parte, besteren artean.
Urritik aurrera hasiko dira berriz ere eskolan lanean, baina lehenago, irailean, bestelako asmorik ere badute 25 urteak ospatzen jarraitzeko: «Oraindik ez dugu guzti-guztia zehaztuta, baina gure asmoa da irailean erakusketara bisita gidatuak antolatzea, baita tailer irekiak eta hitzaldiren bat antolatzea ere», esan du Mikel Campo eskolako zuzendariak.