GARA > Idatzia > Gutunak

Egoitz Euba Etxebarria Sabin Eubaren Semea. Zornotza

Agur eta ohore

Abuztuak 10, larunbata. Egun argia, eguzkitsua, beroa... herritarren nahia adierazteko egun aparta. Hori zen, hain zuzen, Zornotzan batu ginenon borondatea. Beno, guztiona ez.

Komunikabideen arabera, alde batean gaiztoak, radikalak, konfliktiboak... alde guztietan gure eskubideak zaintzen dituzten gizon eta emakume «zintzoak». Batzuen delitua geure herriaren eskubideen defentsan bizitza osoan lanean eta borrokan aritu den euskal militantea omentzea. Besteak, euren nagusiek eratutako eta Euskal Herriari dagozkion eskubideak bermatzen ez dituen markoaren defentsan. Egurrean oinarritutako defentsa gorri eta beltza.

Hori guztia bizi dugun gatazka politikoaren isla izanik, aurrera egiteko motibo gehiago ditugula ikusteko balio izan du. Iraganaetik ikasiz eta oraina landuz, euskal herritar guztien borondatean oinarritutako geroa bermatzeko aukera daukagu. Sabinek ederki asko zekien hori. Hurbil geundenoi horrela adierazten zigun, aberriaren askapenaren aldeko lana eta berau gauzatzeko beharrezko antolamendu eta prestaketa erabat bateragarriak zirela. Nagusien jakintza eta gazteen indarra, momentuaren bat-batekotasuna, eta aurrera begirako ikuspegia eta estrategia.

Zuok, marraren beste aldean zaudetenok, pentsa ezazue urteetan erabili duzuen errepresio guztiaren gainetik hemen zeudela, gaudela eta egongo direla.

Besterik gabe, besarkada bero bat Zornotzara etorri zineten euskaldun «konfliktibo» guztiei. Burua hotz eta bihotza bero. Animo, bidean ikusiko dugu elkar.

Adiorik ez, Sabin! Agur eta ohore, Kirikiño!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo