Nahi ez zuena erakusten duen erakusketa
Datorren urteko ekaina eta iraila bitartean, lelo erakargarri baten pean, Zaragozako Nazioarteko Erakusketa egingo dute. Erakusketak «Ura eta garapen iraunkorra» izango du leloa, baina ura eta iraunkortasunarekiko ardura ez da modako hitz horiek erabiltzetik harago joango eta bai leloak dioenaren kontrako norabidean. Hiri hartako hainbat kolektibo sozialek eta ekologikok, hala nola zenbait bizilagun elkartek, egiten ari diren obrek Ebro ibaiaren inguruan dagoeneko eragin duten kalte ekologikoa eta Erakusketak berak izango duen ingurumen-eragin handia salatu dute.
Baina Zaragozako Erakusketak besterik ere utzi du agerian, ez aurretik inork ohartarazi ez duelako, baizik eta orain artean inoiz ez dutelako onartu Itoizko urtegia, esaterako, Zaragoza urez hornitzeko erabiliko dutela. Hala egingo dute Erakusketa bitartean. Ur gehigarri hori Esako urtegitik hartzeko asmoa zuten, baina urtegi hartako handitze obra polemikoek mazeletan eragindako arazoak direla-eta, Itoitzen alternatiba hobetsi dute. Itoizko Koordinadorak aspaldian salatu zuen Itoizko urtegia ez zela pentsatu nafarren beharrak asetzeko eta nafarrek ez dutela erabakiko zertarako erabili. Orain eginek aitorrarazi dute estalitako egia hori. Eta agerian geratu da Migel Sanz Nafarroako Presidentzia hartzear dagoenean, hain zuzen. Baina gehiegi eskatzea litzateke berriro ere Nafarroako presidente izango denak gaurko inbestidura ekitaldia kasu honen inguruan eman beharreko azalpenak emateko baliatzea.
Ez da onartzeko modukoa gutxienik zalantzak sorrarazten dituzten proiektuak iragarri eta, herritarrei kontsultatu gabe, haien adostasunik gabe, aurrera ateratzea. Ez da onartzeko modukoa proiektu horien aurka azaltzen direnak kriminalizatzea, kasu honetan bezala arrazoi osoa dutela erakutsi arren. Eta ezin da onartu horretarako guztirako gezurra erabiltzea. Gezurra, horrelako proiektuetan ez direlako aintzat hartzen herritarren beharrak hitz eta lelo arranditsuetan baino. Eta, era berean, irizpide ekologikoa, behin eta berriz erakutsi izan duten bezala, ez dago Estatu espainolaren interes «handien» artean. Datorren urtean egingo duten Zaragozako Nazioarteko Erakusketak, ekitaldi ekologiko gisa aurkeztuta, ondo agerian utzi du gezur horietako bat.