GARA > Idatzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

Xirinacsen suizidioa

Askea zelako egin du. Askatasunak hori dauka, nahi duzuna egin dezakezula, zuzena edo okerra izan. Onartua edo deitoratua. Txalotua edo erdeinatua. Norberaren buruaz beste egitea askatasun maximoa da. Zer esan edo ez esan baino haruntzago. Nola esan eta noren aurrean esan baino areago, askea zara erabaki ahal duzunean egon nahi duzun ala ez duzun egon nahi. Eta nahi zuen lekuan egoterik ez zeukanez, ez egotea erabaki zuen. Catalunya askean egon ezean, orduan inon ere ez. Ez dago erabaki askeagorik.

Suizidatzeko arrazoiak sailkatuta ei daude: aurreikusten den etorkizun iluna ez bizitzeko, norberaren dekadentziaren lekukoa ez izateko, krisi larrian irtenbiderik ikusten ez delako, eta buru-gaixotasunak eraginda delako. Sailkapenean ez da azaltzen koherentzia hitza. Ezta duintasuna ere.

Xirinacsek koherentzia eta duintasuna erakutsi zituen beti, baita ere 2002ko irailaren 11n, Kataluniako «Aberri Egunean», esan zuenean «em declaro enemic de l'Estat espanyol i amic de la ETA i de Batasuna». Esaldi egiatan garrantzitsua zen kontuan hartzen badugu Gandhiren eskolako zela. Esaldia ez zen beroaldi bateko boutadea. Bakezalea zen eta bortizkeria ez zuen maite, baina bortizkeria motak bereizten zituen: «Gandhi deia que el no violent no pot tractar amb neutralitat les parts d'un conflicte violent: l'agressor és l'enemic, l'agredit és l'amic, tot i que sigui violent. Jo he intentat tota la vida lluitar per la via no violenta. Però declaro aquí i ho dic ben alt, per si hi ha algun policia o algun fiscal». Hau da, «Gandhik zioen bakezaleak ezin dituela berdin hartu gatazkaren bi aldekoak: erasotzailea da etsaia, eta erasotua adiskidea da, bortitza bada ere. Bizitza osoan ez-bortizkeriaren bidetik jo izan dut. Eta hala ere, hemen esan behar dut, argi eta ozen, poliziaren edo epaileren bat entzuten badago: estatu espainolaren etsaia naiz eta ETAren eta Batasunaren adiskidea». Eta esaldi honek eraman zuen bi urtez kartzelara eta lau urtez ezgaitu zuen jarduera publikorako, nor eta 1977-80 urteetan Espainia osoan boto gehien lortu zuen senadore independentea (eta independentista).

Euskaldunekikoa baino gehi-ago esan zuen diskurtsu hartan. Hitzaldia honela hasi zuen: «Benvinguts tots, avui és el dia de la independència dels Països Catalans. Si avui no podem parlar d'independència, quan en parlarem? Afirmar la independència dels Països Catalans és una cosa que gairebé molta gent se la té prohibida». Lehen esalditik kokatu zuen arazoa, garbiki. Zertaz hitz egingo dugu oinarrizko arazoari buruz hitz egiterik ez badago? Zein izan daiteke min- tzagaia?

Independentzia erabateko egoera da. Ez da erdizka edo zatika eduki ahal duzuna. Haurdun zaude ala ez zaude, ezin duzu egon apur bat haurdun. Eta independentziarekin gauza bera gertatzen da: burujabea zara ala ez zara; aske jokatu ahal duzu edo beste norbaitek dauka erabakimena. Naparroi galdetu zer garen; askeak edo esklabuak, Xirinacsen hizkeran.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo