Alaves
Katxorro Alaveseko jokalari izatear da
GARA | GASTEIZ
Jandrok alde egin ostean, kalitatedun jokalari bat nahi zuen Josu Uribek. Bada, iristear da talde babazorrora: Francisco Javier Katxorro erdilari bizkaitarra egun gutxiren buruan Alaveseko jokalari izan daiteke.
Atzoko saioaren ostean oso itxaropentsu mintzatu zen Uribe Lezamako harrobiko jokalari horri buruz.
«Jandrok bezala, aurreraturiko erdilari izan daiteke, ezkerrean joka lezake, pibote bokoitzean ere maila ematen du. Jokalari txikia da, oso dinamikoa. Iaz Elx-en oso ondo jokatu zuen eta futbolean bikain daki jokatzen. Ea laster datorren!»
Bestalde, Denboraldi-aurreko azken lanak egiten ari da Deportivo Alaves. Hala, bigarren mailako liga txapelketa hasteko bezperetan, entrenamendu saio bereziak ezartzen ditu Josu Uribe arabarren entrenatzaileak.
Esaterako, bezperan Logroñesen aurka penaltietan nagusitu eta gero, arabarrek lan saio leuna izan zuten atzokoan. Josu Uribek zuzentzen duen taldea bi zatitan bereiztuta aritu zen entrenaldian. Batetik, Biasterin minutu gehien izan zituztenek: Ardouin, Coromina, Gaspar, Robledo, Angel, Astudillo, Garro, Edu Alonso, Mena, Orlandi eta Raul Sanchez, indarberritzeko saioa izan zuten.
Bestetik, partidan gutxien jokatu zutenek arlo taktikoa lantzeari ekin zioten bereziki. Lan handia egiteke dagoela ikusita, Uribek lana eragin zien bere gizonei, bezperan Biasterin taldeak erakutsi zuen itxura eskasa ikusita.
Min hartutakoak aparte
Ibaiako entrenamendu saioan Miguel Perez eta Wellington Paulista izan ziren gainerako kideez aparte entrenatu ziren bakarrak. Lehenengoak sendatzeko lanean jarraitzen du eta Paulistak, Logroñesen aurka golegile izan zenak, belaunean kolpea dauka. Gabrik, bere aldetik, taldekideekin batera ekin ahal izan zion prestaketa lanei.
Izan ere, goizeko lan saioa besterik ez zutela izan atzo Josu Uriberenek, arratsaldean jai izan baitzuten talde babazorroko jokalariek.
Langintza bereziak dituzte gasteiztarrek. Hala, lan bikoitza egitea egokituko zaie gaur, 10.30ean eta 18.30ean. Ostiraleko eta larunbateko entrenamendu saioak, ostera, goizean izango dira.
Larunbatean, 18.30ean, Lezaman Bilbao Athleticen aurka jokatu beharko du Alavesek. Denboraldi-aurreko azkeneko norgehiagoka izango da bera.