«www.tuemites.com», saioak trukatzeko Casaresen ekimena
Donostiako Casares irratiaren ekimena da «tuemites.com» web-orria. Zenbait irrati txikik saio-zerrendak osatzeko dituzten arazoei irtenbide emateko asmoz sortua, saio osoak edo zatiak doan jarri dituzte erabiltzailearen esku eta norberak bere lanak ere igo ditzake.
Amalur ARTOLA | DONOSTIA
Casares irratitik irtendako ekimena da <www.tuemites.com> delakoa. Izen bereko kultur etxean dute egoitza eta, hainbat irratizaleren irakaspen gune izateaz gainera, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak erabiltzea du xede. Gisa horretan sortu zuten aipatu tako web-orria ere, eta edonork edozein unetan -soilik doako izen-ematea behar da- eskura ditzake irratsaioa osatzeko baliagarri izango zaizkion audio atalak, baita saio osoak ere.
Ekimenaren sustatzaileek azaldu dutenez, irrati txiki eta, batez ere, kulturalentzako saio laburrak sarera igotzen hasi eta, gunearen arrakasta ikusita -18.000 erabiltzaile potentzialetik gora dute-, programa luzeak sartzen eta gai ezberdinak lantzen hasi ziren.
«Gu bezalako irrati txiroei begira sortutako gunea da; jendeak igo egiten ditu programak trukatu ahal izateko. Irrati askok ez dute saio-zerrenda betetzeko materialik eta horiei laguntzeko sortu genuen». Igotako audioak erabilgarri izateko -gehienak gaztelaniaz daude, baina euskaraz, katalanez eta galegoz egindakoak ere topa daitezke-, irrati etxeen izenak aipatu beharren «honetan, zure irratian» gisako esaldiak erabili dituzte eta denboragabeak diren saioak izan daitezen ahalegintzen dira. Izen emate kopuruaren harira, sustatzaileek «ezusteko itzela» hartu zutela agertu dute: «Txundituta geratu ginen, baina uste dugu gehienek esatari gisa ematen dutela izena, ez irrati bezala, eta, beraz, hedabide beretik hainbat erabiltzaile ditugula uste dugu».
Aipatutako erabiltzaileetatik gehienek programak jaisteko erabiltzen dute gunea, baina badira saioak eta atalak sartzen dituztenak ere eta Casaresen ere erabiltzen omen dituzte: «Igande edo gauetan ordutegia betetzeko edo interesgarriak iruditzen zaizkigulako, guk ere erabiltzen dugu eta benetan gauza majoak igotzen ditu jendeak». Baina, maiz gertatu ohi den bezala, sistema honek abantailak izateaz gainera «akatsak» ere ba omen ditu: «Batzuek negozioa egiten dute, paketeetan besteek egindakoa salduz. Egile batzuk haserre daude. Tira, azken batean partekatzeko eta zuk egindakoa zabaltzeko eskaintzen duzu zure lana, baina amorrua ez dizu kentzen».