Zazpi oinaze-oihu espetxeetako harresietatik ihesi
Jon Agirre, Bautista Barandalla, Jose Ramon Foruria, Maria Dolores Gorostiaga, Gotzone Lopez de Luzuriaga, Juan Jose Rego Vidal eta Josu Uribetxebarria. Zazpi oinaze-oihu espetxeetako harresietatik ihesi. Askatasunak egin duen kartzeletako kronikan gori-gori dago preso erien afera.
Oihana LLORENTE
Kartzelak gaixotasuna dakar. Estatu frantsesak eta espainolak euskal preso politikoen aurka erabiltzen duten espetxe politikak ondorio lazgarriak sortzen ditu presoen osasunean. Zoritxarrez, hori ez da kontu berria, sei euskal preso politiko hil baitira azken hogei urteetan gaixotasun larrien ondorioz, espetxeetako ziega ilun eta bakartietan. Sei horietaz gain, ezin ahaztu beste preso ugari azken hatsetan zeudela askatu zutela. Josu Retolaza, Jabi Gorostiza, Santi Diaz, Esteban Estaban Nieto, Kepa Miner, Jean Louis Maitia eta Juan Jose Etxabe askatasunaren haizea dastatu bezain azkar zendu ziren. Estatu espainolak eta frantsesak hiltzeko askatu zituzten.
Alta, kontu berria ez izateak ez du esan nahi gaurkotasunik gabeko berria denik. Askatasunak egindako uztaileko espetxe kronikan gori-gori dagoen gaia da preso gaixoen afera.
Joan den hilabetean, beste preso politiko batek dagoeneko luzea den preso gaixoen zerrenda emendatu zuen. Gotzone Lopez de Luzuriagak egin du, eta minbizia du bularrean. Jaenen dute preso, herritik, Aguraindik, ehunka kilometrora. Bertan, ekainaren hasieran, espetxean bahiturik eta senideengandik eta maite duten lagunengandik urrun zegoela, bularreko minbizia diagnostikatu zioten.
Berri ilunari aurre egiteko beta handiegirik izan gabe, ekainaren 26an ebakuntza egin eta adenokartzinoma erauzi zioten, Jaengo Ospitalean. Orain anatomia patologikoaren zain da, eta hori eskuratutakoan, erradioterapia tratamendua egin beharko du Gotzonek.
Eritasuna dela-eta, Jaengo espetxeak hirugarren gradua ezarri dio Gotzoneri. Era berean, kartzelak berak baldintzapeko askatasun eskaera egin dio Espetxezaintza Zentralari, 196. artikuluan oinarrituta. Orain, erantzunaren zain da.
Gaixotasunaren atzaparrak ez dira horretan gelditu. Joan den uztailaren 7an, Euskal Herriak San Fermin eguna sutsuki ospatzen zuen bitartean, Anjel Figeroak beste epilepsia krisialdi bat izan zuen Langraizko espetxean. Konortea galdu eta konbultsioek eraginda zauriak eta kolpeak izan zituen gorputzean.
Txagorritxu ospitalera eraman, eta makina bat mediku azterketa egin zioten. Hilaren 16an espetxera eraman zuten bueltan, eta gaixotasunagatik ziegan bakarrik ezin dela egon atzakiatzat jarrita, beste bi preso arruntekin dute bahiturik Langraitzeko funtzionarioek.
Figeroak duen gaixotasuna dela-eta, lasaitasuna ezinbestekoa du, baina bi preso arruntek ez diote lorik egiten uzten. Horiek hala, ziega edota ziegakideak alda diezazkiotela exijitzeko lau egun iraun zuen gose- greba bat abiatu zuen joan den uztailaren 23an.
Euskal preso politikoen abokatuak eta bahituta dituzten espetxeak preso gaixoen askatasuna aldarrikatzen duen Zigor Kodearen 92. artikulua ezartzeko hamaika tramite egindakoak dira. Maizegi, ordea, presoek gaixotasun larriak dituztela aitortu arren, 92. artikuluaren eskaerari ezezkoa eman ohi diote. Modu horretan, gaixotasunaren sorleku diren kartzeletan egotera behartzen dituzte larriki gaixo diren presoak. Sufrimenduaren amaigabeko katean egotea inposatzen diete presoei eta haien senide eta lagunei.
Uztaila ez da salbuespena izan, eta, bata bestearen atzetik, 92. artikulua ezartzeari hiru ezezko eman diote oraingoan. Baiezkorik, ordea, bat bera ere ez.
Josu Uribetxeberria eta Juan Jose Rego Vidal aska ditzatela eskatzen zuen 92. artikulua ukatzeari jarritako errekurtsoak atzera bota dituzte hil honetan. Azken horri, gainera, konfiantzazko medikuek Euskal Herrian artatu ahal izateko eskatutako traslado berezia ere ukatu diote bigarrenez.
Mikel Gil iruindarrari ere kalera ateratzea ukatu diote; hala eta guztiz ere, konfiantzako psikologoarekin bisitak edukitzeko baimena eskuratu du uztailean.
Hilabeteko berri pozgarria, ordea, Aranjuezko espetxetik etorri da. Bertan preso dute Ramon Sagarzazu. Bihotz arazoak izan ditu, eta hobera egin du; hala, larriki gaixorik dauden presoen zerrendatik at geratu da.
Baldintza gogorrenetan ere, borrokan
Preso gaixoen aferak garrantzi berezia hartzen duen arren, Askatasunak egindako kronikan euskal preso politikoei inposatzen dizkieten bizi-baldintzen ispilu diren hainbat egoera ere jaso dira.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboko gehienek neurri murritzetako ziegetan igarotzen dute egun osoa. Bi eta lau ordu arteko epea soilik ematen dute ziegatik kanpo, eta orduan ere lau paretaren arteko patioan aurrera eta atzera igarotzen dute denbora.
Preso batzuek, gainera, ez dute ziegan bakarrik egoteko aukerarik. Horren adibide argia Mila Ioldiren kasua dugu. Ioldi Castelloko espetxean dago, bigarren graduan. Baina moduluko ziega preso arrunt batekin partekatzera behartu nahi zuten espetxeko funtzionarioek.
Ioldik bere eskubideak aldarrikatu, eta ziega beste preso batekin banatzeari uko egin dio. Ordainetan, hamar egunez bakartze ziega batean izan dute; hiru astean espetxe berean dagoen bere mutil-lagunarekin komunikatzeko betarik ez du eduki; eta, gainera, lehenengo gradua ezarri eta beste kartzela batera eramango dutela esan diote.
Saroia Galarraga Paueko espetxetik Mitard-eko kartzelara eraman dute bere zelda preso arrunt batekin partekatzeari uko egin diolako.
Euskal presoak bakartuta dituzte, eta elkarren artean harremanak edukitzeko trabak izateaz gain, familiako ingurunetik, inguru sozialetik eta politikotik urruntzeko makina bat neurri ezartzen dute. Dena debekatua, murriztuta edota interbenituta dute.
Navalcarneroko espetxean, adibidez, bost minutuko zortzi dei egin ahal dituzte bertan dauden euskal presoek. Astean, orotara, 40 minutuz aritu daitezke espetxetik at, telefonoaren bestaldean dagoen pertsonarekin, eta oso tarte motza da hori.
Badira, ordea, telefono deirik ez dutenak ere. Estatu frantsesan epaitu gabe diren euskal presoak dira horiek; baten batek, gainera, zazpi urte luze igaro du maite dituen horien ahotsa entzun gabe.
Hala ere, telefono deien eta eskutitzen gainetik, bisean bisekoak dira bai preso, bai senideen altxor preziatuenak. Asteburua noiz iritsiko zain, urduri egon ohi dira biek ala biek. Ehunka kilometro bidaiatu ondoren, espetxea begi-bistan ikustean kirioak dantzan jartzen dira sabelean. Kristalak mugatuta bada ere, berrogei minutuz hurbil sentitzen baitira bata bestearengandik.
Baina hilero, ezin ahaztu, kilometro asko egin ondoren, bisita egin gabe etxera bueltatzen direnak hamarnaka dira. Joan den uztailaren 21ean, adibidez, Andoni Aspiazu presoaren hiru lehengusu Soto del Real espetxe atarian gelditu ziren; NA eta familia liburua behin eta berriz erakutsi arren, ez zieten sartzen utzi.
Bizi-baldintzak gogorrak izan arren, espetxe politikak ez du EPPKren duintasuna bukatu. Kolektiboaren dinamika politikoak ez du etenik, eta Algecirasen ez bada, Martutenen izango da, edo Teruelen edota Fresnesen. Baina une oro bada borrokan den euskal preso politiko bat. Espetxeetan egiten diren itxialdi edota barauak haien duintasunaren ikur dira.
JON AGIRRE AGIRIANO. Artrosi orokortua eta hernia diskala du. 1998an diabetes mellitus diagnostikatu zioten, eta horren ondorioz, alde biko miopia, hiperkolesterolemia, hiperglizeridemia eta miokardioko bihotzeko larria izateko arriskua du.
BAUTISTA BARANDALLA IRIARTE. 2002an kolitis ultzerosoa diagnostikatu zioten, eta hainbat ebakuntza egin dizkiote. Espondilitis ankilosantea eta bi aldeetako sakroileitisa ere aurkitu diote.
JOSE RAMON FORURIA ZUBIALDEA. Maskuriako minbizia diagnostikatu zioten 2004. urtean.
Maria DOLORES GOROSTIAGA RETUERTO.Eskuineko bularrean neoplasia aurkitu zioten 2005ean. Mastektomia partzial baten ostean, erradioterapia hartu behar izan du. 2006. urtean bi miona diagnostikatu zizkioten. Horretaz gain, diabetes mellitus, dislipemia mistoa eta hipertentsio arteriala ditu.
GOTZONE LOPEZ DE LUZURIAGA. Bularreko minbizia aurkitu berri diote.
JUAN JOSE REGO VIDAL. Gaitz zerebrobaskularra, diabetes mellitus eta hipertentsioa ditu duela 15 urte baino gehiagotik. Horren ondorioz, retinopatia diabetikoa du, kataraten hastapena bi begietan, baita ikusmenaren galera nabarmena ere.
JOSU URIBETXEBARRIA. Giltzurruneko minbizia aurkitu ostean, 2005ean nefrektomia egin eta ezkerreko giltzurruna kendu zioten. Ondorioz, aldian aldiko kontrolak egin behar dizkiote.