ARRAUNA San Miguel Liga
Urdaibaik liga ia erabakita utzi du aurkariaren etxean
Oriok laugarren amaitu zuen zaleen aurrean, eta sailkapeneko tartea hamar puntura iritsi da
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Urdaibaik San Miguel Liga ia erabakita utzi du aurten izan duen aurkari gogorrenaren etxean bertan. Bermeotarrek ligako zazpigarren bandera irabazi zuten Orion, eta sailkapenean hamar puntuko tartea ireki dute denboraldian lehen aldiz. Lau estropada puntuagarriren faltan, bizkaitarrek liga poltsikoan dutela esan daiteke eta, Kontxa iristear den honetan, badirudi inor ez dela Bermeokoen nagusitasuna kolokan jartzeko gai.
Azken asteetan, Urdaibaik egoera guztietan ongi moldatzen dela erakutsi du. Izan ere, bezperako estropadarekin ez zuen zer ikusirik izan Oriokoak. Haize printzarik ere ez zen sumatzen hondartza inguruan, eta itsasoa ere bare-bare zegoen. Horiek hala, ezustekorik gabeko proba izan zen San Miguel Ligako hamalaugarren estropada puntuagarria, indarrak zuzen neurtzeko egun egokia.
Hondarribia izan zen Urdaibairi gehien eutsi zion ontzia. Lehen eta bigarren kaleen artean lehia oso polita izan zuten ia estropada guztian, baina bizkaitarrak metroz metro, maniobraz maniobra, ehunekoak urratzen joan ziren, eta azkenean aldea bost segundokoa izan zen bien artean. Esatea bera ere mingarria suertatzen da, baina Hondarribia bost aldiz izan da bigarren aurtengo San Miguel Ligan, eta ezin izan du oraindik garaipenik lortu.
Oriok, bestalde, ezin izan zion aurreko bien erritmoari eutsi eta bigarren luzetik aurrera zaleen aurrean garaipena lortzeko aukerarik gabe geratu zen. Azken bi asteburuak gogorrak izan dira gipuzkoarrentzat. Aurreko igandean Zarauzko Ikurrina galdu zuten; Laredoko estropadan Ibon Gaztañazpi arraunlari titularrak min hartu zuen, eta atzo ezin izan zuten etxeko estropadan seigarren garaipena litzatekeena eskuratu. Hala ere, eta Kontxan lan ona eginez gero, azkar ahaztuko dira gertaera horiek guztiak.
Eguneko txanpa ederrenak, bestetik, bigarren txandan iritsi ziren. Estropada bitan zatitu zen azkar asko: Pedreña eta Zarautz aurretik, Zumaia eta San Pedro atzetik. Enbata eta Maria parez pare ibili ziren hasieratik bukaera arte, eta itsasoko epaileak ere abisu bat eman behar izan zion Zarautzi lehen kalean sartzeagatik. Pedreñak indartsuago amaitu zuen estropada, eta azken luzean bi traineru eskaseko aldea atera zion Zarautzi. Orioren denbora hobetu eta hirugarren posturaino igo zen. Zarauztarrek bosgarren egin zuten.
Lehen txandan, azkenik, Arkotek egindako lana nabarmendu behar da. Hasieratik ikusi zen indartsu irten zela, eta azkenean seigarren denborarik onena egin zuen. Sailkapenean azken postuan dira; kanporaketa jokatu beharko dute, baina atzoko mailarekin eta arraunlari propioen kuporik gabe, Kontxan sartzeko hautagaietako bat da.