GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri-jasotzea

Goenatxok bi aldiz jaso du 200eko beruna

p034_f02_088x128.jpg

J.L. | BIDANIA

Marka ederra egin zuen atzo Goenatxo II.ak Bidanian, 200 kiloko berunezko kubikoa bi aldiz berdindu baitzuen bizkarraren gainean bost minutuko txanda bakar batean. Orain arte inork egin ez zuena egin zuen.

Ikaragarrizko jendetza batu zen Bidanian marka saiakera hori ikustera, 2.000 ikusle inguru bertaratu baitziren. Berunik ia inork ez du erabiltzen, eta honelako marka saiakera batek beti pizten du ikusmina. Egunak izan zuen aitzakia bakarra eguraldiarena izan zen, ikaragarrizko beroa egin baitzuen.

Berunezko harriak oso bereziak izaten dira, harri normalek baino askoz ere tamaina txikigoa izaten baitute, eta horrek asko zailtzen ditu gauzak. Harriak, gainera, kilo bat gehiago pisatu zuen, eta amaieran, 201 kiloko beruna bizkarreratu behar izan zuen azkoitiarrak.

Epaileak txistua jo bezain azkar heldu zion berunari, eta lehen jasoaldi bikaina eman zion; marka egina zuen. Goenatxok, ordea, ez zuen jasoaldi bakar batekin joan nahi, eta atseden bat hartu ostean, bigarrenaren bila joan zen. Bigarrenari heldu zionean, ordea, eskuetatik ihes egin zion. Horrek kezka sortu bazuen ere, Goenatxo berriro ere ahalegindu zen, eta azkenean bigarren jasoaldia ere egin zuen. Ez zegoen tarte gehiago, eta hortxe amaitu zen bere saioa, marka bikaina eginda. Berunezko harriekin bi marka handi dauzka Goenatxok; atzokoaz gain, 175eko kubikoarekin ere berak dauka. Izan ere, ordu erdian, 37 aldiz baitauka jasota.

«Oso gustura nago egin dudanarekin. Bero ikaragarria zegoen, eta izerdia oso erraz ateratzen zen. Baldintzak ez ziren egokienak, baina helburua bete dut», esan zuen. «Hasieran, hiru jasoaldi ematea ere pentsatuta egon naiz, baina gehiegi arriskatzea zela pentsatu dugu, eta bi egitea erabaki dugu. Lehenengoa ongi jaso dut. Bigarrengoa gehiago kostatu zait, baina hori ere lortu dugu», erantsi zuen.

Izeta II.a

Izeta II.ak ez zuen hutsik egin herenegun Elgoibarren jokatu zen torneoan, eta berak irabazi zuen. 100 kiloko zilindro zaharra, bola eta kubikoa erabili zituzten, eta bakoitzarekin lanean aritzeko hiru minutu izan zituzten harri-jasotzaileek.

Aiarra jaun eta jabe izan zen, eta 89 aldiz berdindu zuen harria bizkarraren gainean. Bigarren postua, berriz, Izeta III.ak eraman zuen, 83 jasoaldirekin. Hirugarren, Eizmendi izan zen, izetatarren ikaslea, 78 jasoaldirekin. Izeta IVa. gelditu zen laugarren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo