GARA > Idatzia > Euskal Herria

BILBOKO ASTE NAGUSIA

Erraldoiak erakartzerainoko zaporea utzi zuen buztan-gisatuak Areatzan

Bilbon inor gutxik ikusi du eguzkia aurtengo aste nagusian, eta horregatik erraldoiak pozik zirela antzeman zitekeen atzo. areatzan bukatu zuten ibilbidea, bertan prestatzen ari ziren buztan- gisatuaren usainak erakarrita.

bilbo.jpg

Ander GARTZIA

Nahiz eta Aste Nagusiko azken eguna izan atzokoa, Euskal Herriko beste txokoetatik ere joan nahi izan zuen jendeak Areatza ingurura, bertan senti zitekeen festa giroak erakarrita. Hala, giro eguzkitsuan dotore apainduta atera ziren kalera Arrasatetik, Bermeotik, Getxotik, Amurriotik, Irundik, Kanbotik, Iruñetik, Taustetik, Tuteratik eta Bilbotik bertatik etorritako 38 erraldoiak, akaso Marijaiak berak gonbidatuta. Soineko ederrekin prest agertu ziren erraldoiak ere Bizkaiko hiriburuko jaiez gozatzeko, eta Alde Zaharreko kaleetan barrena ibili ziren dantzan eta bueltaka. Irribarre galanta zeukaten aurpegi zabaletan, bilbotarrak ez bezala, aterkiaren beharrik gabe zebiltzalako edo eta bazekitelako jaietako azkenetariko protagonistak behar zutela izan. Gutxik bezala jakin izan zuten jendearen arreta eta kamerak bereganatzen, baina beti aurrera begira jarraitzen zuten tinko, nahiz eta aukerarik bazeukaten herritarren etxeetako balkoietan ere zer gertatzen zen ikusteko. Kale estuetan barrena ilaran zihoazen erraldoiak, eta noizbehinka, tarteak aprobetxatuz, bikotekidearekin dantzalditxoak egiten zituzten; izan ere, ongi baino hobeto zihoazen lagunduta gizona eta emakumea. Guztira hemeretzi bikotek osatu zuten kalejira, txistularien soinu alaiarekin eta buruhandien bihurrikeriekin nahasita. Azkeneko horiek eragin zituzten, puxika astinduz, jendearen korrikak. Erraldoiei konpainia egitera atera ziren buruhandiak ere, baina han barna zebiltzan herritarrei bizkarrean joka jardun zuten ibilbide osoa.

Denetarik zeuden, itsusiak, beldurgarriak, famatuak, baita zaldi itxurakoak ere, agian bilbotar azkarrenak ere ihes egiteko aukerarik ere izan ez zezan. Gaztetxoek harriduraz eta ikaraz begiratzen zituzten pertsona «gaizto» horiek. Jendearen artean bazeuden gazte ausartak, buruhandiei aurre egiten saiatzen zirenak, baita puxika lapurtzera ere iritsi izan zenik. Baziren, ordea, amatxoren eta aitatxoren atzean ezkutatzen ziren haurtxoak ere, puxikadun pertsona haiengandik babestu nahian negar intzirika hasi zirenak. Gertutik jarraitu nahiko zituzten erraldoien mugimenduak, baina buruhandiak ikustearekin batera, horren ausartak ez zirenek gurasoen eskua estutzea baino ez zuten irtenbide bere esku urduriak lasaitzeko. Ulertzekoa da; izan ere, batadun «zital» haiek antz txikia baitzeukaten Alde Zaharrera bertaratu ziren herritar lasaiekin. Hala eta guztiz ere, haiek piztu zuten giroa beren maltzurkeriekin, eta esan beharra dago ohi baino lasaiago ibili zirela atzo.

Erraldoiek Alde Zaharreko bazterretan nahiko dantzatu ostean, azken saioa Areatzan bildutako jendeari eskaini zioten. Bertan, ilaran jarri ziren eta bikoteak banan-banan agurtu ziren txistularien soinu artean. Jendearen txalo zaparradak eragin zituzten azken dantzaldiek, eta nabari zen erraldoiak gustura zeudela denen begiradapean. Horiek hala, beren herrietara abiatu ziren, edo beharbada, Marijaiaren agurra ikusi eta gero alde egingo zuten.

Zezen buztana

Areatzan bertan konpartsetako kideek buztan-gisatua prestatzen ziharduten, eta inguruan utzitako usain ederrak erraldoiak eta buruhandiak erakarri zituen bertara. Giro aparta zegoen, eta lehiakide eta kuxkuxero asko bildu ziren. Aurreko egunetan ez bezala, eguraldi onak ere izena emanda zuen bazkarirako, eta termometroek 35 gradu markatu zituzten. Memento hartantxe, gisatua berotzen ari zen batek «euria egin dezala» oihukatu zuen, eta gertukoen barre algarak eragin zituen, bat baino gehiago euri kontuekin kokoteraino baitzegoen Bilbo aldean. Mikrofonoa lagun zeukan hizlariak ere, Bilboko alkateak gomendatu zuen bezala, nahi zuenak ibaira salto egin zezakeela gogorarazi zuen txantxetan.

Harrera ona izan zuen berriz ere gastronomia-lehiaketak, eta lagunarteko norgehiagoka bat baino gehiago profesionalen arteko lehia zirudien atzokoak. Inguruan bildutako jendeak tentuz begiratzen zien sukaldariek egindako urratsei, eta bazkaltzeko orduetara gerturatu ahala, gosea eta egarria handitzen joan ziren. Eguerdiko ordu biak inguruan han bildutakoen begiradetan distira berezi bat antzeman zitekeen, eta ziurrenik borondatezko hainbat epai- mahaiko azalduko zitzaizkien antolatzaileei. Beren «lanak» erakusteko ordu gutxi falta zirela, bazegoen gisatua bukatuta zeukan konpartsarik, bai eta orduantxe patatak zuritzen hasia zenik ere.

Epaimahaikoen esanetan, atzo Areatzan konpartsek erakutsitako maila altua izan zen, eta gustura egin omen zuten berei egokitutako lana. Hala ere, txapelketa guztietan bezala, irabazleren bat izan behar da, eta gisatu bat aukeratu behar izan zuten guztien gainetik. Hala, Uribarri konpartsarentzat izan ziren irabazleari zegozkion garaikurra eta txapela, eta, bide batez, gustura bazkalduko zuten atzo Areatzan prestatu zen buztan-gisaturik onena. Bigarren tokian Sin Cuarte 1 sailakatu zen eta hirugarren postua Lehoiaki egokitu zizaion. Laugarren eta bosgarren gisaturik onenak Txinbotar bat eta birenak izan ziren. Guztira hogei garaikur izan ziren, eta saria banatzea Larraitz Cisneros txupinerari eta Kepa Junkera pregoilariari egokitu zitzaien jaien azken gastronomia-lehiaketan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo