GARA > Idatzia > Arrauna

Kontxarako sailkapen estropada

Beldurraren estropada hemen da

21 traineruk hartuko dute parte gaur arratsaldean zazpi txartel banatuko dituen proban. Donostia Arraun aurkarien zain dago.

p041_f01_250x140.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Iritsi da azkenean «beldurraren estropada». Hala ezagutzen da, hain zuzen, Kontxako sailkapen estropada famatua arraun-munduan (18.30, ETB-1). Delakoan, 21 traineruk hartuko dute parte bi multzo nagusitan banatuta eta zazpi onenek bakarrik lortuko dute datozen bi igandeetan, irailaren 2an eta 9an, Kontxako Banderaren lehian sartzeko txartela. Estropada, beti bezala, erlojuaren aurka jokatuko da, 3 itsas-milako ibilbidea izango du eta ziaboga bakarra eman beharko dute ontziek. Irteera ordena zozketa bidez erabakiko dute estropada hasi aurretik eta Donostia Arraunek sailkapena lortuta du abuztuaren 17an donostiarren arteko lehia irabazi eta gero.

Ezustekoak ezusteko, 21 traineruak hiru multzotan banatu daitezke duten mailaren arabera. Lehenengoan sei faborito nagusiak daude: Urdaibai, Orio, Hondarribia, Zarautz, Castro eta Pedreña. Bermeoko Bou Bizkaia eta Orioko San Nikolas ontziek, esaterako, ez dakite, denboraldian jokatutako estropada puntuagarri guztiak kontuan hartuta, aurreneko zazpi tokietatik kanpo geratzea zer den. Beste lauak, berriz, bi edo hiru aldiz bakarrik sailkatu dira denboraldi osoan zazpigarren postutik atzera. Datu horiek kontuan hartuta, beraz, sei ontzi horiek gaur sailkapena lortzeko aukera asko dituztela baieztatu daiteke; Kontxan ez sartzea ezusteko nabarmentzat hartu liteke, alegia.

Hamar ontzi eta postu bakarra

Aurrez aipatutako pronostikoa beteko balitz, postu bakarra geratuko litzateke beste hamabost ontzien artean jokatzeko. Traineru batzuk hasieratik baztertu daitezke, baina ez litzateke gehiegi esatea izango postu hori eskuratzeko hamar bat ontzik aukera dutela aipatzea.

Alde batetik, San Miguel Ligako ontziak dauzkagu: Zumaia, San Pedro, Cabo, Laredo, Mecos eta Arkote. Guztiek lortu dute denboraldian bi aldiz behintzat zazpi onenen artean sartzea eta itsasoaren egoeraren arabera gorakada nabarmena izan dezakete zenbait ontzik, Zumaiak edo galiziarrek, esaterako. Horien maila berean Tiran jarri beharko litzateke, Espainiako Txapelketan eman zuen maila bikaina kontuan hartuta.

Eta horiekin batera, aukera gutxiago izan arren, beste hiruzpalau ontzi ere ezin ditugu baztertu: Getaria, Pasai Donibane, Isuntza eta Kaiku. Lehenengo biek bandera dezente irabazi dituzte aurten, marka onak egin dituzte, eta helburuen artean gaurko proba aipatu izan dute aspaldidanik. Edozeini ezusteko bat emateko gai dira, beraz. Isuntza eta Kaikuren kasuan, banderarik irabazi ez arren, tarteka maila ona eman izan dute, Bizkaiko Txapelketan, adibidez.

Azkenik, aukera gutxi edo batere ez duten ontziak gelditzen dira. Camargo, Ondarroa, Ur Kirolak eta Hernanik lan txukuna egin eta gozatzea dute helburu.

Iaz Hondarribiari gertatutakoak faboritoentzat akuilu gisa balio behar du

Egun bakarrera jokatzen den proba izaki, ezusteko handiak ematen dituen estropada izaten da sailkapenekoa. Oraindik ere gogoan daukagu iaz Hondarribiari gertatutakoa. San Miguel Ligako liderra zen Ama Guadalupekoa sei garaipen lortuta eta Gipuzkoa nahiz Euskadiko Txapelketak ere irabazi zituen. Baina Astilleroren parte hartzeagatik Donostian izandako istilu guztiek beren eragina izan zuten eta, azkenean, Kontxatik kanpora geratu ziren 28 ehunenekogatik. Santurtzik, 1978an eta 1981ean, eta Astillerok 1999an, ere zaplazteko handiak jaso izan dituzte gaurko egunez.

Asier AIESTARAN

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo