GARA > Idatzia > Musika

Autogestioa. Hierarkia apurtzeko eredua

Musika- kontsumitzaileen ehuneko oso txiki batek erosiko baditu diskoak, diskoak egiten segitzeko modua bilatu behar da. Bi modu: kontzertuak eta babesle pribatua (norbera barne) edo ikus-entzuleak bilatu. Autogestioan sinesten dutenek bi osagai horiek erabili dituzte hasieratik

Ritxi AIZPURU

Musika argitaratzailea

Diskogintzan hasi orduko (1990) konturatu nintzen disko etxeek zuten boterea ez zela hain handia. Disko etxeek diskoak kudeatu dituzte, baita disko horien promozioa egin ere, baina ez dira harantzago joan. Disko asko saltzen zituztenean, ongi; baina azken boladako disko salmenten jaitsiera etengabeak disko etxeetako arduradunei egitura asko mugiarazi dizkie.

Diskoak egiten hasi bezain laster konturatu nintzen artistarekin batera diskoaren kontratua eztabaidatzera eta erabakitzera etortzen zen managerrak izugarrizko boterea zuela. Artistaren babeslea managerra izan da. Musikariek managerretan jarri dute konfiantza osoa eta ez horrenbeste disko etxeetan. Managerrek lortutako kontzertuetako diruak hutsean uzten du disko etxetik jasotako royaltien «diru apurra». Diskoak saltzen zirenean, disko etxeek indar hegemonikoagoa zuten.

Disko salmenta kopuru barregarrietara etorri da, eta ez badu artista bereganatzen disko etxeen indarra irrigarri geratuko da. A.R.T.E. erakundeak argitaratutako editorialeko esaldi batek honela azaldu du: «Arrazoi desberdinak egongo dira, baina gizarteko talde handi batek erabaki du kulturaren kontsumoak doan izan behar duela». Diskoak edo musikak doan lor zitezkeela konturatu bezain laster, doakotasunari, soilik, doakotasunaz egin dakiokeela konkurrentzia pentsatu nuen.

Diskoak ezin badira saldu, edota diskoak oso jende gutxik erosi nahi baditu, diskoak eta musikak sortzen dituen artista bereganatu beharra ikusi nuen, bestela, jai. Diskoak doan izan behar dutela konturatu bezain laster (2006ko hasieran), etorkizuna (salmentarena) Interneteko on-line salmenta ez zela oso erabakigarria izango pentsatu nuen. Musika-kontsumitzaileen ehuneko oso txiki batek erosiko baditu diskoak, diskoak egiten segitzeko modua bilatu behar da.

Bi modu: kontzertuak eta babesle pribatua (norbera barne) edo ikus-entzuleak bilatu. Autogestioan sinesten dutenek bi osagai horiek erabili dituzte hasieratik. Disko etxeek eredu horiek segitu beste erremediorik ez dute izango iraun nahi badute. Prince abeslaria hasi da diskoak doan saltzen.

Disko etxeak sutan. Nor izango da bigarren? Besteak ilaran etorriko dira. Beti erosi ditut diskoak eta dirutza joan zait horretan. Doan diren ahalik eta disko gehien erosi nahi ditut, doan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo