Musika eta kultur aniztasuna nagusi Getxo Folk jaialdian
Munduko hainbat tokitako musika eta kultur bilgunea bihurtuko da Getxo datorren 5etik 8a arte. Eskaintza musikala oso zabala izango da baina kontzertu nagusiak lau izango dira: 17 Hippies, Cherish The Ladies, Toumani Diabate & Orchestra Symetric eta Dulsori.
Arrate ETXEBARRIA | GETXO
Datorren asteko asteazkenean hasiko da Getxo Folkeko 23. edizioak eta lau egunetan munduko hainbat tokitako musika taldez gozatzeko aukera izango da. Jaialdi horren esanahia definitzeko, antolatzaileek atzo emandako prentsaurrekoan bost idei nagusi biltzen dituela adierazi zuten: «aniztasuna, topagunea, musika eta kalitatea, lankidetza eta azkenik, hurbiltasuna».
Bi gune nagusi egongo dira emanaldiak egiteko: Batetik, Areetako Geltokiko plaza eta Erromoko Santa Eugenia plaza bestetik. Lehenengo gune horretan, kontzertu nagusiak egingo dituzte. Agertoki hori estreinatuko duen lehenengo taldea Alemaniatik etorritako 17 Hippies izango da, «Europar Batasun berriaren soinu banda» izenarekin ezagutzen dute askok eta pop-rock musika Ekialdeko Europako tradiziozko musikekin uztartzen dute. Biharamunean, Cherish The Ladies AEBetako emakume talde beteranoa egongo da Areetako Geltokiko plazan. Horiek ere musika tradizionala egiten dute. Afrikako doinuak izango dira hirugarren eguneko protagonistak, Toumani Diabate & Orchestra Symetric-en eskutik. Diabate munduko kora musikaririk onenetarikoen artean dagoela uste dute adituek eta tradizioko instrumentu horren soinua mundu osora hedatu du. Jaialdiari amaiera emateko, Koreako Dulsori banda izango da. 1984an sortutako talde honek euren herriko perkusio tradizionalarekin lan egiten du.
Mundu osotik etorritakoak
Santa Eugeniako plazak eguneko bi kontzertu hartuko ditu; bata, arratsaldeko 19.00etan eta, bestea, 23.15ean. Munduan zehar dauden kalitatezko taldeei ateak irekitzeko xedearekin egiten dituzte emanaldiok. Atal hori zabalduko duen taldea Karidadeko Benta izango da eta kontuan izan behar da banda horren azkenetariko kontzertua izango dela. Asteazkeneko amaierako kontzertua Injuve: Amanida Folk emango du. Delako taldearen errepertorioan hainbat herri eta kulturatako erritmo dantzagarrietan oinarritzen diren konposizio propioak egiten dituzte. Horretaz gain, nazioarteko hainbat talde igaroko dira Erromotik: Mexikoko Mariachi Tenochtitlan, esate baterako, dantza eta musika uztartzen du bere espektakuluaren baitan. Delakoekin batera, Djamel Laroussi argeliarra ostegunean emango du kontzertua. Ostiralean, ordea, Kolonbiako Guafa Trio-k eta Lou Dalfin itali-okzitaniarrak emanaldia egingo dute. Azken horiek, 1982. urtean sortu ziren Okzitaniako musika tradizionala berreskuratzeko asmoz. Azkenik, larunbatean, Kataluniako Calamento taldea flamenko erritmoak ekarriko ditu eta Moleque da Rua brasildarrak jaialdiari itxiera emango diote.
Musikaz gain, beste zenbait ekimen egongo dira presente Bizkaiko herri horretan lau egun horietan guztietan. Alde horretatik, Getxo Folk jaialdiaren zuzendari Marta Herrerak «harrera gero eta inportanteagoa izaten ari da, aitzakiarik ez dago bertara ez joateko», nabarmendu nahi izan zuen hain zuzen ere.
Jaialdiaren filosofia definitzeko orduan, bost ideia nagusi bildu dituzte antolatzaileek: Aniztasunaren festa, kulturen topagunea, kalitatezko musika, lankidetza eta hurbiltasuna.
Data: Irailaren 5etik 8a arte.
Tokia: Erromoko Santa Eugenia plaza eta Areetako Geltokiko plaza.
Antolatzailea: Getxoko Kultur Etxea.
Sarreraren prezioa: Dohainik.
Musikaz gain, ekintza osagarriak egongo dira; izan ere, bestelako kulturaz gozatzea baita jaialdiaren nahia. Bidezko merkatuan erosketa alternatiboak egin ahal izango dituzte Getxora joaten diren guztiek. Baina hori ez da izango bertan egongo den azoka bakarra, Munduko Azokak konpetentzia egingo baitio-eta. Munduko hainbat herrialdetan eskulangintzako produktuak salgai egongo dira. Ekimen hori Koan Elkarteak antolatutakoa da. Bestalde, janariaz gozatzea gustuko dutenei ideia paregabea irudiko zaie Munduko Terrazarena. Euskadiko Munduko Medikuak antolatu dute eta musika izateaz gain, beste kulturetako gastronomia egongo da.
Horretaz guztiaz gain, etxeko txikienak ez dira aspertuko Getxo Folken, eurentzat ere tailer eta kontzertu interesgarriak egongo baitira. Besteren artean, ostegun goizean «La Residual» tailerran parte hartzeko aukera izango dute; gainera, ostiralean «Taller de Geppetto» izeneko ludotekara joan ahal izango dira; eta larunbatean «Karrakan Trakatan» kontzertuaz gozatu ahal izango dute umeek.
A.E.