GARA > Idatzia > Ikusmira

Katrina, miseria asko agerian utzi zuen urakana

Katrina urakanak New Orleansen eta Louisianako eta Mississippiko zenbait herritan utzi zuen hondamena nolabait gertakari urruna da, baina oraindik oso hurbila, hurbilegia, haren ondorioak beren larruan jasan zituzten milaka lagunentzat, bi urteren ondoren etxerik gabe segitzen duten milaka lagunentzat, haurrak eskolara ezin eraman dituztenentzat, ospitale eta garraio falta jasaten dutenentzat. Bi urteren ondoren hiriak ez du beste urakan bati aurre egiteko moduko azpiegiturarik. Hiri bat berreraikitzea ez da egun batetik bestera egiten, egia da, baina kasu honetan, gainera, politikariek beste lehentasun batzuk dituzte; katastrofe hura elkarren kontrako arma gisa erabiltzea, esaterako. Modu ofizialean, hondamen naturala eragin zuen Katrinak, baina Administrazioak bazekien aurrez zer gerta zitekeen, eta posible zen gertatutakoa saihestea. Ez zuten hala egin, eta horri utzikeria esaten zaio, klase pribilegiatuekin erakusten ez duten utzikeria. New Orleanseko alde turistikoa ez zen oso kaltetuta gertatu, eta dagoeneko han ez da urakanaren suntsipenaren arrastorik gelditzen. Bi urteotan, berreraikitze lanak pribatizatzearen ondorioz, zenbait enpresa aberastu dira. Hori herrialdeko ekonomiarako onuragarria dela esango dute, baina milaka kaltetuek nekez nabarituko dute onura hori. Beharbada New Orleans AEB boteretsuetako errealitatearen isla dramatikoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo