GARA > Idatzia > Ikusmira

Euskaltubek txoko berria egin dio Euskal Herriari sareen sarearen munduan

Herri txikia eta onartu gabea izanik ere, Euskal Herria munduan ezagutarazteko tresnak eta baliabideak erabiltzeko aukerak ez dira alferrik galtzen. Atzo bertan horretarako sortu den ekimen baten berri eman zuten: Euskaltube.com. Youtube arrakastatsuaren klon gisa aurkeztu duten webgune berriak Euskal Herriari txoko bat egin dio sareen sarearen munduan. Euskara eta euskal kultura berreskuratzeko egin diren ahalegin guztien filosofiarekin bat eginez, Euskaltubek ez du inorekin norgehiagokan sartzeko asmorik. Euskal Herriak eta bere izaeraren ikur nagusia den euskara hizkuntzak munduko herri eta hizkuntza guztiek bezala bizitzeko eta garatzeko eskubidea dutela aldarrikatzen egin duten ibilbide luzean, ez dute inorekin lehian ibiltzeko beharrik izan. Guztiz kontrakoa. Euskal Herriaren historian erakutsi ohi da, herri baten biziraupena bermatzeko, tresna propioak sortu eta egokitzea baino bide hoberik ez dagoela. Gaur egungo mundu globalizatuan arazo asko dira aitorpenik ez duten herrientzat eta minorizatuak izan diren hizkuntzentzat. Baina, aldi berean, inoiz ez bezalako aukerak sortu dira txikienek ere munduan zabaltzeko tresnak erabili ahal izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo