«Inpernuko poza» jardunaldiak antolatu ditu Trikitixa Elkarteak
GARA | DONOSTIA
Txapelketaren iragana, oraina eta geroa aztertzeko aukera izango dute trikitizaleek «Inpernuko poza» jardunaldietan. Hala jakinarazi zuten atzo Joseba Tapiak, Koldo Tapiak, Alaitz Telletxeak eta Mikel Markezek Trikitixa Elkartearen izenean egin zuten prentsaurrekoan.
Txapelketak zer eman dion edo zer kendu dion trikitiari, zertarako balio dezakeen eta antzeko galderei erantzuna bilatzen laguntzea dute helburu Trikitixa Elkarteak bosgarren aldiz antolatu dituen jardunaldi horiek. Egungo gizartean trikitiak eta, oro har, herri musikak duten funtzioa hobeto ulertzeko ere balio dezakete.
Jardunaldiak gaur, bihar eta etzi izango dira, 19.30ean, Donostiako Udal Liburutegi Nagusiko sotoan (San Jeronimo kaletik sartu behar da).
Gaur Mielanjel Elustondok txapelketaren historiari errepasoa egingo dio. Bihar, berriz, Joseba Tapiaren txanda izango da. «Txapelketaren zauri goxoa» da bere hitzaldiaren izenburua. Esperientziatik abiatuta, ikuspegi pertsonala emango du.
Ostegunean, azkenik, mahai ingurua. Koldo Tapiak moderatuta, Koldo Iparragirre, Imanol Urkizu eta Oier Araolaza arituko dira. Egungo egoeraren diagnositik abiatuta, txapelketak zertan lagun dezakeen eta trikitiak berak egun duen funtzioa aztertzea izango dute helburu.