GARA > Idatzia > Euskal Herria

Estropaden ondoren amnistia galdegingo dute igandean Donostian

Estatu espainola eta frantsesa «gerra estrategia betikotzeko ahaleginetan» daudela salatu, eta gatazkaren konponbidea Euskal Herriaren aitortza politikoan oinarritzen dela baieztatu du amnistiaren aldeko mugimenduak. Haren ustez, autodeterminazioa eta amnistia dira konponbiderako gakoak. Eta horiek galdegiteko, gainera, manifestazioa iragarri du datorren iganderako. Hitzordua estropaden ostean izango da, 13.30ean, Donostiako Bulebarretik hasita.

p014_f01_111x111.jpg

Oihana LLORENTE | DONOSTIA

Euskal Herriko gatazkaren jatorria «indarrez inposatutako lurralde zatiketa eta erabakitzeko eskubidearen ukazioa» dela deritzo amnistiaren aldeko mugimenduak. Halaber, gatazkaren konponbidea autodeterminazioaren eta amnistiaren bidez etorriko dela nabarmendu zuen mugimenduko kide Haritz Larrañagak atzo Donostian egindako agerraldian.

Amnistia «Euskal Herriaren askatasuna» dela esan zuen Larrañagak. Haren aburuz, errepresaliatu guztien egoera gainditu eta haiek etxeratzeaz gain, errepresioa amaitzea eta gatazka eragiten duten zioak gainditzea ere bada amnistia. Autodeterminazioa, berriz, «euskal herritarrek libreki adierazitako borondate politikoa egikaritzeko modu demokratiko bakarra» dela nabarmendu zuen.

Horiek hala, gatazka politikoa gaindituko luketen amnistia eta autodeterminazioa galdegiteko asmoz manifestazioa iragarri du amnistiaren aldeko mugimenduak datorren iganderako. Donostian izango da, eta Kontxako banderaren bigarren jardunaldiaren bukaerarekin batera aterako da manifestazioa Donostiako Bulebarretik, eguerdiko ordu bat eta erdietan.

Larrañagarekin batera, Jose Luis Turrillas joan den astelehenean Estatu frantsesetik kanporatu eta Madrilera eraman ostean aske gelditu zen debarra, Amaia Segurola preso ohi oreretarra eta Idoia Garmendia uztailean aske utzi zuten ordiziarra izan ziren mahaian. Baita Juan Jose Rego Vidal larri gaixo dagoen preso donostiarraren emazte Mariluz Sebastian ere.

Errepresioa indarrean

Estatu frantsesa eta espainola «gerra betikotzeko ahaleginetan» daudela kritikatu eta horren adibidetzat jo zuen «errepresio politikoaren adierazpen guztiak» indarrean mantentzea. Mugimendu honen iritziz bi estatuek «gatazka luzatzeko apustua» egin dute.

Espetxeetan egunero gertatzen diren egoera «jasangaitzak», iheslarien aurkako jazarpena, Euskal Herriko kale edota errepideetako indar armatuen presentzia «itzela» edota udan izandako manifestazioen debekua eta polizia-kargak «apustu errepresiboaren tamainaren» froga direla deritzote.

Baina estatuen jokabidea dela-eta modu axolagabean jardun beharrean, errepresioari «herri aktibazioarekin» erantzutearen alde agertu zen Larrañaga. Gainera, «herri uholdea» sortu beharraz aritu zen. Haren ustez, «irmoki eta inolako konplexurik gabe» erantzun behar zaio estatuen errepresio estrategiari. Gainera, era horretan arituta estrategia horien «zentzugabetasuna» agerian geratuko litzatekeela uste du Larrañagak.

Euskal Herriko gatazka gainditzeko helburuarekin abiatu zen prozesua ere hizpide izan zuen Larrañagak. Alderdiek, «euren interes partidistak gailenduta», bazterketarik eta kanpo esku-hartzerik gabeko eta eskubideen errespetuan oinarritutako prozesuari ateak itxi dizkiotela gaitzetsi zuen. Alde horretatik, PSOEk eta Zapateroren Gobernuak prozesu honetan Euskal Herriaren hitza «bahitu» eta bere «errendizioa» helburu zuela adierazi zuen Larrañagak. Estatu frantsesaren aurka ere hitz gogorrak izan zituen, eta azken hilabeteetan bere jazarpenak etenik izan ez duela adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo