GARA > Idatzia > Jo puntua

Kirmen Uribe Idazlea

Maleta berde bat

Bartzelonako aireportuan ikusi nuen azkenengo aldiz. Bartzelonatik Bilborako hegaldian egokitu ginen elkarrekin. Ni Bartzelonatik bertatik nentorren, bezperan bertan errezitala eman nuen eta. Terminaletik hegazkinera doan autobusa hartu eta atzealdean aurkitu nuen Otegi. Atzealdean, eskoletako txangoetan haur bihurriak esertzen diren lekuan. Dotore jantzita zetorren eta maletatxo berde batekin. Maletak neska baten izena zuen idatzita. «Alabarena da» argitu zidan berak. Neke aurpegia zuen gizonak, gero kontatu zidan Dublinetik iritsi berria zela, lo gutxi eginda zegoela, eta gainera arratsaldean bertan Iruñeara joan behar zuela, Anaitasunan proposamen berria aurkeztera. Hegazkinerako bide laburrean hainbat gauza izan genituen hiz- pide. Euskal kulturaren egoeraz galdetu zidan besteak beste, nola konpontzen nintzen hortik zehar, zer uste duten euskaldunez munduan zehar. Nik neureak kontatu nizkion, Espainiatik kanpo gauzak beste era batera ikusten direla, distantziak lagun egiten digula. Halako batean, bakarrik zetorren galdetu nion, ez bainion ikusten lagunik ondoan. «Egia esan atzerrira bakarrik noan lehen aldia da, bada ezpada hobe da norbaitekin joatea, baina Dublinekoa goizetik gauera sortu da eta ez dugu astirik izan gauzak tajuz antolatzeko». «Lasai, ni neu izango naiz zure laguntzailea gaur» esan nion nik olgeta-benetan. Berak irribarre egin zidan, eta plastikozko ezpata batekin familia salbatuko duela sinisten duten mutikotxo bati begiratzen zaion moduan egin zidan kirika. Bere bostean, «koitadua, ez dakizu ondo non sartzen zaren» pentsatuko balu bezala.

Baina halabeharrak nahi izan zuen hegaldian ere elkarren ondoan joatea, bata bestearen atzean egokitu zitzaizkigun eseri beharreko aulkiak. Aulkietan jezarri eta Londresen bizi zen neska bat zuzendu zitzaion Otegiri. Haren alboan zegoen, korridorearen beste aldean. Emakumeak jantzi dotoreak zituen, enpresariaren traza guztiekin. Bioi egiten zigun hitz neskak, ni laguntzailea nintzela usteko balu bezala. Irribarre egin nuen nik neure golkorako, gure arteko jolas txikia ondo atera zen. Neskak garbi hitz egiten zuen. Indarkeriarekin ez zetorrela bat, baina bera abertzalea zela esan zigun. BBC telebistan egon zela lanean, eta lagunduko ziola bertan ateratzen, deituko ziela lankide ohiei elkarrizketaren bat lortzeko. Bake-prozesua artean bizirik zegoen eta Otegi animatzen saiatu zen emakumea, aukera bat merezi duela gure herriak. Nik neuk ere halaxe esan nion autobusean, baikortasuna azaldu nahian. Ahalegintzen zirela agindu zidan berak, baina ez zela erraza, ez zela bat ere erraza.

Hegazkinak lurra hartu zuen Bilbon. Uste baino laburragoa izan zen hegaldia. Elkarrizketak laburtu zuen. Aireportura iritsi eta nor bere bidetik joan ginen hirurok.

Geroztik jakin nuen kartzelan sartu zutela. Maleta berde hura etorri zitzaidan gogora, ea kartzelara harekin joango zen. Baina kartzela barrura ezin da sartu maletarik. Maleta berdea kanpoan geratuko zen. Kartzela barrura, arropak eta, zabor-poltsetan sartzen dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo