GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Periferia da zentroa

Uda klimatikoa amaitzeko egun batzuk falta badira ere orain egun batzuk amaitu da uda ofiziala. Ofizialak Lurraren errotazio kontuak kontuan hartzen ez dituen seinalea; beste bat. Ofizialak errotazio propioa duen seinalea, hemengo ofizialak beheko estatuaren errotazio propioa izan ere. Tira, uda ofiziala hasi aurretiko paradara bueltatu gara berriro ere, politikan bertan ere. Itzulia. La rentrée diote euskaldun batzuek; la vuelta beste batzuek. Dena dela, urteroko uda amaieran vuelta horrena entzuten dudan bakoitzean ez dakit zergatik baina beheko Estatuan monarkia behingoz kanporatuko eta errepublika bueltatuko dutela pentsatzen dut. Hain naiz inozoa! Baina lasai, lehenengo etapako bigarren tarteko helmugara heldu aurretik naiz konturatua hori ezinezkoa dela, hor behean monarkia basamortuan harea bezalakoa dela, paisaiaren ezinbestekoa. Eta aukera egiteko eskubidea ezagutua banu harea hautatuko nuke, segituan hautatu ere, mapan urrunago egonda ere gertuagoa sentitzen dudalako basamortua; nahiz eta basoa nik neuk hil dudala pentsatuko epaileek.

Gauzak horrela, zelan demontre sinistuko dut modako transbertsalitate zer horretan. Ametsik zoroenetan ere ez. Ezin. Berba hori entzun eta ume garaiko txitxi-burruntzia datorkit burura. Burruntzi hartan behintzat inongo zatiak ez zuen beto eskubiderik eta gainera ginen guztiok kabitzen ginen larreko mahaian. Oraingoan, ostera, batak zati eta besteak burruntzi izatea nahi dute beste horiek; erdal sukaldaritza zaharberritua. Ez dute freskura makala, gero! Sukaldari transgenikook! Eta bitartean jelkideek zentralitatea goraipatzen, geroa zentroan dagoelakoan. Ondo baino hobeto dakite horiek, jakin ere, indarrean diren muga politikoak aldatu ezean zentroa non den, estatuaren hiriburuaren erdi-erdian, ez beste inon. Hortaz, periferia goraipatu behar dugu, periferia gauzatu, eta zati guztiak periferia garenean orduantxe hasi gintezke transbertsalitateaz berbetan. Eta Euskal Herriko estatu federal asimetrikoaz. Eta honetaz eta hartaz. Baina orduan, ez lehenago. Badaezpada ere. Eta uda amaiera honetan banderen gerra berpizten da urtero legez. Kontua ez da balkoiko ikurrina, piperpotoa, izarduna edo Vatikanoko morea, ez horixe, kontua Kontxako bandera da egunotan. Ama, ama, euskaldunok beti errietan, landetan zein herrietan berdin. Periferia irabazi beharra dugu buelta honetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo