GARA > Idatzia > Pilota

ZESTA-PUNTA | Lea-Artibai Torneoa

Zumaiarrak jaun eta jabe Munitibarko final-laurdenetan

Alberdi II-Alberdi III eta Arrieta-Enbil bikoteek lortu zuten finalerdietarako txartela ostiral arratsean Mendibarren frontoian jokatutako bi kanporaketetan

p053_f01_97x140.jpg

GARA | BILBO

Alberdi II-Alberdi III eta Arrieta-Enbil bikoteek eskuratu zituzten Lea-Artibai Torneoaren finalerdietarako txartelak ostiral gauean jokatutako final-laurdenak irabazita. Alberdi anaiek Aimar eta Mugartegi kanporatu zituzten 35-29ko emaitzarekin -Mugartegik Felix ordezkatu zuen azken orduan- eta Arrietak eta Enbilek 24-35 hartu zituzten mendean Beaskoetxea eta Barrondo.

Luis Mari Alberdi izan zen Berriatuako Mendibarren frontoian jokatutako aurreneko partida gehien desorekatu zuena. Hasierako hamabost tanto parekatuen ondoren, aurrelari zumaiarra errematean asko asmatzen hasi zen eta, piloteoan erakutsitako segurtasuna tarteko, markagailuan ihes egitea lortu zuten gorriek. Ordura arte, bai Aimarrek eta bai Aitorrek oso ongi jokatu zuten eta aurkariak baino gutxiago ez zirela erakutsi zuten. Edonola ere, partida erditik aurrera gorriek bospasei tantoko abantaila lortu zuten eta lehen sailkatuek ez zuten gehiegi sufritu norgehiagoka amaitu bitartean.

Bigarren kanporaketa erritmo bizikoa izan zen, baina markagailuan ez zuen batere emoziorik izan. Seinako berdinketaren ostean, Arrieta eta Enbil nagusitzen hasi ziren eta Beaskoetxeak eta Barrondok dezente sufritu zuten. Gauzak hala, durangar jatorriko aurrelari amerikarra eta atzelari zumaiarra aldeak handitzen joan ziren apurka, azkeneko 24 eta 35eko emaitza eskuratu arte. Iñigo oso ondo aritu zen errematean eta Gotzon ere bere maila onenera hurbiltzen hasi dela argi geratu zen.

Finalerdiak, Munitibarren bertan jokatuko dituzte datorren ostiralean. Batetik, Goikoetxeak eta Aritzek Alberdi anaien aurka neurtuko dituzte indarrak eta, bestetik, Arriagak eta Elizegik Arrieta eta Enbilen aurka jokatuko dute. Bi bikote irabazleek hurrengo egunean, hilaren 15ean, larunbatean, jokatuko dute Lea-Artibai Torneoko finala.

Finala, Plentzian

Kilometro batzuk mendebalderago, San Antolin Plentzia Hiria Torneoaren finala jokatu zen eta, bertan, Goikoetxea eta Garai izan ziren txapeldunak, Lander eta Aritzen kontra 35 eta 21 irabazita. Goikoetxeak eta Garaik Bizkaian lortzen duten beste garaipen bat, beraz, ostiral arratsean eskuratutakoa, 2006an Bilbo Hiria Torneoa irabazi eta gero.

Nahiz eta azken emaitzak sekulako aldea erakutsi, lehia entretenigarri samarra izan zen, batez ere, 15nako berdinketa iritsi bitartean. Orduan, gorriek ihes egin zuten Iñakiren indarra eta Javiren joko bikainari esker. Deigarria atzelariak emandako maila, lau hilabeteko geldialdia eta besoan izandako lesioa erabat ahaztuta dituela erakutsita. Modu horretan, gorriek 25 eta 16koa igoarazi zuten markagailura. Landerrek erremate polit batzuk egin zituen eta Aritz ere txukun aritu zen, baina ez ziren aurkarien garaipena arriskuan jartzera iritsi.

Goikoetxeak sakearekin min handia eman zuen -bederatzi tanto egin zituen- eta atzelari arabarrak ez zuen batere akatsik egin. Azken txanpan aldeak areagotu eta, 35-21eko emaitzarekin, titulua bereganatu zuten.

Bereikua eta Lopez, nor baino nor Markinan

Zesta denboraldia bere unerik beroenera heltzen ari da eta hitzordu oso polita prestatu du Jai-Alive enpresak Markinako Uni pilotalekuan gaur arratsalderako (jaialdia 18.00etan hasiko da). Julen Bereikua eta Imanol Lopez, gaur egungo aurrelari eta atzelari onentsuenak hurrenez hurren, buruz buru neurtuko dira. Elkarrekin jokatuta Biarrizko Urrezko Eskularrua irabazi dute aurten eta datorren Mastersa ere biek batera jokatuko dute, baina oraingo honetan elkarren aurka jokatu beharko dute. Julen Bereikua maisu handia da buruz buru jokatzen -2004an txapeldun izan zen- eta ikusi egin beharko da Lopezek zer maila ematen duen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo