GARA > Idatzia > Kultura

Aiako Harripean, «baskoien» bizitokien bila

Aranzadiko talde batek zazpigarren indusketa kanpaina bukatu berri du Boluntxon. Aiako Harripean dago Oiartzungo paraje hori eta bertan aurkitu dute bilatzen zutena, Burdin Aroko bizitoki bat, alegia. Horko gizakiak mairu-baratzeak eraiki zituzten berberak zirela frogatzea falta dute oraindik, ordea. Lortuko balute, aurkitutako bizitokia «baskoien» bizitoki bat izan liteke.

p053_f01_177X100.jpg

Martin ANSO

Orain dela zazpi urtez geroztik, Aranzadi elkarteko talde batek udaro induskatu du Boluntxon. Aurkitutakoa ez da oso ikusgarria, baina bai bertan, gutxi gorabehera Kristo baino 700 edo 800 urte lehenago, bizitoki bat egon zela segurtatzeko modukoa. «Bizitoki bat, kasu honetan, herrixka bat da, edo txabola multzo bat, behintzat; ez txabola bakartu bat», zehaztu du Sonia San Jose indusketa-buruak.

Aztarnategia bisitatu duenari hainbat gauza erakutsi dizkio arkeologoak, adibidez, harri geruza zabal batzuk. «`Txabola hondo' deitzen dira eta Neolitotik erabili izan dira eraikinak lurreko hezetasunetik libratzeko», argitu du San Josek. Geruzotan zulo batzuk ikus daitezke, zurezko zutoinak sartzeko modukoak. Zulo horietako bakarren baten inguruan hainbat harri daude; zutoina finkatzeko ziri gisa erabili zituztela dirudi. Izkina batean, berriz, belztuta dago lurra: sutondo baten hondarra omen da. Eta bisitariari gauza horiek erakutsi dizkion bitartean, San Josek, maiz, tartetxo bat egin behar izan du induskatzaileak ia etengabe aurkitzen aritu diren puskak behin-behinean baloratzeko. «Hemen material dezente dugu -adierazi du-, suharrizko printzak, karraskailu batzuk, zerealak xehatzeko kolpekariak... eta zeramika puskak. Eskuz egindako lurrezko ontzietako zeramika puskak dira, Burdin Aroko forma eta dekorazioa dituztenak».

Burdin Aroko herrixka batean burdinazko tresnarik ez?, galdetu du bisitariak. San Josek prest dauka erantzuna: «Momentuz dugun karbono bidezko datazio bakarraren arabera, hemengo aztarnak Kristo aurreko 800. eta 700. urte bitartekoak dira. Beraz, Burdin Arokoak dira, baina garai hartan hemen ez zuten burdinaren berri. Euskal Herrian burdina landua Kristo aurreko VI-V. mendera arte ez omen zen sartu, Erribera aldetik, gainera. Gipuzkoan guk induskatu ditugun Burdin Aroko aztarnategietan burdina Kristo aurreko III. edo II. mendera arte ez da agertzen. Hori bat dator Boluntxon hainbeste suharri aurkitu izanarekin. Burdin Aroak aurrera egin ahala, gero eta suharri gutxiago eta gero eta burdin gehiago aurkitu ohi dugu; izan ere, pixkanaka-pixkanaka burdinak suharria ordezkatu zuen».

Azken hamarkadotan, Burdin Aroari buruzko ikerketa sakona egin du Aranzadik, eta horren zati da San Josek Boluntxon zuzentzen duen indusketa. Nafarroan, Araban eta Lapurdin, garai hartako herri harresituen berri bazen. Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, bat bera ere ez. Miatzen hasi eta, Gipuzkoan bakarrik, bederatzi aurkitu dituzte. Beraz, herrialde guztietan antzeratsu bizi zirela ondoriozta daiteke.

«Argazki» homogeneo horretan bada, hala ere, urratu bat. Horren berri eman du San Josek: «Gaur egun, badakigu Gipuzkoan eta Bizkaian ere herri harresituetan bizi zirela. Oraindik ez dugu herri horietako nekropolirik aurkitu, baina pentsatzekoa da Nafarroa eta Arabakoak bezalakoak izango zirela. Kontuan izan behar da garai hartan jendea ez zutela ehorzten, erretzen baizik. Gero errautsak zista batean, zeramikazko ontzi batean edo lurrean bertan sartzen zituzten, nekropolietan. Baina hemen badugu garai bereko beste fenomeno funerario bat: cromlech edo mairu-baratzeak. Xabier Peñalverrek ohartarazi zuenez, fenomeno horrek muga bat dauka, Leitzaranen, eta gero Pirinioetan barrena zabaltzen da. Giza-talde berberak hain hileta-erritu desberdinak izatea normala ez zela iritzita, Peñalverrek honako hipotesia plazaratu zuen: herri harresituetan bizi zirenak eta mairu-baratzeak eraiki zituztenak ez ziren giza-talde berekoak». Zein giza-talde ziren, bada? «Herrietakoak izendatzeko hitzik ez dugu, baina erromatarren iturriei kasu eginez gero, Pirinioetan bizi zirenak baskoiak ziren».

Bi giza-taldeen hipotesia abiapuntutzat hartuta, Aranzadikoak jardun dira azken urteotan, alde batetik, Gipuzkoako herri harresituetako nekropoliak bilatzen, Araba eta Nafarroakoak bezalakoak direla behingoz konfirmatzeko, eta, bestetik, mairu-baratzeak eraiki zituzten horien bizitokiak bilatzen. Izan ere, mairu-baratzeen eremuan ez dago herri harresiturik; orain arte ez da aurkitu, behintzat. Orduan, non bizi ziren? Arkeologoek bizitoki xumeagoak izango zirela uste dute. Harresi eta guzti duten herriak aurkitzea izugarri zaila izan bada, are zailagoa izango da garai hartako bizitoki xumeagoak aurkitzea. Aranzadikoek ez dute horregatik amore eman eta 1998an hasi ziren langintza horretan. «Oiartzun aukeratu genuen hemen mairu-baratze dezente dagoelako eta, Pirinioetako beste alturetan ez bezala, urte osoan bizi daitekeelako. Zortzi bat mairu-baratze erreferentetzat hartuta, egokiak iruditu zitzaizkigun tokietan katak egiten hasi ginen. Boluntxon zerbait aurkitu eta induskatzeari ekin genion».

Zazpi urte geroago, bilatzen zutena, Burdin Aroko bizitoki bat, alegia, aurkitu dutela esan dezakete. Baina oraindik zailena falta dute: bizitoki hori inguruko mairu-baratzeekin froga fisikoen bidez lotzea. Nola, ordea? «Beharbada, zeramikaren tipologia eta konposizioaren bitartez, Karlos Olaetxeak horri buruz egin zuen doktore tesia lagun. Datorren udan, Arritxurrietako mairu-baratzeetan induskatzeko asmoa dugu. Mairu-baratzeek oso material gutxi eman ohi dute, baina hor egon daiteke puzzlea osatzeko behar dugun pieza. Zorte handia beharko dugu; saiatu behar, ordea», esan du San Josek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo