GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Oraingoz leku gabe

Ines INTXAUSTI, Telebista kritikaria

Datorren asteetan hasiko dira kate ezberdinetako saio berriak. Batzuk ez dira hain berriak izango eta best batzuk ez hain zaharrak. Baina denek frogatu dute -eta frogatuko- lehenengo urratsen fruituen zaporea. Nahiz eta mugimendu nabarmenik ez egon -aurpegi berberak ikusiko ditugulako lepoko berberekin- izango dira ustekabeak, arrakastak eta tronpatzeak.

Buenafuente -adibide gisa- La Sextara joan da A3tik. Zoritxarrez, ezin dut La Sexta ikusi. Oraingoz. Nire etxekideen komunitateko bilerak nahiko surrealistak izaten dira berez eta ez dakit nork La Sexta jartzea proposatu zuenean besteek behi galiziar batek tren japoniar bati so egingo liokeen bezala begiratu zioten. Beraz, aurten Buenafuente ikusteko protokolo ezberdina antolatu behar izango dut hemendik aurrera. Norbait La Sexta ikusteko gai bada Sanfran inguruan, badaki: nik afaria prestatuko dut eta berak seinalea eman diezadala. Ez da truke makala telebista aurrean arazorik gabe mantentzeko. Askoz ere hobeto ikusten dut nik telebista lagunak inguruan baditut. Beraiek, berriz, ezin dute gauza berbera esan. Ez dute jasaten nire zapping egiteko estilo zuzenegia. Joan den egunean sofatik jaiki eta etxetik ihes egin zidan batek horrexegatik hain zuzen ere. «Ez dakit zer ikusten ari garen, mesedez, nortzuk dira hauexek, eta beste horiek?», esan zidan. Nik argi neukan. Programazio guzti-guztia jarraitzen ari nintzen. Ordutegiaren arabera nahikotxo eta gehiegi suertatzen dira segundu bi kate batzuen botoia sakatzeko, kate pribatuak pribatuegiak bilakatzen ari direlako arriskutsuki. Hala eta guztiz ere, baditut nire kezka telexistentzialak. «Kalaka» itzuliko da iraila bukaera baino lehen. Aurkezle berdina izango da, Euzkitze jauna? Platoko koloreak? Eta berriketakideen zerrenda? Ikusiko al dut berriro Zapiain komandantea? Eta zer egingo dute Jose Andres Etxeberriarekin? Itzuliko al da Pako? Amore emango du Iñaki Segurolak? Eta aurpegi berrien artean beti espero izan ditudan benetako eztabaidatzaile seguru horiek egongo dira? Bederen, arren!!!!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo