Mikel Aramendi Kazetaria
Atzeraldia da etorkizuneko hitza
Hilabeteak zeramatzan tabua izaten. Ibili, analisi nahiz berriketa ustetsu guztien barrenean zebilen; baina aipatu, inork ez zuen hitz lauz argiro aipatzen, isiltasunaren konjuruak gugandik aldenduko zuelakoan edo. Azkenean, huskeria bat, datorrena badatorrela adierazten duten huskeria horietako bat nahikoa izan da tabua hauts dadin. Ehun mila lanpostu berri espero zirenean lau mila langabe gehiago agertu dira abuztuan AEBetan, eta mundu guztiak, ihesi abiatzeko ateak non dauden bila hastearekin batera, ulertu bide du ditxosozko hitza isilpean gorde- tzeak ez duela miraria erakarriko.
Hitza, noski, atzeraldia, errezesioa da. Ate joka omen daukaguna, ostiralean burtsa guztiek nozitu zuten zilipurdia hausnartze- rakoan «adituek» ia aho batez esan digutenez. Udaldian zehar jaulki diren lasaitasun mezuak eta segurantzia keinuak bazterrera utzi eta SOS deika hasteko unea iritsi delako edo. Munduko lehen potentzia ekonomikoaren motorra itotzear egon daitekeenaren aztarnak ugaritzen ari omen dira, azkarki. Eta horrek globalizazioaren sasoi honetan suposa dezakeena imajinatzeko gauza gara kaikuenok ere.
Urtero Irailaren 11 ingurumarian egin ohi digun hitzalditxorako bizarra tindatu duen Bin Ladenek eskatu dion moduan fede islamiarrera bihurtuz salbatzeko jarrera baikorregia antzematen ez zaienez ez estatubatuarrei ez haien agintariei, bestelako zein aterabide hautatzen hasten duten adi ipintzeko garaia izango da. Transatlantikoa hondoratzen denean, zenbat eta beheagoko kubertan egon orduan eta lehenago itotzen baitira pasaiariak.
Gauza harrigarri samarrak ikus ditzakegu ondorengo aste/hilabete hauetan, beraz. Adibidetzat balio dezake arestian gertatu denak: Israelek, datorren urterako, ehuneko 10 murriztu du bere defentsa aurrekontu ikusgarria. Bakezaletasunaren birusak jota edo, gerra giroa hain agerikoa denean? Baita zera ere! Estatu Batuek urtero oparitzen dioten laguntza militar potoloaren zati handi bat ez zaiolako iritsiko datorren urtean. Ekialde Ertainerako politika aldatzeko asmoa duelako Bush administrazioak, beharbada? Ez, noski: Estatu Batuek dirurik ez dutelako. Ez gizarte politikarako, ez azpiegituretarako... eta ezta esku artean dituzten abentura militarrei eusteko ere.
Arrazoiak eta gizalegeak ezin izan dutena, ekonomiaren epaiak ezar dezake derrigorrean.