Luis Larrañaga `Pizti' Irakaslea
Gorputz hezkuntzan ordu murrizketak
Hezkuntzako teknikari horiek nolatan proposatu dezakete Gorputz Hezkuntzan ordu murrizketak egotea? Logikak justu kontrakoa adierazten duenean: haurrek eta gazteek jolastu egin behar dute, horrela beraien eguneroko bizitza eta lanari hobeto, errazago eta gusturago aurre egiteko
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Departamenduak Oinarrizko Hezkuntzan curriculum dekretu proiektua maiatzean prestatu zuen abuztuan indarrean sartzeko asmoarekin. Proiektu hori hausnartu ostean ondorio nabarmenena da Gorputz Hezkuntza dela kaltetuena, astero %40 denbora gutxiago eskainiko baitzaio arlo horri. Eta hau guztia, zergatik? Zertarako? Zeren hobekuntzan?
Lehendik azaldu behar da Gorputz Hezkuntzako diplomatura titulazioak 10 urte bete dituela, lan asko egin ondoren eta gizartean ematen zaion garrantziari esker lortutakoa. Hamar urte horietan eskola desberdinetan lanean aritu garenok oso garbi daukagu arlo honek duen garrantzia gure ikasle guztien bizitza eta hauen garapenean.
Ziur asko beste arlo batzuetako emaitza txarrak ikusi eta presioen ondoren Hezkuntzako teknikariei eskatuko zitzaizkien ordu batzuk lortzea ikasketa plangintzan hizkuntzak eta matematikak indartzeko. Berez Gorputz Hezkuntzan dugun curriculuma jorratzeko astero 2,5 ordurekin arazo asko izaten ditugu eta orain 1,5 ordurekin zer egitea espero da? Gorputz Hezkuntza Jolas orduaren pare bihurtuko al da? Baina lasai, oraingoz Gorputz Hezkuntzaren inguruan ez dago Euskara, Matematika edo Ingelesaren inguruan dagoen presio sozialik. Hori bultzatzen hasi beharko dugu ezagutza arlo horrek duen garrantzia azpimarratzeko. Curriculum dekretu proiektu hau Gorputz Hezkuntzari dagokionez ezjakintasunaren ildotik, inorekin harremanetan jarri gabe, adituei iritzirik eskatu gabe eta antzinako pentsamoldeekin prestatutako proposamen «modernoa» da.
Berlinen, 1999. urtean Gorputz Hezkuntzaren inguruan mundu mailako topaketa egin zen. Hainbat herrialdetako kideek ikerkuntzen emaitzak jarri zituzten mahai gainean eta hauek izan ziren azpimarratutako Gorputz Hezkuntzaren abantailak:
Ikasleen autoestimua handitzen laguntzen du eta jarrera bortitzak garatzeko aukera gutxitzen du.
Pertsonaren garapen integrala, mentala eta fisikoa bultzatzen du.
Eskolaren aurrean dauden jarrera ezkorrak gutxitzen ditu.
Osasuna hobetzen du, lesioak eta gaixotasunak prebenitzen ditu (Diabetesa, gizentasuna, osteoporosia, estresa, Koloneko minbizia, drogomenpekotasuna...)
Eskolako errendimendua hobetzen du.
Beldurren eta depresioen aurrean eragin onuragarriak.
Gaitasun sozialen garapenean laguntzen du, lankidetza eta taldeko nortasuna sendotuz.
Kontzentrazio ahalmena eta ikaslearen partaidetza bultzatzen du.
Pentsamendu abstraktua garatzen laguntzen du.
Norbera eta besteen gorputza ezagutzea, onartzea eta errespetaztea ahalbidetzen du.
Gorputzaren gaitasunak eta mugak erabili eta ezagutu.
Hobekuntza koordinazioan, orekan eta bizitzan beharrezko mugimenduetan.
...
Abantaila hauek eta gehiago ezagutu ondoren Hezkuntzako teknikari horiek nolatan proposatu dezakete Gorputz Hezkuntzan ordu murrizketak egotea? Logikak justu kontrakoa adierazten duenean: haurrek eta gazteek jolastu egin behar dute, honela beraien eguneroko bizitza eta lanari hobeto, errazago eta gusturago aurre egiteko. Hau oinarrizko eskubide bezala onartu behar dugu. Gero eta haurtzaro motzago eskaintzen diegu eta «helduak» izatera lehenago bideratzen ditugu. Hezkuntza eta pertsonaren garapen integrala ez da gaitasun kognitiboak soilik bultzatzen lortuko. Errealitate horrekin eskolako porrota, osasun arazoekin eta ikasleen motibazio ezarekin harritu egiten gara. Derrigorrezko Hezkuntzan gorputza, jarduera fisikoa, garapen fisikoa eta osasuna oinarri nagusiak dituen ikasgai bakarra da eta prest gaude horren presentzia eta lanketa gutxitzera?
Oso arriskutsua, ezinezkoa eta ulertezina da Hezkuntzaren ikuspuntutik ezagutza arlo batzuk indartzea beste batzuen kaltetan. Arlo desberdinetako irakasleok ezin gara gure artean ika-mika horietan denbora galtzen hasi, nork bere arloari behar duen prestigioa ematen nahiko lan dugu. Ikasleek eskola orduetatik kanpo nahiko aukera badituztela kirolak eta beste jarduera fisikoak lantzeko argudiatuz ezin da justifikatu horrelako neurri atzerakoi bat. Argudio horri eutsiz Ingelesa bera ere murriztu egin beharko genuke ikasle gehienak ingelesako eskolaz kanpoko klaseetara joaten direlako.
Hezkuntza Departamenduak benetan ikastetxe desberdinei ordutegi mailan gutxieneko autonomia eskaintzera ausartzen baldin bada (Astean 25 ordutik 5 soilik ikastetxeak bere beharren arabera antolatzeko aukera) zergatik ez utzi eskola bakoitzaren autonomian arlo guztien ordu banaketa? Eta curriculum osaketan ere, zergatik ez utzi ikas- tetxei autonomia osoz antolatzen? Kontratazio berririk egin gabe ikasleen eskola ordutegia handitzea izango al da hurrengo proposamena? Eskola zer ari da bihurtzen? Ikasleak hezitzeko gune edo umeak zainduta eta aparkatuta ahal den denbora gehienean uzteko leku?
Gorputz Hezkuntzak instalazio egokiak, irakasle prestatuak eta ikasketa plangintzan astero ordu kopuru minimoa behar ditu gutxieneko kalitatea eskaintzeko: astean gutxienez 2,5 ordu. Hortik beherakoak sinbolikoak izango dira. Horrekin batera garrantzitsua da irakasleak etengabe prestatzen eta erreziklatzen joatea, ikerkuntza bultzatuz. Gu profesionalak garen aldetik bide honetatik goaz, baina ezinbestekoa da Hezkuntza Departamenduari ordu murrizketaren proposamen hori atzera botatzeko eskaera egitea, gure seme-alaben bizi kalitatearengatik eta etorkizuneko gizarte osasuntsuaren alde.
Eskolan ez da Hezkuntza onik egongo behar bezalako Gorputz Hezkuntzarik gabe.