GARA > Idatzia > Editoriala

Gizartearen aurrean erasotzaile gisa ageri

Amnistiaren aldeko mugimenduak azken hiru hamarkada luzeetan egin duen bezala Kontxako egunean presoen aldeko aldarrikapena eraman zuen, atzo, Donostiako karriketara. Batek baino gehiagok larrutik ordaindu bazuen ere, milaka hiritarrek euskal gizartearen gehiengo zabal batek bere egiten duen aldarrikapena defendatu zuten. Ertzaintzaren jarrera bortitzari aurre eginez, hiritar multzo handi horrek presoak eskubideak dituztela -horietatik lehenak, Euskal Herrian izan behar dutela dio- eta eskubideak bete behar direla aldarrikatu zuen. Herri honek bestelako etorkizuna merezi duelaz jabeturik, inoren aurka joaten den askatasun demokratikoen aldeko mezua zabaldu zuen. Izan ere, Javier Balzak buru duen departamenduak jarrera tematia ageri du herri honek pairatzen duen gatazka politikoarekin harreman oso garbia duen aldarrikapena isilarazteko. Beste modu batean esanda, autodeterminazioaren aldeko oihua kaleetatik ezabatzeko.

Birritan debekatu zuen Balzak amnistiaren aldeko mugimenduak aurkezturiko mobilizazioa, eta askoz zentzudunagoak ziruditen irtenbideak baziren ere, atzo, arraunzaleentzat egun handia den Kontxako bandera jokatu zelako, hiriko kale nagusiak poliziaz betetzea erabaki zuen. Manifestazioak debekatzeko orduan presoen aldeko deialdia bateraezina zela kirol festarekin argudiatu zuen Balzak. Atzo, ordea, ez zuen enbarazu handirik izan Donostiako erdialdea betetzen zuen jendetzaren aurrean argi uzteko zeinek jartzen duen arriskuan festa giroa. Ertzaintzak zapuztu zuen kaleko lasaitasuna, ez beste inork. Sailburuak ordezkatzen duen sektorea, dirudienez, prest dago irudi txar horren kalte-ordaina ordaintzeko. Madrilgo agintariek indarrean ezarri duten «ezker abertzalea kaleetatik ateratzeko» estrategiari laguntzearren, nolabait barneraturik dute euskal gizartearen begi-bistan independen- tismoaren aurkako ezpata ageri behar dutela. Inork gutxik eskatu zion Balzari atzoko polizia oldarraldia. EAJn bizi den barne lehian kokatu daitekeen hautu horren arrazoiak sailburuari dagokio azaltzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo