Euskarak ehunka euskaltzale bildu ditu, beste behin ere, Mairuelegorretan
Gorbeia azpiko kobazulo ederra bete egin da, euskararen aldeko oihuaz gain, ospakizunerako arrazoi garrantzitsua izan duen urtean: Udalak haitzuloan gauzatu nahi zuen proiektu turistikoa bertan behera utzi du.
Txotxe ANDUEZA |
Zigoitiako udalerriak biltzen dituen herrietako biztanleek Zigoitia Euskaraz ekimena antolatzen dute urtero, eta atzo, eki- men horretako izarra ospatu zuten, Mairuelegorretako jaialdia. Ehundaka euskaltzale bildu ziren Gorbeia azpiko haitzulo ederrean, egunak ekarri zuen eguzkiaren argitasuna eta beroa medio, kobazulo barruko iluntasuna, hezetasuna eta hotzari aurre eginez.
Goizeko 11etan hasi zen ekitaldia. Ordurako, ehunka euskaltzale Mairuelegorreta barruan ziren, bide aldapatsu baina ez oso luzea egin ondoren eta kasu askotan hamaiketako indarberritzailea hartuta.
Barruan, agertokiaren inguruko maldetan eta kobazuloko paretek eskaintzen dituzten eserleku naturaletan, mila pertsona inguruk aretoa lepo egin arte bete zuten. Bi bertsolarik aurkeztu zuten ekitaldia.
Abesti mitikoak
Hasteko, batukadaren erritmo indartsuek bertaratutakoen oinak dantzan jarri zituzten. Ondoren, Zigoitiako herritarrez osaturiko Kiriko abesbatzak Euskal Herriko musika-tradizioaren zati txiki bat ekarri zuten gogora. Goitibera antzerki taldeak, Zigoitiako herritar batzuek osatua ere, umorea jarri zion jaialdiari. Eta azkenik, Ezpata dantzak jarri zion amaiera ekitaldiari.
Mairuelegorretako jaialdi ikusgarria Pantxoa eta Peioren abestiekin iritsi zen bere puntu gorenera. Izan ere, haitzuloak eskaintzen duen giroa, bi abeslarien ahotsen edertasuna eta haien kanta ezagunek nahasketa ezin egokiagoa sortu zuten. Abeslariek gogorarazi zuten bezala, atzokoa agertoki horretan abesten zuten bigarren aldia izan zen, duela 32 urte ere Mairuelegorretan ospatzen zen jaialdian parte hartu zuten-eta. Hala ere, gazteek eta ez hain gazteek, denek lagundu zieten Pantxoa eta Peiori, haiek atera zituzten kanta mitiko guztiak abesten.
Gorbeia bizirik
Zigoitia Euskaraz ekimenaren bidez, zigoitiarrek euskararen aldeko beren apostua berretsi egiten dute. Aurten, ordea, euskarak duen protagonismoari, eta euskal presoek, urtero, jasotzen duten elkartasunari, beste elementu bat gehitu zaio Gorbeiako magaletan bizi diren herritarrei.
Duela urtebete ezagutu zuten Mairuelegorreta gune turistikoa bihurtzeko Udalaren proiektua bertan behera utzi du aste honetan Udalbatzak.
Proiektuaren aurkako erantzuna antolatzen ibili den Gorbeia Bizirik taldeak urte honetan zehar zigoitiarrek eginiko lana txalotu eta eskertu zuen.
Azken urteotan bezala, bizikleta martxa batek eman zion hasiera aurtengo Zigoitia Euskaraz ekimenaren egitarauari. Horrez gain, umeentzako tailerrak, dantzak, herri kirolak... osatu dute jai egitarau zabala