TENIS | Estatu Batuetako irekia
Heninek arerioekiko aldea izugarria dela berretsi du
Kuznetsovari erraz gailendu zitzaion New Yorkeko finalean 6-1 eta 6-3
GARA | NEW YORK
Iazko «bigarren postuaren sindromea» gaindituta, gainontzekiko arerioengandik pauso bat aurrerago dagoela erakutsi zuen atzo Justin Heninek Estatu Batuetako finala erraz irabazi ostean. Gaur egungo emakumezkoen zirkuitoan areriorik ez du Heninek eta aise nagusitu zitzaion, 6-1 eta 6-3 Svetlana Kuznetsova errusiarrari, bere palmareseko zazpigarren Grand Slama eskuratuz.
Liejako tenislariak 2006. urtetik darama WTA rankingeko lehen postuan eta urrun ikusten da inork leku horretatik kenduko duen eguna. Hala ere, arantzatxo bat sartua zuen Heninek iaztik, jokatutako lau final handietatik, Pariskoa kenduta gainontzeko guztietan, galdu ostean. Azken garaipen horrekin 2003. urtean irabazitako New Yorkeko irekiko erregetza berreskuratu zuen.
Oso erregularra
Lehiaketetara itzuli diren Williams ahizpek, lesionatuta jarraitzen duen Amelie Mauresmok edo Maria Sharapova errusiarrak oso irregularrak izaten jarraitzen duten bitartean, Justin Henin txapeldunak gainontzeko areriengandik oso urrun jarraitzen du.
Kuznetsova da adibide garbia. Munduko laugarren postuan heldu zen errusiarra Estatu Batuetako irekira eta oso burumakur utzi behar izan zuen lehiaketa. 2004. urtean txapelketa irabazi ostean, errusiar eskolaren izar berrietako bat zirudien baina amore eman zuen egungo jokalaririk onenenaren aurrean.
New Yorken ibilbide oso erraza izan du errusiarrak, oraindik gauza handiak egiteko berdeegiak dauden jokalarien aurka jokatzea egokitu zaiolako. Errusiarrak Agnes Szavay hungariarra edo Viktoria Azarenka bielorrusiarraren aurka jokatu behar izan duen bitartean, Heninek Williams arrebak menderatu behar izan zituen finalerdi eta final laurdenetan.
Hala ere, finalean ez zuen egindako esfortzua nabaritu. Gainera Kuznetsova Heninengandik hainbat ilargi urtetara dago edo itxura hori eman zuen behinik-behin Estatu Batuetako irekiko finalean, erusiarrak ordu eta erdian 30 behartu gabeko huts egin baitzituen, lau joko baino ez lortzeko.
Muskuluak, indarrak eta abiadurak tenisean sekula baino garrantzi handiagoa duen garai hauetan, Justin Heninek garai bateko tenisarekin ere irabaz daitekeela erakusten du. Liejako tenislariak 167 zentimetro ditu luzeeran eta 57 kilo baino ez ditu pisatzen, baina bere talentuarekin ez die inolako inbidiarik Venus eta Serena Williams edo Amelie Mauresmoren beso gihartsuei.
2005. urtean birus batek lehiaketatik kanpo utzi zuen, bere bizitza pertsonalean izandako hainbat arazok bere errendimenduan eragina izan zuten, baina beste tenislariak telebista kamaren distirak itsutzen dituen bitartean, Heninek tituluak irabazten jarraitzen du.
Federerrek hambigarrena nahi
Emakumezkoen kasuan baina askoz ere nabarmenagoa da gizonezkoetan Roger Federerrek duen nagusitza eta suitzarrak laugarren garaipena bilatuko du New Yorkeko pistan.Egungo rankingeko bat zenbakiak Nikolay Davydenko errusiarra (7-5, 6-1 eta 7-5) egurtu zuen finalerdietan eta Novak Djokovic serbiarraen aurka jokatuko du finala.