Lasaitasuna
Gazteek bereziki eskertuko duten egoera
Balaidosen eskuratutako garaipenak taldea eskaintzen ari zen jokoa saritu zuen, baita talde gorriurdinak lan egiten jarraitzeko behar zuen lasaitasuna handitu ere
Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR
Horrelakoa da futbolaren -eta, oro har, edozein kirol profesionalen- legea, emaitza da balio duen bakarra, irudia, lana edo ikuskizunaren gainetik. Horregatik da hain garrantzitsua Eibarrek larunbatean lortu zuen garaipena.
Gorriurdinek irudi ona eskaini dute denboraldiaren hasieratik, baina lehen bi jardunaldietan eskuratutako puntu bakarrak aldagelak behar zuen konfiantza mehatxatzen zuen. Balaidosetik ekarritako hiru puntuek egon zitezkeen zalantza guztiak uxatu ditu, eta, batez ere, taldeak lan egiten jarraitzeko behar zuen lasaitasuna handitu dute.
Egoera berri hori jokalari gazteenek eskertuko dute batez ere, Eibarren onartzen dutenez. Lluis Codinak azaldu zuen bezala, «maila honetan denbora gehiago daramagunok badakigu denboraldia zaila eta, batez ere, luzea dela; partida asko daudela eta hasieran emaitzak ez heldu arren, ibilbidea sendotzeko aukera asko edukiko duzula. Horregatik garaipen hau eskergarria da: guztiontzat, beteranoentzat ere, baina batez ere jokalari gazteenentzat. Orain taldea sailkapenaren erdialdean ikusiko dute eta gutxiago sufrituko dute, lasaiago entrenatuko dira, alaiago, eta hori entrenamenduetan eta baita partidetan ere nabaritzen da».
Javi Perezen ustetan ere, lehen garaipena lortzeak bere isla izan dezake bai astean zehar, baita hurrengo partidetan ere. «Jokalarientzat ona da, batez ere maila honetan estreinatu direnentzat. Oso ondo lan egiten ari dira, baina emaitzek laguntzen ez dutenean nolabaiteko zalantzak sor daitezke. Garaipen honek ziurtasuna eskainiko digu guztioi», adierazi zuen.
Ez da Celtaren aurkako partidak utz dezaken onura bakarra. Bigarren zatian irten ziren jokalarien -hauetako bi, Nico Medina eta David Zurutuza, mailan berriak ziren, hain zuzen ere- ekarpena erabatekoa suertatu zen eta horrek eragina izan dezake ere, Codinaren ustetan. «Irten ziren hirurek parte hartu zuten golean eta hori positiboa da ere. Bigarren zatian irteten denak bere aukera aprobetxatzen badu, hasieratik joka dezakeela demostratzen badu, ona da berarentzat eta baita taldearentzat ere, zelaian daudenak gehiago saiatu behar direlako. Azken finean, guztion jarrera egokia dela eta lehiakortasun handia dagoela esan nahi du guzti horrek eta hori beti da ona talde batentzako», azpimarratu zuen erdilariak.
Lanera
Baikortasunez eta lasaitasunez lan egingo du Eibarrek, beraz, datorren igandean jokatuko duen Nasticen aurkako partida zaila prestatzeko.
Atzo atseden hartu ondoren, gorriurdinak gaur itzuliko dira Ipuruara, 10.30etatik aurrera lan egiteko.