GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Errezesioaren azelerazioa

Ekonomia txarrerako bidean sartuko omen da hemendik gutxira, azken hilabeteetan ibili duen onerako bidetik aterata, burtsa-zale adituen ustez. Tira, aparte utzita ekonomian zer, non eta norentzat den txarra eta zer, non eta norentzat den ona, errezesio aldia omen dator Europara, nonbait Estatu Batuetan, kredituen iruzurraz gain, uda partean gora egin duelako langabetuen kopuruak. Globalizazio kontua: kausa non, efektua beste puntan, baina irabaziak beti irabazleen eskura. Horra orain ez asko prentsako ekonomia orrietan iraku- rria: Erresuma Batuan hartutako ganbak Txina aldera eramaten dituzte han eskuz zuritu ditzaten eta, behin zurituta dau- dela, Erresuma Batura bueltatzen dituzte merkatura bideratzeko; tira, litekeena da ganba-kutxa izoztuak Txinan saltzea, eta zuritzaileren batek erostea ere! edota Kioton! Beharbada, hortixe dator gaztelerazko hacer el gamba esate hori, zorakeriatan ibiltzea, beraz. Ekonomia eroa! Eronomia! Ahaztu egiten dute burtsa-zaleek ekonomiak ondasunak ez ezik, hondamenak ere sortzen dituela, horiek baino gehiago, eta esku eta lurralde diferenteek jasotzen dituztela batzuk eta besteak. Total, errezesio aldia datorkigula, desazelerazioa. Lasaitu ederra gero galtzadako galipoterako!

Errezesioa eraikuntzan gauzatuko bide da gehien, adituak aditu. Hori horrela, errezesioa lagundu behar dugu eta baliatu ere euskal lurraldeen orubeetan bestelako eraikuntza sustatzeko. Kontrarioek, ostera, jo eta ke dihardute eraikuntzaren alde, errezesioa badator ere, eta desazelerazioa datorrelakoan aldapa guztietan nahi dute desazelerazio-erreia zabaltzea, gorako norabidean bertan ere. Are gehiago, gaur egunean aldaparen batean errepiderik ez bada, errepidea zabalduko dute lehenik eta desazelerazio-erreia gero, norabide bietan zabaldu ere; azken batez, desazelerazio-erreiak errepidea eskatzen du aurretik. Beharbada, horrexegatik paratu dute modan saihesbidea, hiriguneak ez ezik, eraikuntza horren atzean etorriko diren bestelako eraikuntzen eztabaida publikoa ere saihesteko. Hau komeria! Errepideak gero eta gehiago, gero eta zabalagoak diren honetan, 4x4 lur orotako autoak gero eta gehiago merkaturatzen dira. Zeinek ulertu? Eronomia! Jelkideak behintzat saiatzen dira lanpostuak eskaintzen; kimikari plaza bat atera berri dute EBB-ren errezesioa desazeleratzeko. Hau dun/k hau!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo