BAT EGIN EGUNA
San Pedro zelaian, elkartasuna eta jaia
Bat Egin Egunak, bigarren urtez, milaka lagun bilduko ditu irailaren 23an Altsasu-Urdiaingo San Pedro zelaian. 18/98 sumarioan eta egitear dauden beste epaiketetan auzipetuta daudenei elkartasuna helarazteko jaia izango da, baina baita ongi pasatzeko eta paraje ezin ederrago horretan arnasa hartzeko eta indarrak biltzeko aukera egokia ere. Auzolana eta elkarlana dira horrelako ekimena antolatzeko oinarri ezinbestekoak. Sakanan ondo baino hobeto dakite hori.
Amaia UGARTE
Heldu den iganderako dena pronto egon dadin lanean buru belarri ari dira Sakanako hainbat lagun. Dena ongi atera dadin lana franko egin behar duten arren, aurten ere ilusioz hartu dute erronka, argi baitute Bat Egin Eguna «jai berezia» dela eta «elkartasun adierazpen erraldoia» dela.
Mikel Galartza antolakuntzan ari direnetako bat da eta, azaldu duenez, horrelako jaia prestatzeak auzolanean aritzea eskatzen du eta Sakanako bizilagunak taldeka antolatzen dira. Batzuk muntaketaz arduratuko dira, agertokia, txosnak eta espazioa atontzen.
Beste batzuen zeregina lehen unetik festa gunea txukun eta garbi edukitzea izango da, eta trafikoa bideratzeko ardura beste talde batek hartuko du; bidea eta aparkalekuak seinalatu... kaosa nagusitu ez dadin.
Ogitartekoak prestatzen, argiztapen lanak egiten eta logistika kontuak antolatzen beste hainbat lagun ari dira abuztuaz geroztik.
Galartzak aitortu duenez, horrek guztiak jende mordo baten ahalegina eskatzen du eta sakandarrak «hustu» egiten dira langintza horretan. Altsasu eta Urdiaingo udalen laguntza ere izan dutela aipatzekoa da.
Buruhausterik handiena zerk eragiten dien galdetu eta «azti lanetan jardutea» erantzun digu. Izan ere, festaren helburuetako bat auzipetuei laguntzeko dirua biltzea izaki, «kezkagarriena da asmatuko ote dugun: janaria eta edaria sobera izango diren...».
Neketsuagoak diren beste egiteko batzuk ere badaude, lan fisikoa eskatzen dutenak, baina, «festak berea eman badu eta ondo eta pozik bazaude, ondokoak lan erosoagoak eta errazak izaten dira».
Bazkaria 1.300 lagunentzat
Izan ere, Galartzak uste du Bat Egin Egunak «osagai bereziak» dituela eta «elkartasun nazionalak» bultzatzen dituela Sakanako biztanleak antolakuntzan buru-belarri parte hartzera, «oraingo oldartzearen aurrean».
Aldi berean, ordea, «arnasa hartzeko festa» ere badela nabarmendu nahi izan du, «zentzurik borobilenean», San Pedro zelaia eta basoa toki egokia baitira «arnasa hartzeko eta indarra biltzeko».
Bat Egin Egunera Laudiotik iritsiko den sukaldari taldeak ere ez du erronka makala izango, izan ere, mila lagunentzat babarrunak prestatu beharko baitituzte. Hala ere, ez dira berriak zeregin horretan eta hainbat urtetako eskarmetuak (Egin Eguna ospatzen hasi zenetik) bermea ematen die.
Hogei pertsona ariko dira sukaldean, eta beste hogeita hamar inguru zerbitzatzen. 150 kilo babarrun erabiliko dituzte, eta gainerako osagaiak -txorizoa, odolkiak...- Aiara bailaratik eramango dituzte, «apartekoak baitira», Isidro Murga sukaldarietako batek ziurtatu duenez. «Tresneria eta baliabide egokiak izanda, eta kontu pixka batekin», ez omen da zaila erronka horri aurre egitea.
Dena dela, babarrunak gustuko ez dituztenek paella ere izango dute. Sakanako talde batek prestatuko du, 300 lagunentzat.
Euria eginez gero, Etxarri Aranatzera
Osagai horiekin eta prestatu duten egitarauarekin, jaia borobila izan dadin osagai bakarra faltatuko da: eguraldiarena. Hala ere, antolatzaileeak aukera hori ere aurreikusi dute eta euria eginez gero festa Etxarri-Aranatzen egingo litzateke.
Nolanahi ere, aldaketaren bat baldin badago garaiz jakinaraziko dute.
AGERTOKIAN
10.30 Aurkezpena
11.00 Pirritx eta Porrotx
12.00 Urduñako jotariak
12.15 Apurka Taldea
13.00 Ekitaldia (kalejiran)
16.30 Edan Taldea
17.15 Amaiur Taldea
18.30 Eskultura baten zozketa
JATEKOAK
14.30 BAZKARIA: Babarrunak edo
paella. Kafean, bertsolariak
EGUN OSOAN:
Castroko sardinak
Leioako talogileak
Lazkaoko talogileak
Urduñako txitxi burruntziak
BASO
ANIMAZIOA
TXIKIGUNEAN
12.00-18.00 Txikigunea
12.00-13.00 Goloka
17.00 Kukubiltxo
HERRI-KIROLAK
TXOSNETAN
Orkresta Nazional
SARRERAKO PISTAN
12.00-16.00 Torikagua
Los organizadores del Bat Egin Eguna han advertido de que estará totalmente prohibido hacer fuego en todo el espacio festivo, por lo que no se podrán encender barbacoas ni parrillas, debido al peligro que ello podría representar.