GARA > Idatzia > Gutunak

Endika rodriguez garzia STEE-EILASeko kidea. Gasteiz

Gasteizko Udal Haur Eskolak. Norantz?

Orain gutxi bukatutako Udal Haur Eskoletako hezitzaileen EPEa (Enpleguaren Eskaintza Publikoa) iragarritako porrota izan da. Horrela iragarri zuen bere garaian STEE-EILAS sindikatuak eta Udaleko Langileen Batzordeak berak ere. 300 pertsonak izena eman ondoren, eskainitako 82 lanpostuetatik 11 besterik ez dira bete, eta inork ez du pentsatu behar emaitza kaxkar horiek Gasteizko 17 Udal Haur Eskoletan urte asko lanean daramatzaten hezitzaile interinoen lanerako gaitasun eskasaren ondorio direnik.

EPE honetan eskatutako maila desegokia ez da kasualitatea. Gure ustez, Udaleko talde nagusiek Udal Haur Eskolen etorkizunaren inguruko zalantzekin hasi eta gertaera desberdinen kate luze baten amaiera besterik ez da. Zalantza horiek aspalditik adierazi egin dira eta ez dira publikoki aurkeztu, gizartean hezkuntza proiektu aitzindari eta eredugarri honek sortzen duen harrotasunaren ondorioz oso gaizki ikusiko litzatekeelako.

Ildo horretatik, gogoratu behar da, otsailaren 23ko Udaleko osoko bilkuran PP eta PSOE abstenitu egin zirela eta, ondorioz -hauteskundeetako interes zehatzetatik haratago-, airean geratu zen Alonso alkateak (2004an) legez kanpoko dekretu harekin desegiten hasi zen sarearen indartzearen aldeko apustua.

EPEaren deialditik hasita, dena norabide berean joan da: bakante kopuruaren erdia bakarrik eskaini da, azterketa prestatzeko bi hilabeteko epea bakarrik emanda, eta Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko EPEarekin batera; beste batzuetan gertatu zen bezala, bertan behera uzteko zalantza une oro gainean egon da; hobeto prestatu ahal izateko lan utzialdiko eta lanaldi murrizketako baimenak ez dira onartu; dezimononikoa den proba-egitura ezarri da, azterketa bera bi kategorientzat, egun berean lau azterketa desberdin denbora laburrean egin beharrekoak... eta, batez ere, ebaluatzeko orduan, irizpide oso desegokiak ezarri dituzte. Helburua, antza, esparru horretako funtzionarioen kupoa gehiegi ez handitzea zen, etorkizunean eman beharreko pausoak ez oztopatzeko. Ez gaitezen erratu: hasieratik komeria baino ez da izan eta inork ez zuen istorio horretan sinesten.

Ikasturtea hasita eta udal hauteskundeak bukatuta, sarearen etorkizuna zehazteko ordua iritsi da 17 Udal Haur Eskoletan. Hiritarrek egia jakiteko eskubidea dute. Udal ordezkari guztiek argi hitz egin behar dute eta, batez ere, une honetan alkatetza duenak.

STEE-EILASen ustez, erabateko EPE batera lehenbailehen deitzeak bakarrik aldenduko luke gure zalantza, alderdi politiko gehienen helburua Udal Haur Eskolak Partzuergoaren baitan integratu eta beren izaera betiko galtzea ote den zalantza, alegia. Gasteizko hiritarrek jakin beharko lukete aldaketaren ondorioz zer galtzen duten, eta horrek ez du esan nahi Eusko Jaurlaritzak 0-3 ziklo honetarako duen proiektua txarra denik beste udalerrietarako. Baina hemen ez geunden ezer gabe eta ez dugu nahi dena bertan behera uztea, kalitatezko sistema publiko bat baikenuen, nazioarteko ezagutza duena eta modu eredugarrian funtzionatzen duena. 0-3 hezkuntza mailan gure hiriko erronka hauxe litzateke, eskaintza publikoaren bateratzea (egun, hiru eredu publiko ezberdin dira), aurreko lorpenak galdu gabe. Hau da hezkuntza administrazioek beren gain hartu behar duten ardura.

STEE-EILASek Gasteizko Udal Haur Eskolen sarea mantentzea eta eredu hori hezkuntza sistema publikora zabaltzea defendatzen jarraituko du. 0-3 zerbitzuaren orokortzeaz gain (oraindik familia asko daude 0-3 zikloan tokirik ez dutenak), ez da ahaztu behar ikasleen garapen osoa dela eskolaren azken xedea, eta familiaren eta lanaren arteko bateragarritasunaren erantzukizun osoa beren esku bakarrik uztea ez dela bidezkoa izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo